Donostia 2016k, literaturarekin bat '2016 Irakurketa' egitasmo berrian
Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak, Andoni Arantzegi Gipuzkoako Liburu-saltzaileen Elkarteko presidenteak, Arantza Urkia Donostiako Udal Liburutegien Sarearen zuzendariak eta Raquel Ares Arquimaña arkitektura estudioko arkitektoak aurkeztu dute "2016 Irakurketa" proiektua.
Nobela, saiakera, komiki, ipuin eta poema-bildumak eskuragai egongo dira urte guztian zehar liburu-saltzaile, liburuzain eta editoreek gomendatutako liburuekin, ad hoc sortutako liburu-erakustokietan.
Liburuak Donostiako 17 liburutegitan (Udal liburutegiak, Tabakalera, Koldo Mitxelena) eta 9 liburu-dendatan izango dira eskuragarri urte guztian zehar. Gainera, Irunen (Elkar), Tolosan (Elkar), Bergaran (Elkar), Elgoibarren (Pitxintxu) eta Durangoko liburutegian ere egongo da horietaz gozatzeko aukera.
Irakurketa sustatzea, literaturaren inguruan lanean diharduten eragileen arteko elkarlana bultzatzea, idazlea eta irakurlea hurbiltzea eta diseinuaren alde estetiko eta funtzionala uztartzea du helburu "2016 Irakurketa" egitasmoak.
Ekimen honek hiru egitasmo izango ditu: (e)zinezko elkarrizketak, Munduko liburu-saltzaileen topaketa eta Mapa literarioa.
Liburu-erakustokiak
Arquimaña arkitektura estudioak eta Errenteriako Yurrita aroztegiak 32 liburu-erakustoki sortu dituzte elkarlanean.
Donostia 2016 Fundazioak lehiaketa publikoa deitu zuen apalategi horiek sortzeko, eta bi hilabete behar izan dituzte horiek guztiak egiteko. Egurrezko egitura dute, eta polipropilenozko sokak ere erabili dituzte horretan. Fabrikazio-prozesuan, azken teknologia eta artisautza lana uztartu dira.
Proiektuaren baitako hiru egitasmo
Egitasmo honek 2016an gertatuko diren hainbat ekimen hartuko ditu bere barnean.
1. (e)zinezko elkarrizketak
Liburu-dendek proposatutako hainbat elkartze ‘berezi’ izango dira proiektuan parte hartzen duten liburu-dendetan.
Martxelo Otamendi & Gorka Landaburu, martxoaren 11n, Garoa liburu-dendan. Gure herriaz: atzo, gaur eta bihar. Bi kazetariok Euskal Herriko garai bortitzenak ezagutu, bizi eta pairatu dituzte. Solasaldiaren amaieran, liburu bana oparituko diote elkarri.
Miguel Usabiaga & Borja Semper, apirilaren 15ean, Donosti liburu-dendan. Literatura eta memoria historikoa. Miguel Usabiaga, El caso Martana eta Las flores de la república liburuen idazlea, Frankismo garaian 21 urte kartzelan eman zituen Marcelo Usabiaga errepublikanoaren semea da. Bojar Semper, berriz, PP alderdiko politikaria eta idazlea da.
Jasone Osoro, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte, maiatzaren 25ean, Pitxintxu liburu-dendan. Hiru emakume, hiru idazle: bertakoa eta unibertsalaren artekoa. Hiru idazle elgoibartar hauek hainbat gairi buruz mintzatuko dira; Elgoibar eta literaturaren arteko harremanaz, literatur ibilbideaz eta literatura eta feministoaz, esaterako.
Ander Izagirre & Iban Zaldua, ekainaren 29an, Hontza liburu-dendan. Literatura eta bidaiak. Idazle nomadak eta idazle sedentarioak, hizpide.
Ramon Saizarbitoria & Fernando Aramburu, urrian, Lagun liburu-dendan. Bi eleberrigile donostiar; bi belaunaldi; bi begirada?
Egitarau honek aldaketak izan ditzake.
2. Liburu-saltzaileen nazioarteko topaketa
Bost egunean zehar, Literaktum jaialdiaren baitan, mundu mailan erreferente diren Collones (Tanger), Ulysse (Paris), Nollegiu (Bartzelona), Ler Devager (Lisboa) eta Tipos Infames (Madril) liburu-dendetako ordezkariak bilduko dira.
‘Liburutegi mitikoak’, Raquel Muyal eta Catherine Domaineren arteko elkarrizketa, maiatzaren 3an
Rachel Muyalek Tangerreko Librairie des Colonnes mitikoa zuzendu zuen 1973 eta 1998 artean, eta Gerofi ahizpen, liburu-dendaren sortzaileen, oinordekoa da. Paul Bowles, Juan Goytisolo eta Mohammed Chuckriren solaskide eta lekuko ere izan zen Muyal. Idazle horiek, besteak beste, liburu-denda hau topagune, postontzi eta Europarekin lotura kultural gisa erabiltzen zuten. Bestalde, Catherine Domainek munduko bidaia-liburutegi zaharrena sortu zuen 1971n, Librairie Ulysse. Catherine Domainek 140 herrialde baino gehiago bisitatu ditu, eta gure garaiko bidaiari handienetakoa da. Gainera, liburutegiaren izaera nomada aldarrikatzeko, uda garaian Hendaiara eramaten du urtero.
‘Eredu eta liburutegi berriak’, Jose Pinho, Savier Vidal eta Gonzalo Queipo/Alfonso Tordesillasen arteko elkarrizketa, maiatzaren 4an
Lisboako Ler Devagar liburutegiaren aurrean Jose Pinho dago. Liburutegi handia da, eta, milaka liburu izateaz gain, eskaintza grastronomiko handia, kontzertuak, antzerkiak, literatur ekitaldiak eta abar eskaintzen ditu. Gonzalo Queipo (Alfonso Tordesillas) Madrilgo Tipos Infames liburutegi eta ardo-tabernako liburu-saltzailea da. Aldian-aldian, idazleak gonbidatzen ditu, egun batez liburu-saltzaile izan daitezen. Xavi Vidalek 1920ko hamarkadako hiru soilairuko eraikin zahar batera eraman du Nollegiu, liburuak eta hainbat kultur eskaintza elkarrekin nahasi daitezen Bartzelonan.
Jorge Carrion, 2013ko Anagrama Entsegu Sariaren finalista, Librerias entseguaren idazlea, izango da elkarrizketen moderatzailea.
3. Mapa literarioa
Eleberri eta ipuinetan ageri diren Donostiako guneekin, liburu-dendekin, liburutegiekin eta bertako idazleen jaiotze-lekuekin mapa literarioa sortuko da. Maparen bi bertsio egongo dira: paperean eta webgunean. Webguneko mapa sortzen lagundu nahi duenak aukera izango du horretarako prestatu diren bi tailerretan izena emanda.
Mapa literarioa urriaren 24an, Liburu-denden Nazioarteko Egunean, aurkeztuko da. Mapa inprimatuak banatuko dira, baina PDFan jaisteko aukera ere izango da.
Zure interesekoa izan daiteke
EITBren "Super Manterola" komedia berria grabatzen ari dira
Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia daude aktoreen artean. Karmelo eta Luixito anaiak dira, biak mutilzaharrak, eta Bakartxo ilobarekin batera, Super Manterola dendaren ardura dute. Azpeitiko Erdi kalean grabatzen ari dira eta, oraindik emisio egunik zehaztu ez bada ere, barre-algarak egin egingo ditugu.
Korrikaren lehen kilometroak Parisen, aldarrikapenez beteta
Dozenaka lagunek hartu dute parte Korrikaren lehen kilometroetan, Parisen, eta Euskal Etxearen 70. urteurrena ere ospatu dute, besteak beste, Frantziako Estatuan euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz.
“Los domingos”ek goya jo du
Alauda Ruiz de Azuaren pelikulak film onenaren, zuzendari onenaren, gidoi onenaren, emakumezko aktore protagonista onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sariak irabazi ditu Goya sarien 40. edizioan. Jose Ramon Soroizek gizonezko aktore protagonista onenaren saria jaso du, Maspalomasen egindako lanagatik, eta euskal zinemak zortzi sari bereganatu ditu guztira.
'Yellow Letters' filmak lortu du Berlinaleko pelikula onenaren Urrezko Hartza
Turkiako agintariek artista bikote baten aurka duten zentsurari buruzkoa da Ique lker Çatak zinemagile turkiar-alemaniarraren filma.
“Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarrituren instalazioa, EITBren Bilboko egoitzan bisitagai
Bisitaria migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren zati baten erdian kokatzen duen “murgiltze esperientzia” martxoaren 11tik ekainaren 20ra paratuko dute EITBren egoitzaren 5. platoan. Sarrerak otsailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, 11,21 euroan.
Amikuzeko libertimenduarekin, inauteri giroan murgildu da Nafarroa Beherea
Libertimenduek Donapauleko plaza hartu dute musika, dantza, bertsoa eta antzerkien eskutik. Martxoaren 14ra bitartean, beste hainbat emanaldiz gozatzeko aukera egongo da herriko sorkuntzekin.
Jone San Martinek "sORDA" ikuskizuna sortu du, gortasunaren inguruan
Dantza garaikidearen eta soinuaren zein isiltasunaren arteko elkarrizketa eskaintzen du dantzari donostiarrak ikuskizun berrian.
Bilbao BBK Live jaialdiak zinema proposatuko du otsailean
'2030 Bai!' izeneko zikloak “Maspalomas”, “La voz de Hind Rajab”, “Yo capitán”, eta “Belen” filmen proiekzioak egingo ditu, Bilboko BBK Salan. Sarrera doakoa izango da, eta solasaldiak izango dira emanaldiak bukatutakoan.
Gure! jaialdia: ikasgelatik oholtzara
Erandioko Tartanga Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Ekoizpeneko zikloko ikasleek antolatu eta kudeatzen duten jaialdiaren laugarren edizioa otsailaren 6 eta 7an egingo dute Bizkaiko udalerrian.
61 kultur jarduera izan ziren iaz eguneko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Kulturklik Eusko Jaurlaritzaren plataformak jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko kultur ekitaldien % 40 euskaraz izan ziren 2025ean, eta beste horrenbeste doakoak.