Jon Maia: "Kantua oso esker onekoa da, asko ematen dizu bueltan"
Hogeita hamar urte dira Fermin Muguruza musikariak Jon Maia bertsolari gaztea, artean 18 urte zituela, konbentzitu zuela Negu Gorriaken bigarren diskorako, "Gure jarrera" gogoangarrirako, hitzak idatz zitzan. Gonbidapen horretatik etorri ziren "Lehenbiziko bala" eta "Gora herria" kantu mitikoen hitzak, berbarako. Eta gonbidapen horrek, erronka horrek, zabaldu zion, halaber, Jon Maiari gerora emari ugaria, 160 kantatik gorako zerrenda, ekarri duen abesti-idazle ibilbidea.
Denetariko melodia eta metrikatan zehar abiatu da Maia hiru hamarkada hauetan kantua biribiltzeko deman, erritmo eta soinu orotan: Zaldibobo, Gari, Bizkar Hezurra, Def Con Dos, Gozategi, Imuntzo eta Beloki, Anari, Soziedad Alkoholika, Benito Lertxundi, Pirritx eta Porrotx, Esne Beltza, Kepa Junkera, Thierry Biscary, Kai Nakai… Ezin askotarikoagoa.
Horregatik, "Kantu bat gara" disko-liburua (Elkar, 2021) argitaratu du orain, Pello Ramirez, Gorka Hermosa, Nacho Soto eta Ander Zulaika musikariek moldatutako hamabost kanturen bertsioak eta kantuei eta kantugintzan egindako ibilbideari buruz idatziriko testu jakingarri eta hunkigarriak jasotzen dituen lana, Maite Mutuberriaren ilustrazio ederrek apaindua.
Lan horretaz eta kantuak egiteko moduaz hitz egin dugu Jon Maiarekin, zer ukiezin ("kantu bat ezin da lotu, ez kaiolatu, ez zapaldu, ez erre, ez birrindu, ez zatitu, ez banandu, ez urtu, ez lehertu", dio Maiak liburuan) baina ia garaitezinak ("Kantu bat hiltzeko modu bakarra dago. Bakarra", dio gero), sortzeko eraz.
Zein hausnarketa edo bulkada da "Kantu bat gara" lanaren jatorria? Zergatik bildu urte hauetan guztietan kantuetarako egindako hitzak orain eta zergatik disko-liburu formatuan?
Nere kantuak ez dira poema edo testu argitaratuak, norbaiti gustatu eta kantu bihurtuak. Denak enkarguz eginikoak dira.
30 urtean hainbat diskotan sakabanatuta daudenez, aspaldi nuen buruan nonbait bilduta eta forma bat emanda argitaratzea. Aurten, 30 urte dira Negu Gorriaki lehen kantak idatzi nizkiola, eta aitzakia horrekin animatu naiz.
Bestalde, ez nuen dena bere horretan berrargitaratu nahi, eta talde bat osatu dut eta kantu hautaketa baten bertsioak egin ditugu, kantuak eraberrituz eta nortasun berria emanez. Uste dut musikalki balore handiko lana egin dugula.
Liburua kantuaren inguruko hausnarketa eta iruzkin oparoz blai dago. Zer da zuretzat kantua? Zer ahalmen aitortzen diozu kantuari?
Kantua gizakiak sortu duen formatu liluragarria da. Auskalo noizkoa, milaka eta milaka urte ditu eta gaur egun oraindik ere erabat indarrean dago. Ez du euskarririk ere behar, transmisio botere harrigarria du, belaunaldiz belaunaldi, gogorik gogo…
Funtzio asko betetzen ditu: dantzan jar gaitzake, mezuak zabaldu, nazioak ordezkatu, jendea despeditu, adierazi, proiektatu… Euskal Herriaren esentzia ere kantu bat dela esango nuke, forma juridiko edo administratibo bat baino gehiago.
Entzule gisa, zein letragile dituzu eredu? Zein kanturen hitzek eraman zaituzte egungo zure idazkerara?
Asko ditut. Oso letrazalea naiz, musikari dagokionez. Nere letragile kuttunen artean Franco Battiato, Xabier Lete, Javier Krahe, Andres Calamaro, Silvio Rodriguez, Benito Lertxundi, Anari, Harkaitz Cano, Atxaga eta abar daude…
Zertan aldatu da paperaren (edo ordenagailuaren) aurrean hitz batzuk idaztera esertzen den Jon Maia langintza horretan, 18 urterekin Fermin Muguruzaren sukaldean zegoenetik oraintsu "Akelarre" pelikulako hitzak egin zenituen arte?
Zalantzarik gabe, ofizioa hartzen duzu letragintzan, melodien irakurketan, abeslariekin bat egiteko psikologian… Bizitzaren esperientziak ere gehiago dira, nortasunaren aldaerak, aita izatea…
Mundua ere asko aldatu da ordutik, Euskal Herria… Eta gaiak eta joerak ere aldatu egiten dira horrekin batera, beste unibertso imajinario bat duzu…
Beste musikari batek egindako musikaren gainean hitzak sortzean, norentzat idazten da? Norberarentzat? Artista horrentzat? Publikoarentzat (zer publikorentzat)?
Bien arteko hibrido bat izan behar du. Nik idazten dut, baina bere ahotik irten behar du, bera eroso sentitu behar da, bat egin behar du mezuarekin eta formarekin. Ariketa interesgarria da, elkarlan intimo bat.
Nolakoa izaten da praktikan artista-idazleen arteko lankidetza, elkarrekiko "bidaia", hori?
Bi era nagusi daude; beraiek musika pasatzea da nagusia. Bestea, beraiek zure testuaren gainean inspiratu eta konposatzea.
Musika jasotzen dudanean, saiatzen naiz melodia horretan barneratzen eta behar duen hori aurkitzen: tonua, irudiak, paisaiak, hitzak, fonetika… Errekurtso guztiak kantuaren zerbitzura jartzen ditut.
Zerk asetzen zaitu sortzaile gisa, kantu bat askatzen duzunean? Zer opa izaten diozu zuk idatzitako kantu bakoitzari?
Ilusio handia egiten du zure kantuekin topatzen zarenean, lagun zahar bat aurkitzea bezala da, tabernetan, jaietan, autobusean, supermerkatuetan. Edo zure kantuak milaka pertsonaren sentimendua ordezkatzen duela ikusten duzunean, edo jendeak kontatzen dizkizun istorio pertsonalekin zure kantuarekin erlazionatuta…
Kantua oso esker onekoa da, asko ematen dizu bueltan. Ez beti, baina ematen dizunean… Izugarria da.
Biolontxeloz, akordeoiz eta teklatuz lagundu dituzu zure hainbat kantutako hitzak, diskoan bildutako bertsioetan. Zergatik moldatu dituzue gisa horretara?
Lagunekin nahi nuen egin, eta musikari hauek lagunak ditut. Bestalde, sonoritate hori bilatzen nuen, oso gustuko instrumentuak ditut.
Uste dut nortasun handiko taldea dela, eta, noski, goi mailakoa. Oso musikari onak dira, nortasun eta gaitasun tekniko handikoak. Niretzat luxu bat da.
Eta Soziedad Alkoholikaren "Pauso bat" edo Negu Gorriaken "Lehenbiziko bala" instrumentu horiekin entzutea ere izugarria da.
Soziedad Alkoholikatik Pirritx eta Porrotxeraino hartzen dute diskoko kantuek, eta Asier Etxeandiatik Aire Ahizpetaraino kolaboratzaileen zerrendak. Zergatik aukeratu dituzu kantu horiek beroriek eta kolaboratzaile horiek?
Denetarik egotea nahi nuen, egin dudan barietate horren guztiaren erakusgarri. Asier Etxeandiatik Xabier Amurizaraino, hori da gustatzen zaidan Euskal Herria. Eta denak euskaraz.
Lan hau zuzenean aurkeztuko duzu?
Zuzeneko asko ari dira ateratzen. Lehenengoak abenduaren 29an Victoria Eugenian; urtarrilaren 6an Arriaga antzokian eta urtarrilaren 7an Zumaian izango dira. Eta gehiago datoz segidan.
Lehenengo bietan gonbidatu batzuk egongo dira, bereziak izango dira. Besteetan, guk geuk egingo dugu.
Zure interesekoa izan daiteke
Astiberri Bilboko argitaletxeak Edizio Lan Kultural Onenaren Espainiako saria irabazi du
Astiberrik 25 urteko bidea du atzean, eta “komikigintza goi literaturaren mailara igotzeko egin duen ezinbesteko ekarpena” saritu dio epaimahaiak.
Ramon Saizarbitoria: "'Ene Jesus'en ez dago moderno izan nahirik"
Erein argitaletxeak Ene Jesus Ramon Saizarbitoriak 1976an argitaratu zuen eleberria berrargitaratu du. Joxean Muñozen hitzaurre eta ilustrazio sail batek laguntzen du "amari buruz" diharduen istorioa, Muñozen hitzetan, "zaila baino gehiago, gogorra den kontakizuna".
Marjane Satrapi "Persepolis" komikiaren egilea hil da, 56 urte zituela, "tristurak jota"
Senideek zabaldutako oharraren arabera, Satrapik ezin izan du senarraren heriotza jasan.
Joseba Sarrionandiak "Leturiaren egunkari ezkutua" eleberriaren irakurketa abiatu du
Iurretar idazleak ireki du Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraitua. Leturiaren egunkari ezkutua Txillardegiren liburua irakurriko da aurten.
Zuzenean: Klasikoen XIX. Irakurketa Jarraitua
Bilbo Zaharra euskaltegiaren ekimenez, "Leturiaren egunkari ezkutua" Txillardegiren eleberria irakurriko dute aurten etenik gabe jendaurrean.
Ehunka Joxeba Leturia, ostegunean Arriagan
Hilaren 4an, “Leturiaren egunkari ezkutua” Txillardegiren eleberria irakurriko dute jendaurrean etengabe, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren 19. edizioan.
Literaturia, literaturaren erritmoan dardarka
Euskal Letren Plaza zabalduko da Zarautzen maiatzaren 29tik 31ra, “Dar-dar” lelopean: liburu azoka, aurkezpenak, perfomancea, mahai inguruak, ikastaroak, musika, kontzertuak…
Pamielak "Lehoikumea" berrargitaratu du, 1948an Orixek euskaratuta erbesteko Jaurlaritzaren eskariz
Lehoikumea album ilustratuak Jacques Preverten testuak eta Ylla argazkilariaren irudiak biltzen ditu, eta Nikolas Ormaetxea Orixek euskaratu zuen 1948an. Erbestean zen Eusko Jaurlaritzaren eskariz euskaratu zen, aberritik kanporatutako haur euskaldunek zer irakurri izan zezaten. Ia 80 urte geroago, Pamiela argitaletxeak moldatu eta berriz argitaratu du.
Egileekin topaketak, azokak eta ibilbide literarioak protagonista, Liburuaren Egunean
Liburuaren Egunaren ospakizuna Hego Euskal Herriko plaza, liburutegi eta kultur etxeetan zentralizatuko da, publiko guztientzat pentsatutako ekimenekin.
Espainiako Kritikarien Elkarteak Eider Rodriguez eta Ane Zubeldia sarituko ditu
Gipuzkoar idazleek lortu dituzte euskarazko sariak: Rodriguezek, narratiba atalean, Dena zulo bera zen lanagatik, eta Zubeldiak, poesian, Kontra liburuari esker.