Udaberriko eguraldia astebururako, baina hodeiak ugaritu eta tenperaturak jaitsi egingo dira
Osteguneko giro eguzkitsuaren ondoren, ostirala tenperaturen jaitsierarekin dator. Hodeiak ugarituko dira eta euria ere ager daiteke. Larunbatean eta igandean, berriz, prezipitazioak izateko probabilitatea txikia izango da eta, oro har, giroa udaberrikoa izango da.
Ostirala hodeitsu egongo da, erdi mailako eta goi-hodeiekin. Arratsaldean hodeitza trinkoagoa iritsiko zaigu hegoaldetik eta baliteke euria eta zaparrada trumoitsuak egitea, batez ere hegoaldean eta mendebaldean. Eguerdi inguruan lasaialdi txiki bat izango da, Euskalmeten pronostikoaren arabera.
Goizean hego-ekialdeko haizea ibiliko da; eguerdian ipar-mendebaldera egingo du kostaldean eta arratsaldean iparraldera egingo du barnealdean.
Tenperatura minimoak 15º ingurukoak izango dira Bilbon eta Donostian, eta 10º ingurura jaitsiko dira Iruñean eta Gasteizen. Maximoak, berriz, 23º ingurukoak izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Larunbata eta igandea
Larunbatean, behe-hodeiak nagusituko dira goizean, batez ere isurialde kantauriarrean, eta giroa grisagoa izango da. Orduak pasa ahala, ostarteak zabalduko dira, baina zerua ez da guztiz garbituko. Hegoaldean, arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira, eta zaparrada trumoitsu bakan batzuk bota ditzake.
Tenperaturetan ez da aldaketa handirik espero minimoei dagokienez; maximoak, ordea, apur bat jaitsiko dira, bereziki isurialde kantauriarrean. Bilbon eta Donostian 20º ingurukoak izango dira; Iruñean eta Gasteizen, berriz, 23º-tik gorakoak.
Igandean, antzeko eguraldia izango da. Behe-hodei ugari izango da ipar isurialdean, baina ostarteak zabalduko dira eguerdi inguruan.
Hegoaldean eguzkitsu egongo da; arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira eta zaparrada bakan batzuk izan daitezke. Norabide aldakorreko haizea ibiliko da eta arratsaldean ipar/ipar-ekialdetik finkatuko da, bolada gogor batzuekin Araban. Tenperatura maximoak pixka bat igoko dira.
Astelehenean, goizean goiz lainoa eta lanbroa ager daitezke. Oro har, zerua hodei gutxirekin egongo da. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da, tarteka biziago. Tenperaturetan ez da aldaketa handirik izango, edo apur bat igoko dira.