Zinegabonak ekimena, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Zineuskadiren bidez, Zinegabonak zikloa aurkeztu du gaur, EiTBrekin eta EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearekin batera. Programa honek, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, 11 pelikula eskainiko ditu euskaraz haurrentzat. Zikloa indarberrituta dator edizio honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko sei aretotara iritsiko da: Multibox aretoak – EiTB (Bilbo), Donostiako Príncipe aretoak, Errenteriako Niessen aretoa, Amorebietako zinema-aretoa, Iruñeko Golem Baiona aretoak eta Urruñako (Lapurdi) Itsas-Mendi zinema-aretoa. Aurten, gainera, Zinegabonak programak bi pelikula eskainiko ditu Barakaldoko BECen antolatzen den Gabonetako PINean. Eusko Jaurlaritzak, EiTBk eta EZAEk gaurko hitzordua aprobetxatu nahi izan dute 2019ari begira Zinema Euskaraz programaren berrikuntzez ere hitz egiteko, oso hazkunde esanguratsua izaten ari baita ekimena.
Kultura sailburuorde Joxean Muñozek, EiTBko zuzendari Maite Iturbek eta EZAEko ordezkari Maite Romerok aurkeztu dute Zinegabonak zikloaren edizio berri hau. “Zinema Euskaraz programaren arrakastak erakutsi egiten digu familiek gero eta gehiago eskatzen dutela zinema euskaraz. Urte osoan zehar, eta Zineuskadiren lanari esker, Zinema Euskaraz programak gero eta leku gehiagotara iristen ari den eskaintza kudeatzen dihardu. Gabonetan, kontuan hartuta familiarekin zinemaz gozatzeko garaia izaten dela, Zinegabonakek bikoiztu egiten du eskaintza eta programa erakargarria eskaintzen du, aurten BECen antolatzen den PINera ere iritsiko dena”, adierazi du Muñozek.
EiTBren aldetik, Maite Iturbek nabarmendu du erakunde publikoak euskal zinemarekin hartua duen konpromisoa eta, bereziki, euskarazko zinemarekin: “EiTBk konpromiso sendoa du euskal zinemarekin. Inbertsioak egiteaz gain, aktiboki parte hartzen du proiektuen azterketan eta gidoien hobekuntza prozesuetan. Halaber, umeen artean euskarazko zinema sustatzea garrantzitsua dela uste dugu, haur eta gazte hauek izango baitira etorkizunean Euskal Herrian ekoiztuko den zinemaz gozatuko dutenak. Ohitura onak txikitatik hartzea komeni dela badakigu”.
La programación
Zinegabonak zikloa asteazkenean, abenduak 26, hasiko da Multibox-EITB aretoan, ‘stop motion’ teknika oinarri izango duen tailerrarekin. Tailerra Donostian, Errenterian eta Zornotzan ere eskainiko dute eta, tokiak osatu arte, adin guztietako gazteek parte hartu ahal izateko moduan diseinatuta dago. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 7 urte baino gutxiagokoak heldu batekin batera joatea. ‘Stop motion’ argazki-hartualdi jarraituetan oinarritutako filmatze-teknika da. Plano bakoitza aurrekoarekiko zertxobait aldatzen da eta, hala, animazio baten ilusioa sortzen da. Marrazki bizidunetan eta plastilinazko edo material moldagarriekin sortutako panpinekin egindako film laburretan ikus dezakegu hori, adibidez. Teknika horren ezaugarri zirraragarriena honako hau da: parte-hartzaileak ez daki emaitza zein izango den amaituta ikusi arte. Tailerra garatzeko beharrezko materiala Zineuskadik eskainiko die parte-hartzaileei zinema-aretoan bertan. Tailerren prezioa filmetako berbera izango da: saio bakoitzeko euro bat.
Era berean, aurten, Zinegabonak programa zabaldu egingo da arratsaldeko ordutegira (18:00) Barakaldoko BEC eraikinean egin ohi den Gabonetako Parkean (PIN) eskainiko diren bi filmen bidez. Honako hauek dira hautatutako filmak: Zikoinak (abenduak 22 eta urtarrilak 3) eta Batman Lego (abenduak 23 eta urtarrilak 4); bi filmak Warner Bros. Animation-ek ekoitzi ditu. Egun berean PINeko sarrera aurkeztuta, saioak doakoak izango dira.
Gainerako programazioari dagokionez, nabarmendu beharrekoa da familia osoarentzako filmak direla. Hala, adin ezberdinetako ikusleek aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izango dute lan hauekin: Maya Erlea: ezti-jokoak (Australia, 83’), Harpetarra (Erresuma Batua, 90’), Albert (Danimarka, 80’), Richard Zikoina (Alemania, 80’), Sagu eta Pagu (Turkia, 88’), Igelen Erresuma (Txina, 86’), Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa (Italia, 120’), Axel heroi txikia (Txina, 80’), Iparraldeko Norman (AEB, 66’) eta Olentzero eta Amilaren sekretua (Euskadi, 70’).
Zinema Euskaraz
Bestalde, Kultura sailburuorde Joxean Muñozek nabarmendu egin du Zinema Euskaraz programa hartzen ari den zabalkundearen garrantzia. “Familiek erakutsi dute haurrei zuzendutako euskarazko zinemaz gozatu nahi dutela, eta horri esker zabalkunde nabarmena izaten ari da Zinema Euskaraz programa. Batetik, Zinema Euskarazeko estreinaldiak gure hiriburuetako zinema-areto komertzialetara iristen ari dira, non bere publikoaren portzentaje handi bat biltzen den. Horrez gain, azken urteotan, beste hainbat herrietako areto komertzialetara ere hedatu da programa. Hirugarrenik, ikusten ari gara zabaltzen hasia dela areto komertzialik ez duten gero eta leku gehiagotara, Zineuskadiri eskatu egiten baitiote pelikulak auditorioetan eta kultur etxeetan proiektatzeko aukera izatea”.
Aipatzekoa da Zinema Euskaraz programa berrogeita hamar bat areto komertzialetara iristen dela Euskadin eta Nafarroan, eta 2019an areto komertzialik ez duten dozena bat herritara iritsiko dela. Bestalde, sailburuordeak azpimarratu du Euskal Kultur Erakundearekin lortutako akordioaren garrantzia, aukera ematen ari baita Zinema Euskaraz programako pelikulak Iparraldeko ikastegietara iristeko, mugaren bestaldeko haurrek euskarazko zinemaz gozatu ahal izan dezaten. Aurten, Iparraldeko 55 ikastetxetako 2.642 haurrek disfrutatu ahal izan dute haurren zinemarekin euskaraz; eta gure aurreikuspena da 2019an 64 ikastetxetako 4.537 haurrengana heltzea.
2019ari begira, Zinema Euskaraz programak estreinaldi hauek ditu ziurtatuta: Asterix, edabe magikoaren sekretua; Lego Filma 2; Dragoi Bola Boly; Pokemon: Detective Pikachu; Up and Away; y Ernets & Celestine neguko ipuinak. Urtero bezala, 12 film inguru estreinatuko ditu.
Zinema Euskaraz 2012an sortu zen, euskaraz bikoiztutako pelikulen ahalik eta eskaintza zabalena zinema-areto komertzialetara eta alternatiboetara eramatea helburu hartuta. Programa honek urtero ekartzen ditu nazioarteko hamabi estreinaldi, gehienak animazioko filmak, eta milaka ikuslerengana eramaten du euskarazko zinema. Eusko Jaurlaritzak, aurten, 335.000 euro inbertituko ditu programa honetan, eta horri gehitu behar zaio 40.000 euroko inbertsioa Filmazpit programan.
Zineuskadik kudeatzen ditu bai Zinegabonak, bai Zinema Euskaraz. Zineuskadi elkartea euskal ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko helburuarekin sortu zen, eta bertako bazkideak dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, EiTB, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Euskadiko ekoizleen bi elkarteak: IBAIA eta EPE-APV.
Zinegabonaken programazioa
Honako hau da tailerren eta filmen egutegia (BECeko eskaintzaz gain):
MULTIBOX ARETOAK – BILBO
Asteazkena, abenduak 26, 11:30 - Stop motion tailerra
Osteguna, abenduak 27, 11:30 – Paddington 2
PRINCIPE ZINEMAK - DONOSTIA
Ostirala, abenduak 28, 11:30 - Stop motion tailerra
Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Maya Erlea: Ezti-jokoak
Igandea, abenduak 30, 11:30 – Igelen Erresuma
NIESSEN ZINEMAK – ERRENTERIA
Osteguna, abenduak 27, 11:30 - Stop motion tailerra
Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Harpetarra
Igandea, abenduak 30, 11:30 – Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa
ZORNOTZAKO ZINEMAK
Asteazkena, abenduak 26, 11:30 - Stop motion tailerra
Larunbata, abenduak 29, 11:30 - Albert
Igandea, abenduak 30, 11:30 – Axel heroi txikia
GOLEM BAIONA – IRUÑEA
Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Richard Zikoina
Igandea, abenduak 30, 11:30 – Iparraldeko Norman
ITSAS MENDI ZINEMA – URRUÑA
Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Sagu eta Pagu
Igandea, abenduak 30, 11:30 – Olentzero eta Amilaren sekretua
Zure interesekoa izan daiteke
Aurora Beltranek Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso du
Aurora Beltran abeslari nafarrak jaso du gaur 2026ko Vianako Printzea Kulturaren Saria, Los Arcosen, "hegan egin nahi izan duten eta, agian, ezin izan duten edo utzi ez dieten emakume guztiei eskainita".
Sortzaile, ekoizle eta plataformak batuko ditu Podcast Geltokia jaialdiak
Ostegunetik, hilak 28, hasita, Tabakalera Donostiako zentroak Podcats Geltokia audioaren jaialdiaren lehen edizioa hartuko du. Hiru egunez, audioaren munduan lanean ari diren eragileak bilduko ditu Tabakalerak eta EITBk bultzatu duten topaguneak.
Iruñeko Katedralak Valentinoren 25 pieza ezezagun ditu ikusgai
'Indito Valentino' erakusketak diseinatzaile italiarraren goi-mailako 25 pieza ezezagun bildu ditu lehen aldiz Iruñeko Katedralean. Inoiz erakutsi ez den bilduma baten parte dira lanak, eta Valentinoren nortasun-ezaugarri ezagunenetako batzuk erakusten dituzte eta erakusketa ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.
GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, "RESET" lelopean
20 urte beteko dituen honetan, GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, ekainaren 21era arte, "RESET" izenburupean. Antolatu dituzten 23 erakusketetatik laurdena baino gehiago Punta Begoñan egongo dira. Ereagako pasealekua eta Algortako merkatua izango dira beste bi gune garrantzitsuak, eta azken horretan egingo dute urtebetetze festa. 233 argazki, 44 herrialde eta sistema berrabiarazteko gonbita edizio honetan.
Musika proiektuei bideratuko diete Durangoko Azokaren Sormen Beka aurten
Euskarri fisiko zein digitalean bi lan baino gutxiago argitaratu dituztenek hartu ahalko dute parte deialdian, irailaren 21a baino lehen. 15.000 euroz lagundutako lana euskarazkoa izango da, hitzik badauka, eta 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko da emaitza.
"Fantasia eta arrazoia": Goyaren artelan handiak biltzen dituen erakusketa, Arte Ederren Gasteizko Museoan
Gerraren hondamenak, Tauromakia, Burugabekeriak eta Kapritxoak dira, besteak beste, Francisco de Goyaren lau sail nagusietakoak. Erakusketa 2027ko otsailera bitarte egongo da Arte Ederren Gasteizko Museoan. Bestetik, Donostiako San Telmo museoan Goya protagonista duen erakusketa bat dago.
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak “arnas-unea eta sorkuntzaren plaza” irekiko ditu
Ekainaren 6an, Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo da Lapurdiko udalerrian, zazpigarrenez, Baltsan elkartearen eta Argia komunikabidearen ekimenez. Beñat Oihartzabal hizkuntzalaria omenduko dute.
Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria
Donostiar artistaren “nazioarteko proiekzioa eta arte garaikidearen berrikuntzan egindako ekarpen erabakigarriak” aitortu ditu sariaren epaimahaiak. Uztailean emango diote golardoa, Maddi Alberdi San Martin Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazleari bezala.
Alejandro Gonzalez Iñarrituren hitzaldia astelehenean BBK Aretoan, 'Carne y Arena' erakusketaren inguruko jardueren barruan
Hitzaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragarri daude jada, doan. Mexiko eta AEB arteko mugako migratzaileen eta errefuxiatuen esperientzia eta testigantzetan oinarritutako 'Carne y Arena' murgiltze esperientzia EITBko 5. platoan dago ikusgai martxoaren 16tik ekainaren 20ra arte.
2028rako Veneziako Biurtekoan espazio propioa izateko lanean ari da Euskadi
Hala iragarri du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura sailburuak Venezian egindako ekitaldi instituzionalean. "Aurrera egin nahi dugu, eta gure helburua da euskal sorkuntza artistikoa nazioarteko erakusleiho horretan etengabe proiektatzea", gaineratu du.