Leonardo Da Vinci, maisuetan maisu
Leonardo di ser Piero da Vinci, Leonardo Da Vinci, Toscana eskualdeko (Italia) Vinci herrian sortu zen 1452. urtean. Familia aberats baten baitan jaio bazen ere, sasiko semea izan zen (ama nekazari gazte bat zen; aita, berriz, notario eta kantzilerra, Piero Fruosino di Antonio). Gaur dira 500 urte hil zela (Amboise, Frantzia, 1519).
Txiki-txikitatik erakutsi zuen Da Vincik inguratzen zuena begi bereziz ikusi eta adierazteko gaitasuna. Giorgio Vassari Errenazimenduko margolarien biografoak jasotakoaren arabera, aitak Da Vinciren marrazki batzuk hartu, eta Andrea del Verrocchio margolari eta lagunari erakutsi zizkion behinola. Verrocchio txundituta geratu zen, eta semea arteetan trebatzeko eskatu zion. Handik urte batzuetara, aprendiz hasi zen Leonardo Verrocchioren tailerrean.
Azkar eta ondo ikasi zuen mutikoak, eta tailerrean lantzen ziren teknika guztietan trebatu zen: marrazketa, margolaritza, eskultura... Mekanika, kimika edo zurgintzaren oinarriak ere aise barneratu zituen. Urte gutxian, aprendizak atzean utzi zuen maisua. 20 urte zituela sinatu zituen Da Vincik bere lehen lanak, eta laster hasi zitzaizkion garaiko nobleak enkarguak egiten. Bere lehen margolana, Krabelinaren ama birjina, 1476koa da.
Florentzian eman zituen lehen pausoak, baina handik gutxira Milanera joan zen. Hiri ireki eta modernoagoa zen, Da Vinciren izaerarentzat egokiagoa akaso. Adituen arabera, beste arrazoi batzuk ere izan ziren lekualdatzeko: Da Vinci minduta zegoen ez zutelako Vatikanoko Kapera Sixtinoa apaintzeko aukeratu. Milanen, ingeniari lanak egin zituen bereziki, eta, besteak beste, hiriko katedralaren kapera aztertzeko lanetan jardun zuen. Francesco I.a Sforzaren omenezko zaldi eskultura bat ere egin zuen garai hartan.
1490ean, bere izena zuen akademia sortu zuen, eta hamarkada horretan burutu zuen bere lanik esanguratsuetako bat: Milango Santa Maria delle Grazie monasterioko Azken afaria freskoa (1494-1498). Garai bertsukoak dira Vitruvian Man —gizonaren anatomia maisuki eta doitasunez jaso zuen— eta Lady with an Ermine —lehen erretratu modernoa da, adituen esanetan—, besteak beste.
Artista bikaina izateaz gain, bidaiari aparta izan zen Da Vinci. 1500. urtetik Italian barrena bidaiatzeari ekin zion Leonardok: Milandik Veneziara joan zen, Florentzia aldera buelta gero, eta Erromara, ondoren. Garai horretakoa da Da Vinciren lan ezagunena: Gioconda edo Mona Lisa. Erretratua norena den ezezaguna izateak, edo emakumeak aurpegian margotua duen irribarrearen arrazoia zein den ez jakiteak misterioz inguratu du lana. Da Vinciren azken garaiko bizi-testamentutzat dute adituek.
Da Vinciren 'Gioconda'. Argazkia: Wikimedia
1513koa da albiste hau ilustratzen duen lana: Autorretratua. Leonardok bere buruari egindako erretratu ezagun bakarra da, bertan agure bat ageri da, bizar eta ile luzeduna, aurpegia zimurrez beteta duena.
Italiatik Frantziara egin zuen jauzi Da Vincik bere bizitzaren azken urteetan. 1516an, Loira haranera joan zen bere laguntzailearekin batera, Frantzisko I.a erregearen babespean. Frantziako erregeak gonbidatuta, Clox-Luceko gazteluan hartu zuten ostatu, eta bertan hil zen hiru urte geroago.
Urteurren ekitaldi eta erakusketak
Asko dira urtemuga borobil horren kontura antolatutakoak. Italian, Vinci jaioterrian, gaur zabaldu dute Leonardoren Museoa. Bertan artistarena izan omen zen ile-sorta bat erakutsiko dute. Ikerlariak hura aztertzen ari dira jada, haren ondorengoak nortzuk izan ziren jakiteko material genetiko bila.
Florentzian ere, erakusketa andana dago antolatuta. Strozzi jauregiak, esaterako, Verrocchio maisuari eskainiko dio bere erakusketetako bat.
Milanen, 20 urte igaro zituen Da Vincik, eta han ere izango da zer ikusia. "Leonardo 500" izeneko programa bat jarri dute martxan, eta hainbat erakusketa eskainiko dituzte Ambrosiana Pinakotekan, Zientziaren Museoan edota Sforza Gazteluan (bertako hormak margotu zituen Leonardok).
Errege jauregian, hainbat esposizio izango dira urte osoan zehar. Horietako batean, naturari buruz (landareak eta animaliak) egindako marrazki sorta erakutsiko dute.
Venezian, Da Vincik giza anatomiari buruz egindako marrazkiak izango dira ikusgai Akademiaren Galerietan, tartean Vitruvian Man ezaguna.
Erroman eta Patron (Piamonte) ere, erakusketak antolatu dituzte.
Gaztelu honetan bizi izan zen hiru urtez Da Vinci. Argazkia: EFE
Italian ez ezik, Frantzian ere ondo gogoan izango dute aurten Da Vinci. Parisko Louvre Museoan dituzte artistaren lanen ia herena (Gioconda han dago, jakina denez). Hala, Leonardori eskainitako atzerabegirakoak izango dira ikusgai urriaren 24tik aurrera.
Azkenik, Amboisen, Da Vinci lurperatuta dagoen herrian, eta Clox-Luceko gazteluan, hainbat jardunaldi antolatu dituzte. Maiatzaren 2 honetan, ekitaldi berezi bat izango da, eta bertan espero dituzte Emmanuel Macron eta Sergio Mattarella Frantziako eta Italiako presidenteak.
Albiste gehiago artea
Eduardo Chillidaren "Burdinaren gorazarrea III" eskultura Bilbora itzuli da
Eduardo Chillidaren "Burdinaren gorazarrea III" eskultura monumentala Bilboko Arte Ederren Museoaren sarreran dago jada. 2018tik Chillida Lekun egon da, kontserbazio-arrazoiengatik. Lanak lau metroko altuera eta 18 tonako pisua du, eta BBVAren enkarguz sortu zuen Eduardo Chillidak 1991n. Aurretik, bi hamarkada inguru eman zituen "Burdinaren gorazarrea III" lanak Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian.
"Hormaren kontra" Pablo Ochoa de Olzaren lanen erakusketa, Bilbon
Bilbon, Ondare aretoan, azaroaren 15era arte egongo da ikusgai nafar artista eta grafitigile erretiratuaren lanen erakusketa. 40 lan baino gehiago bildu dituzte, grafitia 1965ean Filadelfian sortu zeneko 60. urtemuga ospatzeko.
Bilboko Guggenheim museoak 478.315 bisitari izan ditu ekainetik abuztura; historiako bigarren udarik onena izan da
Iazko aldi berean baino 4.822 bisitari gehiago izan ditu, eta aurten 921.971 bisitari izan ditu dagoeneko. Jende gehien bildu zen eguna abuztuaren 13a izan zen, asteazkena, 8.472 bisitari izan zituen egun osoan zehar.
EITBk eta Artiumek hitzarmena sinatu dute arte garaikidearen ondarea ikus-entzunezko lanen bitartez zabaltzeko
2025ean garatuko den lehen proiektua Esther Ferrer eta Mari Puri Herrero artisten ibilbideei buruzko bi pieza dokumental ekoiztea izango da.
Euskalduna izango da ‘Mastodophonika’ ikuskizunaren eszenatokia, irailaren 5 eta 6an
Ekitaldian Mastodonte, Leioako San Juan Bautista Abesbatza eta Euskadiko Gazte Orkestra (EGO) igoko dira taula gainera.
Bilboko Arte Ederren Museoak 1970eko eraikina berriro zabalduko du urriaren 8an, egitarau berezi batekin
Irekierarekin, museoak "mugarri garrantzitsua jarri du" bere eraldaketan, eta 2026ko ekainean aurreikusitako 'Agravitas' espazioaren inaugurazioarekin amaituko da.
Arteleku zentroaren lehen 15 urteei begira, Artiumen
Gasteizko museoak Gipuzkoako arte eta kultura garaikideko zentroaren artxiboa arakatu du, Mikel Onandia, Sergio Rubira, Leire Vergara eta Beatriz Herraezen komisariotzaren pean.
Txomin Olabarri, Azkuna Zentroko zuzendari nagusi berria
2018ko maiatzetik 2024ko abendura bitartean Azkuna Zentroko zuzendari izan zen Fernando Perezek kargua bere borondatez utzi ondoren, Olabarri izendatzea erabaki dute.
Tabakalerak Hlynur Pálmason zinemagile eta artista islandiarraren erakusketa aurkeztu du
Irailaren 28ra arte egongo dira ikusgai bakarkako erakusketako ikus-entzunezko instalazioak, argazki-sailak, pinturak eta eskulturak. Pálmasonen filmografia osoa eskainiko du Tabakalerak.
"Barbara Kruger: Another day. Another night" erakusketa zabaldu du Guggenheimek
Erakusketak Krugerren lan goiztiar adierazgarrietako batzuk berraztertzen ditu, eta goitik behera hartuko ditu Guggenheim Bilbao Museoko hainbat areto. Boterearen hizkuntzaren inguruan hausnarketa egitera bultzatuko du ikuslea, azaroaren 9ra arte.