“Los domingos”ek goya jo du
Alauda Ruiz de Azuaren pelikulak film onenaren, zuzendari onenaren, gidoi onenaren, emakumezko aktore protagonista onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sariak irabazi ditu Goya sarien 40. edizioan. Jose Ramon Soroizek gizonezko aktore protagonista onenaren saria jaso du, Maspalomasen egindako lanagatik, eta euskal zinemak zortzi sari bereganatu ditu guztira.
Alauda Ruiz de Azua, "Los domingos"en zuzendari eta gidoilaria. Argazkia: Efe.
Los domingos Alauda Ruiz de Azua zinemagileak (Barakaldo, 1978) zuzendu eta idatzi duen bigarren film luzeak aurreikuspenak bete ditu gaur gauean Bartzelonan, Espainiako Zinema Akademiaren sariak emateko galan, eta aise, igande pausoz, jarraitu du jaialdietako epaimahaien, zinemetako ikusleen eta kritikarien oniritziak marraztu duen ibilbide arrakastatsuan aurrera.
Goya sarien 40. edizioaren galan, Alauda Ruiz de Azuaren lanak film onenaren, zuzendari eta gidoi onenen (Alauda Ruiz de Azuarenak, biak ere), emakumezko aktore protagonista onenaren (Patricia Lopez Arnaiz) eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren (Nagore Aranburu) sariak jaso ditu.
Los domingos filmak Ainararen istorioa kontatzen du, unibertsitateko zein karrera ikasiko duen erabaki behar duen 17 urteko neska idealista eta apartaren istorioa. Hori espero du bere familiak, behintzat. Alabaina, gazteak adieraziko du Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela eta klausurako moja izan nahi duela. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa, amildegi bat sortuko da eta proba erabakigarri bati egin beharko diote aurre.
Zinemaldia
“Los domingos”: jainkoaz, baina, batez ere, gizakiaz
Alauda Ruiz de Azuak idatzi eta zuzendu duen bigarren film luzea aurkeztu du Zinemaldiko Sail Ofizialean. “Los domingos” gure garaien erradiografia oso askoa da, 17 urteko neskato batek moja bizitzarekin duen liluraren gainean eraikia.
Zuzendari onenaren saria jaso ostean hitza hartzeko unean, Ruiz de Azuak agerian utzi du berrogei urtean hiru emakumek bakarrik jaso dutela saria atal horretan: Pilar Mirok, Iciar Bollainek eta Isabel Coixetek.
Barakaldar zinemagileak “talentua generoarekin lotuta ez dagoela ulertu duten guztiei” eman dizkie eskerrak, “nahiz eta historian horrela ulertu izan den”, bere hitzetan, eta “desberdinkeria atzean geldi dadin lanean ari direnekin” ere gogoratu da agertoki gainetik.
Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak bere bigarren Goya saria irabazi du gaurkoan, 2021ean Ane filmari esker irabazi zuenaren ondoren. Aktoreak pertsonaia “berezia” sortu izana eskertu dio Ruiz de Azuari. “Lehendik barruan izango banuen bezalako zerbait da, nire zain egon izan balitz bezala”, adierazi du Lopez Arnaizek.
Nagore Aranburu azpeitiarrak, bestalde, gaueko sari goiztiarrena jaso du, antzeztaldeko emakumezko aktore onenarena, Eneko Sagardoy eta Laia Costa aktoreen eskutik, Los domingosen moja oker baten larruan egindako paperagatik.
"Oso hunkigarria da", esan du agertoki gainetik. "Los domingoseko komunitate osoarekin partekatu nahi dut. Eskerrik asko komunitate horretan sortzeagatik eta sinesteagatik", adierazi du.
"Ama, ireki xanpain botila Azpeitin", esanez bukatu du hitzaldia.
Euskal interpretazioaren jai handia Jose Ramon Soroizek biribildu du, Maspalomas filmean Vicente gorpuzteko egindako interpretazio fin eta hunkigarriak gizonezko aktore onenaren saria ekarri baitio legorretar aktoreari.
Zinemaldian paper berari esker interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen aktoreak “munduko Vicente guztiak zoriontsuak izatea espero dut” adierazi du agertoki gainetik.
“Maspalomasekin pasatzen ari zaidana zoragarria dela esan nahi dizuet, ez zait sekula ahaztuko eta ez dut nahi sekula ahaztea. Oso zoriontsu egin nauzue”, gehitu du.
Aktore beteranoak 75 urterekin lortu du bere lehen Goya saria, lehen izendapenarekin.
Maspalomasek Vicenteren istorioa du kontagai. Iktusa izan eta gero, Donostiara itzuli beharko du gizon adinekoak, alabarekin elkartzera, Kanarietan homosexualitatea askatasunez bizitzeko familia utzi eta urte askotara.
Horrez gainera, Dekoratua Uniko bilbotar ekoiztetxearen filmak animaziozko film onenaren saria irabazi du. Alberto Vazquez galiziarrak zuzendu duen filmak EITBren parte-hartzea du, Maspalomasek bezala.
Halaber, Los tigres euskal ekoizpenak (Kowalski euskal etxeak parte hartu du bertan) efektu berezi onenen saria poltsikoratu du.
Euskal zinemak, hortaz, zortzi sari irabazi ditu, horietako bi EITBren parte-hartzea duten filmek, Maspalomasek eta Dekoratuak.
Sari gehien bildu dituen pelikula Sirat izan da. Olivier Laxek zuzendu duen filmak editatze, jatorrizko musika ekoizpen zuzendaritza, argazki zuzendaritza, soinu eta arte zuzendaritza onenen sariak hartu ditu.
Susan Sarandon estatubatuar aktoreak Nazioarteko Goya saria irabazi du, eta Gonzalo Suarez idazle eta zinemagileak, berriz, Ohorezko Goya saria.
Zure interesekoa izan daiteke
"Kill Jackie" Bizkaian eta EITBren plato batean grabatutako Catherine Zeta-Jonesen telesail berriak trailerra du
Seriearen trailerra estreinatu dute. Udaberrian filmatu zen EITBren plato berrian eta Bilbon, Getxon eta Bardean, besteak beste. 2027an, EITBn egongo da ikusgai.
Zabalik dago Durangoko Azokan erakusmahaia jartzeko izen-ematea
Irailaren 30a arteko epea daukate argitaletxe, diskoetxe, elkarte, erakunde eta gainerako interesatuek. Azokaren webgunean dago abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo den azokaren inguruko informazio guztia.
Yayoi Kusama artista japoniarra hil da, 97 urte zituela
Hain zuzen ere, artista ezaguna abuztuaren 14an hil zen, Tokioko ospitale batean. 2023an "Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino" erakusketa hartu zuen Guggenheimek. Kusama 10 urte zituela hasi zen margotzen, eta, horretarako, ilargien eta patroien errepikapen obsesiboa baliatu zuen, hala nola sareak eta arkuak.
Bilboko Euskal Museoko sarrera doakoa izango da abuztuaren 22tik 30era, Aste Nagusia dela eta
Bisitariek erakusketa erdi iraunkorra ikusi, Ra Asensiren "Uhinak" proposamen garaikidea ezagutu eta "Bilboko erraldoiak" erakusketa tradizionalaz gozatu ahal izango dute.
Juan Tamariz magoa hil da, 83 urte zituela
Mundu osoan zen ezaguna, kartomagian, hurbileko magian eta mentalismoan espezializatua zegoen, eta bere ikuskizunetan humorea erabiltzen zuen.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.
Calvin Harris, FKA twigs eta Dani Fernandez, Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen eguneko izar distiratsuenak
Alcalá Norte taldearen kontzertu ezustekoak eta Calvin Harris, FKA twigs eta Dani Fernandezen emanaldiek Bizkaiko hiriburuan hiru eguneko musikari hasiera eman diote. Milariek nazioarteko izenekin, tokiko talentuarekin eta Kobetamendiko publikoa harritu duen ezusteko emanaldi batekin gozatu dute.
Alex de la Iglesia animazioan murgilduko da, Lovecraft idazlearen obran inspiratuta
'Ages of Madness: The Howling of the Jinn' goiburua hartuko du pelikulak, eta 'Necronomicon' idazle estatubatuarraren fikzioko liburuan oinarrituko da. Garai eta toki ezberdinetan kokatutako hainbat istorio harilkatuko ditu.
Aurora Beltranek Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso du
Aurora Beltran abeslari nafarrak jaso du gaur 2026ko Vianako Printzea Kulturaren Saria, Los Arcosen, "hegan egin nahi izan duten eta, agian, ezin izan duten edo utzi ez dieten emakume guztiei eskainita".