Albiste da
Denboralea |
Municheko segurtasun goi-bilera |
Antzerkia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ximun Fuchs: 'Artista gisa dugun rola estali diren min edo zauriak gizarteratzea da'

Axut, Artedrama eta Dejabu konpainiak elkar hartuta itzuli dira, laugarrenez, “Zaldi urdina” Ximun Fuchsek zuzendutako lanean, drogaren inguruan itzalean utzitakoak agerian uzteko asmoz.
Ximun Fuchsek "Zaldi urdina" antzezla zuzendu du

Aingeru 17 urteko mutikoak ihes egingo du, jai giroan beste gazte bat droga hartuta hil denean, susmagarria delakoan. Haren atzetik eta azken urteotan drogak Euskal Herrian utzi duen arrastoaren xerka, pertsonaiek bidaia bat abiatuko dute ikuslearen gozagarri eta hausnarketarako gai.

Hori da “Zaldi urdina” Axut, Artedrama eta Dejabu konpainien elkarlanaren azken emaitzaren abiapuntua. Lankidetzan “Errautsak”, “Hamlet” eta “Francoren bilobari gutuna” ekoitzi zuten hiru antzeztaldeok euskal road movie bat proposatuko dute euskal antzokietan, hurrengo hiletan, eta berrogeita hamar funtzio baino gehiago dituzte dagoeneko itxita.

Bidaia horren abiapuntua Luhuson jarri dute, urriaren 11rako, eta handik hamaika tokitara egingo du Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide aktoreek osatzen duten taldeak, Aingeruren bila.

Ximun Fuchsekin hitz egin dugu, antzezlanaren azken entseguetan egindako atsedenaldi batean, lanaren gainean zertzelada batzuk eman diezazkigun.

Nola sortu zen antzezlanaren testua? Nolakoa izan da Unai Iturriaga eta Igor Elortza testuaren idazleekiko elkarlana?

Gidoirako, istorio hasiera bat nuen, hastapenean. “A los pies del caballo” Justo Arriolaren liburua irakurri genuen, eta hori izan zen proiektuaren abiapuntua.

Ideia horrekin idazleengana joan ginen, eta gu lanean hasi ginen testurik gabe, eskura genuen informazioarekin: lekukotasunak, senideen eta ezagunen istorioak…

Idazleek, orduan, zatitxo bat idatzi zuten, hori apur bat saiatu eta urrunago eraman genuen… Joan-etorri asko egin dira, ia bederatzi hilabetez: idatzi, saiatu, berriz idatzi, berriz saiatu… Haurdunaldi baten denbora izan da.

Bi zentzuetan izan da informazio trukea, ze gauza bat da idaztea, baina gero aktore bakoitzaren testua doitu behar da, hitz bakoitzak bere zukurik onena atera dezan.

“Francoren bilobari gutuna” antzezlana bukatu zenuten egunean hasi zineten lan honetan pentsatzen. Zer tempo egoten dira hau bezalako antzezlan baten atzean?

Gutxi gorabehera, bi urte eta erdi edo hiru urte ematen ditugu antzezlan bat aurrera ateratzeko. Lehenik, gaia eta norabide orokor bat aurkeztu behar izaten dugu, eta amorru asko egoten da fase horretan, ez dugu jakiten zehatz nola…

Gero, beharrezko tresneria guztia hasten da martxan: lan egiteko tokia, lo egitekoa, idaztekoak… Orotara, 21 pertsonak lan egin dute ‘Zaldi urdina’n, proiektuaren zerbitzura, eta denbora hori behar izaten da antzezlanak aurrera egin ahala sortzen diren guztiak konpontzeko: ekoizpena, komunikazioa, sariak ordaintzeko finantzazioa lortu, entseguak eta bira antolatu, teknika…

Droga Euskal Herrian tabua izan dela esan duzue. Zergatik ez da hitz egiten drogari buruz? Zergatik isildu da?

Drogen gaia pixka bat tapatuta gelditu da. Euskal gatazkaren kontakizuna aipatzen delarik, adibidez, drogaren afera oso gutxi agertzen da, eta, alta, Euskal Herrian izan den azken sarraskirik handiena izan da. Lau edo bost mila pertsona hil dira gutxienez, baina zenbaki adosturik ere ez da horren inguruan.

Familietan, estigma gelditu da, norberaren desbideratze pertsonaltzat hartu da droga kasik, pertsona horiek bidean galdu balira bezala, baina, sekula horren auzirik egon ez bada ere, jakina da droga nahitara sartu dela Euskal Herrian, kantitate ikaragarrian.

Bestalde, drogaren gaia alde moraletik ateratzen denean, guk ez diogu esaten jendeari ez dela drogatu behar. Gainera, artista izanda, absurdua litzateke. Kultura eta zibilizazio guztietan behar izan da droga, eta badaude droga adostuak (alkohola, tabakoa) eta botika ofizialak (prozac…). Beti behar dira, biziaren gogortasunari ihes egiteko, norbanakoak bere aburua benetan aurkitzeko edo izarrak besarkatzeko.

Baina zertarako erabili dira Euskal Herrian? Zergatik aberastu da jende bat? Nola sartu da industrian? Nola baliatu da gerra zikinak aurrera egiteko?... Hori dena tabua izan da, eta familiak zama horrekin gelditu dira.

Horren aurrean, artista bezala dugun rola da estali diren min edo zauri horiek pixka bat gizarteratzea, familiek min hori bere bizkarretik ken dezaten, aski min izan dutelako. 

Eta zer trataera eman nahi izan diozue gaiari? 1980ko hamarkadako eta gaur egungo egoerak ez dira berdinak.

Gaur egunetik begiratuta dago. Oraindik, edozein motatako droga asko aurkitzen da Euskal Herrian, nahiz eta ez den 80ko hamarkadan bezain krudela eta inbasiboa, baina asko dago. Heroina itzultzen ari dela ezker eta eskuin entzun dugu.

Gure istorioa gaur egun kokatuta dago, eta hortik sortzen dira galderak. Baina galderak sortzen direnean, bortxaz, iraganak bere tokia hartzen du.

Alde formaletik, zer ikusiko du publikoak? Road movie-a izango dela aurreratu duzue…

Istorioa bilaketa batekin hasten da, Aingeru gaztetxoaren bilaketarekin. Familia haren bila joango da, eta, Euskal Herria zeharkatzen dutela, nor bere galderekin eta Euskal Herriko historiarekin, topatuko da. Espazioan mugituz, pertsonaiek beren hausnarketa sakonenak azaleratuko dituzte; horregatik deitzen diogu road movie-a.

Eszenografia oso sinplea da. Gaia azaleratzeko modurik eraginkorrena korua iruditu zaigu, euskal antzerki tradizionalean eta Greziako antzerkian badagoena: herriaren irudia, agertokian.

Lan bizia da, ikuslea zenbaitetan durduzatu lezakeena, baina hausnarketarako gonbita eskaintzen duena. Zer gorputzaldi eragin nahi duzue publikoarengan?

Ez dakit, egia esan, publikoari ezin baitzaio manatu pentsa, beldurtu edo barre egin dezala. Publikoak antzezlanaren erdia egiten du, ez gehiago baina ezta gutxiago ere.

Baina nik espero dudana da publikoak tresneria emozionala aurkitzea gai horiek berriz gizarteratzeko, atzeman ditzala gai hori berriz atera ahal izateko behar den bihotza eta adorea, denak baitituzte gai honek ukitu dituen osabak, lehengusuak… Atera dezagun gaia, ostatuan bada ere, eta jende horri lasaitu apur bat ematea posible balitz, poztuko nintzateke.

CONTENIDO NO ENCONTRADO

Zure interesekoa izan daiteke

"Desobedienteak 18/98" antzezlana
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Tanttakak "Desobedienteak 18/98" antzezlana estreinatuko du Arriagan

Maria Goiricelayak idatzi eta Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok egokitu eta zuzendu duten antzezlanak desobedientzia zibilaren ibilbide bat marraztu, eta 18/98 sumarioan murgiltzen du ikuslea. Euskarazko bertsioa gaur, urtarrilak 8, estreinatuko dute, Arriagan, eta gaztelaniazkoa bihar, urtarrilak 9, agertoki berean. Gero, biran izango da ikuskizuna: Eibar, Zarautz, Donostia, Gasteiz, Barakaldo, Hondarribia...  

Juan Cristostomo Arriagaren bustoa Bilboko Arriaga antzokian
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Arriagak kontzertua eta antzerki ibilbideak eskainiko dizkio izena eman zion konpositoreari

2026ko urtarrilaren 17an Juan Crisostomo de Arriaga konpositorearen heriotza goiztiarraren (19 urte zituela hil zen) 200 urte beteko direla eta, haren izena daraman Bilboko antzokiak proposamen bikoitza egingo du. Urtarrilaren 17an, La Ritirata Josetxu Obregón bilbotar musikariak zuzendutako orkestrak Arriaga y el eco de su tiempo kontzertua eskainiko du, eta urtarrilaren 10ean eta 24an, eta otsailaren 1ean, goizez, Koldo Olabarrik eta Ainhoa Etxebarria aktoreek prestatutako antzerki ibilbideak izango dira. Kontzerturako sarrerak 26 eta 52 euro bitarteko prezioan eros daitezke, eta ibilbideetakoak 15 euroan. 

"Muro de piedra" antzezlanak estreinatuko du Garabia Pabellón 6eko Gazte Konpainiaren espazio berria
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Muro de piedra" antzezlanak inauguratuko du Pabellon 6ko Gazte Konpainiaren espazio berria, Bilbon

Bilboko udal antzoki berrian ikusiko den lehen antzezlana "oroitzapen baten historia da". Torremolinoseko Pasaje Begoña kalezulo txikian, polizia-sarekada masibo bat egin zuten errepresio frankistatik ezkutuan askatasunez bizitzen saiatzen ari zirenen kontra, 1971an.  Markel Hernandezen testua Aritz Castillok, Nora Urdanpilletak, Nerea Sanzek, Pino de Pablosek, Markel Urrestarazuk eta Arnatz Puertasek zuzendu, sortu eta interpretatu dute, talde lanean. Guk Sanzekin eta Castillorekin hitz egin dugu.  Emanaldiak azaroaren 6tik 23ra egingo dituzte, ostegunetik igandera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X