Ekar iezazkidazu zaldi hutsak, Donald!
Bilboko FANTastikorako bidean geundela iritsi zen berria, New Yorkeko Burtsa ireki aurretik ere, galera nahiko gogorrak izanak ziren zinema eta ikus-entzunezko unibertsoarekin zerikusi franko, garrantzi handia eta eragin egundokoa dituzten hainbat eta hainbat enpresatan. Wall Streeteko eragiketak hasi orduko, Netflixek,% 4 zuen galdua. Disneyek, berriz, % 3. % 0,8 jaitsi ziren Warner Bros Discoveryren akzioak, eta % 1,1 Paramont Globalekoak. Concastenek, zeluloidezko munstro lehenak sortu zituen Universal Picturesen jabearenek, ez zuten hain behera egin baina % 0,12 gutxiago balio zuten Wall Streeten, maiatzaren 4 hartan.
Zergatik? Kulpante bat bilatu nahiz gero, erraza aurkitzea: betikoa, ohikoa: arbasoak Eskoziakoak zein Alemaniakoak dituen Donald John Trump. Bera zen jaitsiera ikaragarri horren erruduna; bera eta bere muga-zergako politika deabrutua.
Aurreko arratsaldean zera emana zuen aditzera: Estatu Batuetatik at, kanpoan, egingo diren zinema eta ikus-entzunezko produktu orok % 100eko muga-zerga pagatu beharko lukete aurrerantzean. Presidenteak bertako produkzioa babestu nahi omen zuen (bere erara). Nola? Ba ekoiztetxe guztiak herrialdean, Texasen zein Iowan, Floridan bezala Wisconsin ere filmatzera behartuz. Are gehiago, ez bide ziren ongi etorriak izango planetako beste lurretatik etorritako zuzendariak, gidoigileak, teknikariak…
Gaurko mundu globalean erabaki hori aurrera eramatea ezinezko dela denok (Trumpek izan ezik) badakite, badakigu. Nahikoa dugu edozein filmen bukaerako kreditu tituluak arretaz errepasatzea ondorio zehatz eta jakin batera iristeko: Hollywoodekoak direla pentsatzen dugun pelikula gehienak ez dira Estatu Batuetan filmatu, nahiz eta gidoiak esan eta irudiek kasik baieztatu Los Angelesen, Kansasen edo Atlanta hegoaldean gaudela. Film txikienak ere Hungarian, Eslovakian, Marokon edo Dominikar Errepublikan dira eginak. Baita Kanadan ere. Eta Zeelanda Berrian.
Zergatik? Gero eta garestiagoa delako Estatu Batuetan filmatzea. Zergak direla, ordaindu beharreko tasak direla, teknikarien soldatak direla. Kontuan hartu behar da, gainera, ez dela batere merkea eraikin oso bat alokatzea zure kontakizunaren paisaia modua erabili nahi edo behar duzulako. Kontuan hartu zaila dela Los Angeles bezalako hiri baten trafikoa geldiaraztea ere, eszena batzuk errodatzeko…
Baina hori ez da bartko auzia. Aspaldi zaharretik filmatzen dira pelikulak munduan barna, baldintza hobeak lortu nahian. Ez ahaztu Zhivago doktorea Espainiako Segovian izan zela kokatua… Horixe zinemaren magia eta bertan lan egiten dutenen dohaina, Arabiako Lawrence ari zara ikusten eta sekula ez zenuke esango Almerian eta Sevilla zaudenik…
Tokiko jendearekin filmatzeko exijentzia hori ere putzontzi bati baino ez litzaioke otuko. Hollywoodeko irudi hilezina sortu zutenetako gutxi, oso gutxi, izan ziren bertakoak. Ia gehienak Europatik ziren etorriak: Chaplin, Fritz Lang, Lubitsch, Billy Wilder, Joseph von Stenberg, Greta Garbo, Marlene Dietrich… Badirudi Trumpi ahaztu zaiola. Egia esatearren, ez dut uste sekula jakin izan duenik, nahiz eta bera ere migrante batzuen ondorengoa izan.
Artikulu honen goiburuak komentatutako hori guztia nahi du islatu. Ezaguna da pasadizoa. Michael Curtiz zuzendaria ari zen The Charge of the Light Brigade filmatzen. Egun, Estatu Batuen gainean dugun iruditeria hori sorrarazten lagundu zuen Curtiz Budapesten zen jaioa eta Manó Kertész Kaminer zuen izen benetakoa. Hollywoodera iritsi zenean tutik ere ez zuen egiten ingelesez. Pelikularen eszena baterako nahi zuen zaldikorik gabeko zaldi mordo bat. Borrokan ziren heroiak, guda zelaian. Batzuk ziren ordurako eroriak eta zaldiak hor zebiltzan, noraezean. Curtizek ez zuen ingelesezko hitzak hori guztia azaltzeko, eta soilik goiko esaldi traketsa atera zitzaion: 'Ekar iezaizkidazue zaldiak… hutsak' (Bring on the empty horses).
Ez, Trump jauna, ez; sekula ez da izan Hollywood estatubatuarren kontua. Pentsa ezazu Donostian jaiotako emakume fin batek ere hantxe izan zuela arrakasta sekulakoa, Conchita Montenegrok. Pentsa ezazu gaur hantxe dagoela Euskal Herrian La ermita zuzendu zuen Carlota Pereda, XYZ Films ekoiztetxerako The Normal Edge filmatzen. Ez, presidente jauna, ezingo duzu Hollywood Hollywooden giltzapetu. Eta ezingo duzu zinema bertako odol-garbidunekin (halakorik balego) bakarrik egin…
Hain gara globalak ezen Wall Streeten kontatutakoa pasatzen zen une berean, Bilboko Fanten Eneko Muruzabalek bai Donostian bai Alhondigan erakutsitako Planetatik bere laburra non eta Renon ere izango zela ikusgai garri baitzuen agertokian. Hain gara globalak ze, Sepulveda anaien Idilia (FANTeko sail nagusiko proposamen ausarta) segituan izango den New Yorkeko zinemaldian. Bertan, bide batez, 400 inguru film izan ziren hautagai. Hiru bakarrik ez dute aukeratu, horietako bat… Idilia.
Ekarri iezaizkiguzue zaldi huts horiek eta..Go!azen lauhazka bizian! Hollywoodera, Hollywoodetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Alex de la Iglesia animazioan murgilduko da, Lovecraft idazlearen obran inspiratuta
'Ages of Madness: The Howling of the Jinn' goiburua hartuko du pelikulak, eta 'Necronomicon' idazle estatubatuarraren fikzioko liburuan oinarrituko da. Garai eta toki ezberdinetan kokatutako hainbat istorio harilkatuko ditu.
Aurora Beltranek Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso du
Aurora Beltran abeslari nafarrak jaso du gaur 2026ko Vianako Printzea Kulturaren Saria, Los Arcosen, "hegan egin nahi izan duten eta, agian, ezin izan duten edo utzi ez dieten emakume guztiei eskainita".
Sortzaile, ekoizle eta plataformak batuko ditu Podcast Geltokia jaialdiak
Ostegunetik, hilak 28, hasita, Tabakalera Donostiako zentroak Podcats Geltokia audioaren jaialdiaren lehen edizioa hartuko du. Hiru egunez, audioaren munduan lanean ari diren eragileak bilduko ditu Tabakalerak eta EITBk bultzatu duten topaguneak.
Iruñeko Katedralak Valentinoren 25 pieza ezezagun ditu ikusgai
'Indito Valentino' erakusketak diseinatzaile italiarraren goi-mailako 25 pieza ezezagun bildu ditu lehen aldiz Iruñeko Katedralean. Inoiz erakutsi ez den bilduma baten parte dira lanak, eta Valentinoren nortasun-ezaugarri ezagunenetako batzuk erakusten dituzte eta erakusketa ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.
GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, "RESET" lelopean
20 urte beteko dituen honetan, GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, ekainaren 21era arte, "RESET" izenburupean. Antolatu dituzten 23 erakusketetatik laurdena baino gehiago Punta Begoñan egongo dira. Ereagako pasealekua eta Algortako merkatua izango dira beste bi gune garrantzitsuak, eta azken horretan egingo dute urtebetetze festa. 233 argazki, 44 herrialde eta sistema berrabiarazteko gonbita edizio honetan.
Musika proiektuei bideratuko diete Durangoko Azokaren Sormen Beka aurten
Euskarri fisiko zein digitalean bi lan baino gutxiago argitaratu dituztenek hartu ahalko dute parte deialdian, irailaren 21a baino lehen. 15.000 euroz lagundutako lana euskarazkoa izango da, hitzik badauka, eta 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko da emaitza.
"Fantasia eta arrazoia": Goyaren artelan handiak biltzen dituen erakusketa, Arte Ederren Gasteizko Museoan
Gerraren hondamenak, Tauromakia, Burugabekeriak eta Kapritxoak dira, besteak beste, Francisco de Goyaren lau sail nagusietakoak. Erakusketa 2027ko otsailera bitarte egongo da Arte Ederren Gasteizko Museoan. Bestetik, Donostiako San Telmo museoan Goya protagonista duen erakusketa bat dago.
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak “arnas-unea eta sorkuntzaren plaza” irekiko ditu
Ekainaren 6an, Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo da Lapurdiko udalerrian, zazpigarrenez, Baltsan elkartearen eta Argia komunikabidearen ekimenez. Beñat Oihartzabal hizkuntzalaria omenduko dute.
Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria
Donostiar artistaren “nazioarteko proiekzioa eta arte garaikidearen berrikuntzan egindako ekarpen erabakigarriak” aitortu ditu sariaren epaimahaiak. Uztailean emango diote golardoa, Maddi Alberdi San Martin Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazleari bezala.
Alejandro Gonzalez Iñarrituren hitzaldia astelehenean BBK Aretoan, 'Carne y Arena' erakusketaren inguruko jardueren barruan
Hitzaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragarri daude jada, doan. Mexiko eta AEB arteko mugako migratzaileen eta errefuxiatuen esperientzia eta testigantzetan oinarritutako 'Carne y Arena' murgiltze esperientzia EITBko 5. platoan dago ikusgai martxoaren 16tik ekainaren 20ra arte.