Izoztutako ur ontziak eta 'selfie'ak, sareko arrakasta nagusiak
Ohiturari jarraituz, sare sozialek urteko eduki arrakastatsuenen bildumak egin dituzte.
Youtubek, adibidez, ‘YouTube Rewind’ muntaia editatu berri du. Erabiltzaile ezagunek eta, batez ere, AEBetako pertsonaia ospetsuek dantzatutako abesti entzutetsuenak biltzen dira bertan, hala nola, Iggy Azalearen ‘Fancy’, Pharrel Williamsen ‘Happy’ edo Frozen pelikulako ‘Let it go’. Horrez gain, 2014ko fenomeno biralak ere ikus daitezke irudien artean.
Nolanahi ere, izoztutako ur ontziak burutik behera botatzeko lehiaketa (Ice Bucket Challenge) da, ezbairik gabe, Youtuben gehien ikusitako bideoa; izan ere, argitaratu eta gutxira, 11 milioi pertsonak baino gehiagok ikusi zuten.
Facebookek ere egin du bere urteko laburpena. Kasu honetan, kirolak, pertsona ezagunen heriotzak eta, nola ez, Ice Bucket Challenge lehiaketa izan dira eduki ikusienak.
‘Felling nostalgic’ izenburupean, Facebookek bideo hunkigarria zabaldu du, komunikabideetan albiste izan diren gertakariak bilduta, Munduko Futbol Txapelketa, Brasilgo hauteskundeak, ebola izurritearen ondorioak edo Melson Mandela eta Robin Williams aktorearen heriotzak, esaterako.
Aurten gehien entzun diren abestien harira erabiltzaileek egindako antzeratuak ere ikus daitezke aipatu bideoan.
Horrez gain, iruzkin gehien izan dituzten hamar gaiak zeintzuk izan diren jakinarazi du Facebookek. Hauek dira:
1. Munduko Futbol Txaplekta
2. Ebola izurritea
3. Brasilgo hauteskundeak
4. Robin Williams
5. Ice Bucket Challenge
6. Gazako gatazka
7. Malaysia Airlines
8. Super Bowl
9. Michael Brown / Ferguson
10. Sotxiko Joko Olinpikoak
Twitterrek ere egin du bere bilduma propioa. 2014an, Estatuan, gehien txiokatu diren gaiak hauek izan dira: Felipe VI.aren aldarrikatzea, Goya sariak eta Munduko Futbol Txapelketa.
Bestalde, Oscarretako ‘selfie’a izan da gehien bertxiotu den edukia, munduan. Kirolak, telebistari lotutako gaiak eta ‘selfie’ak izan dira plataforma honetako protagonista nagusiak. Errege Etxea, Ferran Adria edo Simeone dira aurten Twitter kontua estreinatu dutenak.