Elkarrizketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pello Reparaz: 'Musika elektronikoari erabat ireki dizkiot ateak'

Nafar musikariak doinu elektronikoz jantzi ditu bere melodiak Zetak taldearen kantuetan. Durangoko Azkoan aurkeztuko dute beren lehen lana.
Zetak
"Zetak" lana aurkeztuko du taldeak Durangoko Azokan. Argazkia: Jaime Asua.

Vendetta taldearen jamaikar doinuak atzean utzita, Pello Reparaz bueltan da beregan sortutako doinuak bestelako oihartzunekin jantzita, Zetak taldean, Durangoko Azokaren atarian jakin-min handiena piztu duen musika proiektuetako batean.

Reparazek eta inguruan duen lantaldeak ohiko musika taldeen irismenaz harago joateko erronka jarri diote beren buruari, musika ardatz hartuta, eta parez pare ireki dizkiote ateak elektronikari Zetaken lehen diskoan. Reparazek berorrekin lan egiteko aspaldidanik zuen irrikari trabarik jarri gabe, doinu horiexek dituzte oinarri arbizuarraren lelo itsaskorrek eta doinu kulunkari eta dantzagarriak abentura berri honetan.

Azokaren atarian, berarekin hitz egin dugu, Zetaken inguruan.

Zer jatorri dute Zetaken kantuek? Denak konposatu dituzu proiektua mamituta zenuela?

Bai, hala da. Ez naiz kantu zaharrak berreskuratzeko zalea, eta, aurrera begiratzeko joera horretan, abesti original eta propioak sortu nahi izan ditut, proiektuaren asmo artistikoarekin bat egiten dutenak.

Kasu honetan, abesti hauen ezaugarririk bereizgarriena da pertsonaiak direla protagonista gehienak, ez dira nik bizitako gaiak. Baliteke erraietan ditudan gaiak izatea kantagai kantu batzuetan, baina beste pertsonaia batzuei aplikatuta. Horrela, egiatik libreago sentitu naiz, erabat libre istorioak kontatzeko.

Zer eskatu diezu sortzen joan zaren kantu edo zirriborroei balekotzat jotzeko? Zer muga estilistiko dituzte Zetaken kantuek?

Urte batzuk daramatzat abestigintzan eta ekoizpenaren munduan, eta bi arlo horietan gauzak ezberdin egin nahi nituen, hori argi zegoen. Gainera, zor bat nuen musika elektronikoarekin, erabat “armairutik ateratzeko” gogo bat, Vendettaren ardatz estilistikoa jamaikar musika zenez, hainbat elementu baitzeuden ez zidatenak uzten, modu batera edo bestera, konponketetan eta ekoizpenean musika elektronikoari ateak erabat irekitzen.

Hori kontuan hartuta, sormen gai guztiak, hitzak izan ezik, noski, abiapuntu elektroniko batetik sortu ditut, eta horrek beste puntu batera eraman nau hitzak idazteko orduan ere. Esan daiteke, beraz, ekoizpenak, doinu elektroniko eta nolabait modernoagoek kontzeptua eta hitzen norabidea, diskoaren aura, ere bideratu dutela.

Talde elektrikoetan, tresnek berek mugak ezartzen dituzte kantuak garatzeko, baina kantu elektronikoak osatzeko aukerak infinituak dira. Noiz ematen da bukatutzat kantu bat? Noiz uzten diozu kantu bat janzteari?

Hor dago koska! Oso galdera interesgarria da. Niretzat oso garrantzitsua da soinu identitatea, eta rock talde bat izateak asko laguntzen du identitate propio eta trinko bat topatzeko, bateriak bateria bat duelako, gitarristak gitarra bat eta baxuak baxu bat.

Elektronikan, ordea, askatasuna ikaragarria da, eta aukerak amaigabeak dira. Hain zuzen ere, horregatik, nire iritziz, elektronikako hainbat proiektu eta diskok arazo bat izaten dute horregatik: aukera zabal horretan, denetarik erabiltzen dute, eta nortasuna ez dute garatzen, taldea ez da identifikagarria bi konpas entzunda. Niri gustatzen zait disko bat homogeneoa eta identifikagarria izatea.

Zetak. Argazkia: Jaime Asua.

Zuk esan bezala, elektronikarekin askatasun handia duzu, eta hori gozamen hutsa da, baina iristen da puntu bat non berriz biluztu behar dituzun ekoizpenak eta aurkitu behar duzun abestiak lotuko dituen puntu bat.

Lehen kontzertua eman duzue. Nola eramaten duzue zuen proposamen berria agertokira?

Lau musikari gara taula gainean. Hasteko, Leire Colomo iruindarra. Bateria modulu batekin perkusioak jotzen ditu, horien artean diskoan presentzia handia duen txalaparta, eta xilofono midi bat, melodia elektroniko asko jotzeko baliatzen duena.

Gorka Pastor ere iruindarra da, eta diskoaren ardatz harmonikoa den Virus TI2 sintetizadorea jotzen du, baita pianoa ere, Mininova batekin vocoderra, arpegiadore batzuk ere hortik… Teklez arduratzen da, eta garrantzi handia du proiektuan.

Erritmoari dagokionez, Iban Larreburu baionarra dago. Bateria hibridoa jotzen du, elementu batzuk organikoak eta beste batzuk elektronikoak dituena.

Horrez gain, nik ere tresna horietako asko jotzen ditut, eta denok ibiltzen gara batetik bestera, ezker-eskuin: Leire bateria jotzera mugitzen da, Iban Leireren perkusio elementuak jotzera joaten da, nik Gorkarenera eta bateriara…

Oso dinamikoa da proiektua, arlo horretatik, eta oso pozik nago zuzenekoen planteamenduarekin. Gainera, jendeari ere asko gustatu zaio. Hortik jarraituko dugu, beraz.

Proiektuaren arlo ez-musikalak asko zaindu dituzu: lehen kontzertua sekretua eta oso ikusgarria izan da, informazioa tantaka azaleratzen joan zarete, bi bideoklipak eta lyric bideoa oso zainduta daude… Zelan lantzen dituzu proiektuaren beste alde horiek?

Zetak, musika talde bat bezala baino gehiago, proiektu artistiko mutidiziplinar bezala ulertzen dugu, eta ahalegin berezia egiten ari gara norabide horretan. Musika da ardatza, dudarik gabe, baina ahalegin handia egin dugu bideoklipekin, Durangoko Azokan eskura egongo den diskoaren diseinuekin, merchandaisingarekin, webgunearekin eta sare sozialen erabilerarekin.

Garaiak asko aldatu dira. Jada, musikaria ez da soilik musika jo dezakeen pertsona bat, baizik eta arlo askotan lan egin behar duen pertsona, euskal musikagintzan behintzat. Lanik egiten ez badugu, proiektuak ez doaz aurrera, argi eta garbi.

Irudiari eta sare sozialei eman diegun garrantzian, gainera, hanpatzekoa da Iratxe Reparaz Zetakeko arte zuzendariaren papera. Figura ezinbestekoa izan da Zetaken orain arteko bilakaeran.

Durangoko Azokaren atarian jakin-min handiena piztu duen proiektuetako bat da zuena. Zelan bizi izaten duzu Durangoko Azoka?

Nire iritziz, urteak aurrera doazela, mundu mailan globalizazio gero eta agerikoagoa da, eta, azkenean, horrek gure alde jokatuko duelakoan nago. Artearen munduan, ezberdintzen zaituen zerbait bilatze horretan, guk oso erraz dugu: badaukagu hizkuntza bat munduan milioi bat lagunek baino gutxiagok hitz egiten dutena, eta gu gai gara hizkuntza horretan transmititzeko eta sortzeko.

Industria bat ere badugu, eta horren birika garrantzitsuetako bat Durangoko Azoka da eta beti izan da. Nik ez ditut bizi izan disko asko saltzen ziren garai horiek, eta harrigarria egiten zait nola Durangoko Azoka iritsi, eta jendeak, kontzientziari erantzunda, ekarpena egiten dion euskal kulturari.

Data seinalatua da, eta Zetakekin ere horren alde egin dugu apustu, diskoa abenduaren 5ean aterako baita, Durangoko Azoka hastearekin bat.

Zer etorkizun opa diozu Zetaki?

Kostatu egiten zait etorkizunera begiratzea, erditu berritan baikaude, baina egia da lan handia egin dugula orain arte, eta Zetaki eta Zetaken lanean ari diren guztiei opa diedana da urte askorako lana. Datorren urtean, 15 urte edo 20 urte barru, orain arte bezala, ohean sartu eta ondo lo egitea.

Horretan ari gara, eta hori izango da seinalerik onena.

CONTENIDO NO ENCONTRADO

Zetak taldea, "Ahoz Aho" ETB1eko saioan (azaroak 27)

Zure interesekoa izan daiteke

Oskorri argazkia Arantzazu
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko

Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin

Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X