Migrazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

“Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarrituren instalazioa, EITBren Bilboko egoitzan bisitagai

Bisitaria migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren zati baten erdian kokatzen duen “murgiltze esperientzia” martxoaren 11tik ekainaren 20ra paratuko dute EITBren egoitzaren 5. platoan. Sarrerak otsailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, 11,21 euroan.
18:00 - 20:00

Carne y arena Alejandro Gonzalez Iñarrituren errealitate birtualeko instalazioa EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan egongo da martxoaren 11tik ekainaren 20ra. Bisitariak mexikar eta erdialdeko amerikar migratzaile eta errefuxiatuek egindako bidaiaren zati baten erdian kokatzen ditu lanak.

Sarrerak EITBren webgunean erosi ahal izango dira otsailaren 17tik aurrera, 11,21 euroan.  

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK Banku-fundazioaren eta EITBren bitartez iritsiko da instalazioa Bilbora, eta, proiektuaren arduradunek esan dutenez, proiektuak “Iñarrituren parte-hartze aktiboa izango du, eta herritarrei, unibertsitate-eremuari eta industria zinematografikoari zuzendutako hitzaldi, elkarrizketa publiko eta topaketetan parte hartuko du, migrazioari eta bizikidetzari, eta arteari eta teknologiari buruzko gaiak jorratzeko”.

Carne y arena 2017an estreinatu zen, Cannesko 70. Jaialdian, eta Hollywoodeko Akademiak Oscar sari berezia eman zion urte horretan bertan, “esperientzia narratibo aparta” dela iritzita.

Guztira, hamabost minutuko esperientzia bat proposatzen du lanak, errealitate birtualeko sei minutu eta erdiko emanaldia barne, eta “bisitariak ez du migrazioa ikusten: zeharkatu egiten du”.

Iñárrituren hitzetan, obra hau "enkoadraketaren diktadura apurtzeko" eta zuzeneko esperientzia bat ahalbidetzeko nahitik sortu zen, "migratzaileen oinekin ibiliz, haien azalaren azpian eta bihotzaren barruan".

Zuzendariaren ustez, bira Euskadin hastearen dimentsio sinbolikoa ukaezina da, eta gogoratu du nolako elkartasuna erakutsi zien Mexikoko herriak Espainiako Gerra Zibilaren osteko euskal erbesteratuei, eta nola berak ere familia-loturak dituen Euskadirekin. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X