"Gogoa pizten digun" literaturari gorazarre, manifestu batean
Meettok Fundazioak akuilatuta, 76 euskal idazlek "Literaturarekin bakarrik ikasten dena" manifestua sinatu dute, "irakurzaletasuna prestigioa eman eta irakurtzea bera sustatzeko".
"Ekimen ez oso konbentzionalei" ekiteko garaia dela uste du Meettok donostiar argitaletxetik sortutako fundazioak, ohar batean, eta bide horretan kokatu du literaturaren laudamena.
Irakurri osorik "Literaturarekin bakarrik ikasten dena" manifestua:
Garai nahasiotan, gure burua galdurik sentitzen dugunean ere, literaturak koordenada batzuk ematen dizkigu beti. Anne Frankek oso garbi esan zuen: "Pertsona askeak nekez jabetuko dira inoiz liburuek zer esanahi duten giltzapean bizi garenontzat". Ispilu aurrean jarri eta galdera egiten digu literaturak: "Aske al gara?".
Zerbait gertatzen da zure gorputzean Homero irakurtzen duzunean. Aspaldiko egia batek astindu, eta begiak zabaltzen dizkizu. Ulises bihurtzen zara Troiako zaldiaren barruan. "Klasiko batek sekula ez du agortzen esan beharrekoa", idatzi zuen Italo Calvinok. Klasikoek etorkizuneko esperientziari forma bat ematen diotela ere gogorarazi zigun, ereduak, edukiak, konparazio-terminoak, sailkapen-eskemak, balio-eskalak, edertasun-paradigmak emanez. Irakurketa orok uzten du arrasto bat, nahiz eta momentuan ez sentitu.
Irudimenari esker, mitoak eta istorioak asmatu ditugu; etzidamuko teknologia marraztu, eta izarretarainoko bidaiak amestu ditugu. Intuizio poetikoak zientziaren aurrerabidearen aitzindari izan dira. Kronika zehatzek atomoaren egitura trinkoa ulertzera garamatzate. "Literaturak, aintzinakoena den ahozkoak barne, ideiak sortzeko eta gure baitan sartzen diren eta gure espiritua eraldatzen duten ikuspegiak zizelkatzeko gaitasuna du, guk nahi ala ez". Letra etzana gurea da; esaldia, Olga Tokarczukena.
Literaturak mundu guztiari irekita egon behar du, inolako balaztarik gabe. Sarbide unibertsala.
Literaturak esnatu eta astindu egiten gaituelako, gure gogoa piztu. Erregaia eta sua da. Bakarrik irakurtzen dugu, baina ez gaude bakarrik irakurtzen dugunean. Liburuan irekitzen zaizkigun garai eta pertsonaietara lotuta gaude, fikziozko pertsonaietan lur hartzen dugu, bidaiatik itzultzean ezaugarri berriak iradokitzeko. Izan ere, literatura da gizabanako eta gizarte gisa geure buruari zor diogun kontraesana eta ñabardura.
Irakurtzeak ez gaitu, akaso, pertsona hobeak egingo, baina munduaren zabaltasunaren eta aniztasunaren zantzuak utziko ditu irakurlearengan. Era berean, irakurritakoa lagunekin, ezagunekin, ikaskideekin, irakurketa taldeko kideekin edo sare sozialetan partekatzeak liburuak adina plazer edo gehiago emango digu: liburuei buruz hitz egitea liburuak berridazteko modu bat da. Eta literaturaren historia irakurketaren historia da; erreketa publikoetatik, zentsuratik eta gure gailu elektronikoen hots eta ardailetik harago doa.
Ez gara asko izango, baina zenbakiak ez dira dena. Ondo artikulatutako ekosistema bat osatzen dugu: irakurleak, idazleak, itzultzaileak, editoreak, literatur kritikoak, liburu-saltzaileak, liburuzainak… Literaturak batzen gaitu. Horregatik sendotu eta prestigiatu nahi dugu sare hori, liburuaren balioa aldarrikatu. Literaturak erakusten diguna literatura irakurriz baino ezin delako ikasi. Literaturak denoi dagozkigun gauzez hitz egiten baitu: kemenaz, beldurraz, adiskidetasunaz, heriotzaz, maitasunaz, elkartasunaz.
Irakurtzen duenak badaki zergatik irakurtzen duen. Irakurtzen ez duten horietakoa bazara, zure arrazoiak izango dituzu.
Edozelan ere, zaude lasai. Literaturaz arduratzen ez bazara ere, literatura beti arduratuko da zutaz. Hori ere liburuei esker ikasi dugu.
Atxikimenduak:
KATIXA AGIRRE, UXUE ALBERDI, IÑAKI ALDEKOA, OIHANE AMANTEGI, MIREN AMURIZA, BEÑAT ARGINZONIZ, TXEMA ARINAS, MIREN ARRATIBEL, YOLANDA ARRIETA, MIKEL ARRUABARRENA, GARAZI ARRULA, AINTZANE ATELA, GOTZON BARANDIARAN, MAIALEN BERASATEGUI, JON BILBAO, ITXARO BORDA, HARKAITZ CANO, ANGEL ERRO, HEDOI ETXARTE, JOSÉ FERNÁNDEZ DE LA SOTA, AINTZANE GALARDI, ARITZ GALARRAGA, OIHANA GARMENDIA, JORGE GIMÉNEZ BECH, EKAITZ GOIKOETXEA, JOSU GOIKOETXEA, ARITZ GORROTXATEGI, NEREA IBARZABAL, JUAN KRUZ IGERABIDE, IZASKUN IGOA, TERE IRASTORTZA, JOSE ANJEL IRIGARAI, KARMELE JAIO, EDORTA JIMENEZ, IRATI JIMENEZ, FELIPE JUARISTI, JON KORTAZAR, GOIATZ LABANDIBAR, HASIER LARRETXEA, IÑIGO LARROQUE, SANTI LEONE, ANJEL LERTXUNDI, KARLOS LINAZASORO, PELLO LIZARRALDE, NEREA LOIOLA, MAITE LOPEZ LAS HERAS, ELIZABETH MACKLIN, JUANRA MADARIAGA, PERU MAGDALENA, JUAN RAMON MAKUSO, GERARDO MARKULETA, MIREN AGUR MEABE, ANTXIÑE MENDIZABAL, LAURA MINTEGI, INAZIO MUJIKA IRAOLA, KEPA MURUA, ELENA OLAVE, CARLOS OLLO, ARITZ PARDINA, PELLO OTXOTEKO, EIDER RODRIGUEZ, TXANI RODRIGUEZ, BEÑAT SARASOLA, DANELE SARRIUGARTE, ASIER SERRANO, MIKEL SOTO, CASTILLO SUAREZ, ELI TOLARETXIPI, GARBIÑE UBEDA, ITZIAR UGARTE, YURRE UGARTE, JUAN MANUEL URÍA, JUAN LUIS ZABALA, JOSU ZABALETA, IBAN ZALDUA, PATXI ZUBIZARRETA.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Kritikarien Elkarteak Eider Rodriguez eta Ane Zubeldia sarituko ditu
Gipuzkoar idazleek lortu dituzte euskarazko sariak: Rodriguezek, narratiba atalean, Dena zulo bera zen lanagatik, eta Zubeldiak, poesian, Kontra liburuari esker.
Profesionalen eguna, Sarako Idazleen Biltzarra bukatzeko
Apirilaren 5ean abiatutako topagune literarioa gaur bukatuko da, profesionalei eskainitako jardunaldi batean. Aurten, Marikita Tambourin Baigorrin sortutako idazle, irakasle, ikertzaile eta militantea eta Anne-Marie Lagarde zuberotar idazle, ikertzaile eta antropologoa omendu dituzte.
Jabier Muguruza musikari eta idazleak bere lehen eleberria argitaratu du: "Café Mokka"
Eleberria “lehen pertsonako kontakizun intimo eta ironikoa eskaintzen du, kafetegi baten egunerokotasunetik abiatuta. Café Mokka kafetegia behatoki soziokultural bilakatzen da, non bezeroen elkarrizketek eta eguneroko egoerek gizartearen kontraesanak, joerak eta aldaketak islatzen dituzten”.
Literatura plazara aterako dute Oiartzunen ostera ere
Martxoaren 9tik 28ra, Literatura Plazara egingo dute Oiartzunen, laugarrenez, eta euskal literaturaren inguruko zortzi hitzordu jarri dituzte antolatzaileek, 1545 argitaletxeak.
Emakume idazleek presentzia irabazi dute: ahots, gorputz eta gai berriak ekarri ditu feminismoak
Feminismoak aldaketa sakonak ekarri ditu azken urteotan, baita literaturan ere, eta gai, begirada, ahots, gorputz eta narratiba berriak ekarri ditu. Duela mende erdi emakumezko idazle gutxi zeuden, eta bigarren maila batera baztertuta zeuden, gainera. Orain, berriz, oso garrantzitsua da horien presentzia, eta, besteak beste, sariak eta bekak irabazten ikusten ditugu.
António Lobo Antunes portugaldar idazlea zendu da
Portugalgo literaturaren izen erraldoiak, inkontzientearen eta memoriaren biltzaile eta idazkariak, 83 urte zituen. Euskaraz, “Gauzen ordena naturala” irakur daiteke.
Gutun Zuria jaialdiak Gerediaga Elkartea eta Valerie Miles sarituko ditu
Gaur, asteartearekin, hasiko da Bilboko literatur jaialdia, eta hilaren 28ra arte iraungo du. Aurten, Gerediaga Elkarteari, Durangoko Azoka antolatzaileari, eta Valerie Miles idazle eta editore estatubatuarrari eskainiko dizkie ohorezko sariak.
Euskaltzaindiak eta EIEk hitzarmena sinatu dute, idazle gazteei laguntzeko
Euskaltzaindiak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) lau urterako akordioa adostu dute. Euskaltzaindiak urtean bi ikastaro emango dizkie EIEren bazkideei, bekak deituko ditu eta mentoretza programa abiatuko du. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Mikel Ayllon EIEko zuzendaritza batzordeko kideak eta Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak hartu dute parte ituna sinatzeko ekitaldian.
Hitza erdigunean jarriko du Gutun Zuriak berriz, 19. edizioan
Bernardo Atxagak, Alana S. Porterok, Karmele Jaiok, Layla Martinezek, Harkaitz Canok, Mario Obrerok, Miren Agur Meabek eta beste hainbat idazlek parte hartuko dute letren Bilboko nazioarteko jaialdian.
Xabier Montoiak "Bakea, bakea" eleberria aurkeztu du
Inazio Osa 43 urteko donostiarrak hondamendia biziko du ama hiltzean, "baina laster ikasiko du oker dagoela oso, deskalabrurik handienean ere beti baita posible zuloan beherago erortzea, are eta zoritxar handiagoak etortzea".