Igandea
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Rise Against, Refused eta Berri Txarrak, rockaren hiru ertz BECen

Igandean, urriak 4, Barakaldoko erakustazokak luxuzko kartel hirukoitza hartuko du Bizkaia Arena pabiloian; jaialdia 19:00etan hasiko da, eta talde bakoitzak ordubete baino gehiago emango du bertan.
Tim McIlrath (Rise Against). Argazkia: Efe.
Tim McIlrath (Rise Against). Argazkia: Efe.

Rise Against, Refused eta Berri Txarrak taldeen watt erauntsiak BEC Barakaldoko erakustazokaren zutabeak astinduko ditu igande honetan, hilak 4, 19:00etatik aurrera, Bizkaia Arenako pistan zabalduko diren 5.000 bat lagunen aurrean (ez da eserlekurik egongo).

Kontzertu errenkada 19:00etan hasiko da, esan bezala, ateak zabaldu eta ordubetera, eta Berri Txarrak nafarrek hautsiko dute izotza, Denbora da poligrafo bakarra taldearen nortasun poliedrikoaren hiru aurpegi –har dezagun lan hirukoitzaren disko bakoitza musika mugatzeko zeregin labaina gauzatzeko mugarri gisa- erakusten dituen diskoaren aurkezpen birari jarraipena emanda. Metal alternatiboa, hardcorea, popa, rock soila… Hori eta gehiago emango dute Gorka, David eta Galderrek zuzenean, euren eremu gogokoenean, azkenaldian sasoi betean daudela erakusteko gogoz.

Refusedek hartuko die lekukoa 20:45ean; indarberrituta, biziberrituta –“fucking alive”, diote eurek–, dator suediar taldea 1998an etsia hartuta, gogogabetuta, The shape of punk to come hardcorearen eta, hortaz, rockaren historian ezinbestekoa den diskoa argitaratu eta gutxira. Ohikoa duten hardcore adoretsu eta amorratuari ahots melodikoagoak eta pop eta jazz ukituak ere gehitu zizkioten lan horretan.

Disko eta zuzenekoetarako behin betiko itzulerak Freedom (2015) diskoa izan du ardatz, eta, bertan, ohikoak baino doinu lasaixeagoekin batera, zartako zuzenak diren kantuak ere sartu dituzte suediarrek, “Elektra” single latzak erakusten duen bezala.

Suediarrek, Berri Txarrakek bezala, ordu eta laurden joko dute, eta gaueko kartelburuei utziko diete gero agertokia: Rise Againstek 22:30ean abiatuko du bere emanaldia.

15 urtean sei disko atera eta gero, Rise Against jarraitzaile gehien dituen punk rock taldeetako bat da dagoeneko, AEBn Rise Against, The Descendents eta Rancid, estiloaren mitoak, izan dituzte artista gonbidatu gisa, esaterako. 2014aren erdialdean, The Black Market diskoa merkaturatu zuten, eta horren aurkezpen biran helduko dira BECera Tim McIlrath (kantariak ezingo du Barakaldon gitarra jo, bizikleta istripu bat izan baitu, baina taldeak beste gitarrista bat hartu du ordezka dezan) eta taldekideak.

Oraindik ere sarrerak daude kontzerturako, 45 euroan egongo dira salgai leihatilan, eta hau izango da ordutegia.

Ate irekiera: 18:00

BERRI TXARRAK 19:00

REFUSED 20:45

RISE AGAINST 22:30

Zure interesekoa izan daiteke

Oskorri argazkia Arantzazu
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko

Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin

Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X