Greba eguna dute Tubos Reunidoseko langileek, eta deialdiek batzordeen eta zuzendaritzaren arteko bilerarekin bat egingo dute
Amurrioko lantegiko beharginek lanuzteak deitu zituzten otsailaren 17, 23 eta 26rako eta martxoaren 4 eta 9rako. Trapagarango lantegiko LAB eta ESK sindikatuek ere lanuzteak deitu dituzte egun horietarako.
Tubos Reunidosen protesta, aurreko astean. Argazkia: EFE
Amurrioko eta Trapagarango Tubos Reunidoseko langileak 24 orduko geldialdia egitera deituta daude astearte honetan, bost eguneko protestaldiaren lehenean, 301 lagun kaleratzea ekarriko duen LEEaren aurka egiteko (kaleratzeetatik 274 Amurrioko lantegian egingo dira).
Lantegi bietako beharginen batzordeek eta zuzendaritzak bilera egingo dute 11:00etatik aurrera.
Tubos Reunidosek otsailaren 9an jakinarazi zion langile-batzordeari bideragarritasun-plan bat jarri zuela martxan, eta 301 lagun kaleratzeko espedientea ezartzekotan zeudela Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietan. Horietatik, 87 behin-behineko langileak dira, eta 214 langile finkoak.
Zuzendaritzak azaldu zuenez, planak hiru ardatz nagusi ditu: merkataritza dibertsifikatzea, kostuak murriztea eta zorra berregituratzea, jarduerak jarrai dezan ziurtatzeko eta epe ertainera ekonomikoki bideragarri izan dadin atzera ere.
Langileak oso haserre daude eta bestelako irtenbideak eskatzen dituzte. Amurrioko Tubos Reunidos lantegiko beharginen batzordeak joan den asteartean erabaki zuen otsailaren 17, 23 eta 26rako eta martxoaren 4 eta 9rako 24 orduko eta otsaileko eta martxoko egun batzuetarako 4 orduko bost lanuzte egitea. Ondoren, Trapagarango lantegiko LAB eta ESK sindikatuen ordezkariek (langile-batzordean gutxiengoa dute) deialdi horrekin bat egin zuten.
Langileen batzordeak Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Amurrioko zein Trapagarango udalekin bilera egin zuten ostiralean. Erakundeek azpimarratu zuten zorra berregituratzeko beharra dagoela eta eragile guztiek konponbidea bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zutela.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela