Eusko Legebiltzarrak segurtasun publikoari buruzko osoko bilkura monografikoa egingo du, EAJk eta PSEk eskatuta
Eusko Legebiltzarrak Euskadiko segurtasun publikoaren egoerari, erronkei eta politikei buruzko osoko bilkura monografikoa egingo du, EAJ eta PSE-EEk eskatuta.
Bi alderdiek eskaera erregistratu dute Legebiltzarrean, eztabaidaren abiapuntua Basque Segurtasun Foroa (Segurtasunaren Euskal Foroa) jardunaldiaren ondorioak izan daitezen eta etorkizuneko 2026-2030 Segurtasun Plan Integralaren orientabide gisa baliatzeko.
"Segurtasun-arazoak ukatzen dituztenen eta politikoki erabiltzen dituztenen aurrean, uste dugu gauzak diren bezala hitz egin behar direla. Segurtasun-arazoak daude, eta onartu egin behar ditugu horiei konponbidea eman ahal izateko; izan ere, ongizatea kalean lasai ibiltzea ere bada", azaldu du Joseba Díez Antxustegi jeltzaleak.
Bestalde, Miren Gallastegui sozialistak defendatzen duenez, "segurtasun-politikak zorroztasunetik eraiki behar dira, gizartean dauden kezkak ukatu gabe, baina ez gaindimentsionatu, ezta diskurtso alarmistak elikatu ere".
EAJk eta PSE-EEk uste dute osoko bilkura monografikoak diagnostiko partekatu bat lortzeko balio behar duela, lehentasunak finkatzeko eta Euskadik datozen urteetan izango duen segurtasun ereduaren inguruko akordio zabalak adosteko.
Eztabaidaren abiapuntua Basque Segurtasun Foroan egindako 33 topaketetan jasotako ondorioak izango dira. Ia mila lagunek hartu dute parte topaketa horietan, besteak beste, erakundeetako, polizia-kidegoetako eta larrialdi-zerbitzuetako ordezkariek, gizarte-erakundeek, eragile ekonomikoek, hezkuntza-arloko eragileek eta elkarteek.