Willis Drummonden "Zugzwang Tour" biraren egunerokoa (VII)
2020-03-12 05:41
Herveren etxetik Papeeterako bidea, irratira joateko.
Elkarrizketa dugu 8etan, baina bide bakar bat izanik uhartean, goizean auto metaketak egon daitezke; beraz, goizen goiz atera gara... Gaueko euri zaparrada tropikalak apenas finitzen dira eta lehen isla arrosak agertzen dira pixkanaka desagertzen ari diren hodeien gainean.
11:37
Oraintxe ikusi dugu koronabirusa zabaltzen ari dela uhartean, orain arte kasu bakarra isolatua izan zelarik. Ez dakigu kontzertuak mantenduko diren. Saiatzen gara egunaz gozatzen, hala ere. Ez naiz hasiko gida turistikoa egiten izenak eta tokiak zerrendatuz, baina erran dezakegu ikusten dugun guziak, jaten ditugun fruituek bezain bat, kolore eta gustu daukala. Magnifikoa.

2020-03-21 Baiona. Konfinamenduan.
Usaian, idazteari uzten diodanean hainbeste denboraz, bi arrazoirengatik izan daiteke. Sobera ontsa pasatzen ari naiz eta ez dut idazteko denbora hartzen... ala sobera gaizki pasatzen ari naiz eta ez dut motibaziorik antzematen ene hitza betetzeko. Hor, 10 egun izan dira, eta biak pasatu zaizkit. Bihar saiatuko naiz, hala ere, biraren amaiera kontatzen, baita oraintxe bizitzen dugun egoera aipatzen.
2020-04-02 18:50, Baiona, konfinamenduan.
Puff… Beste 12 egun pasatu dira, eta ez dut idazteko denborarik hartu ere. Egia erran, bizitzen ari garen egoera bitxiak denborarekiko harremana -baita denboraren nozioa bera ere- moldatu eta moldatzen du. Hala ere, gogoa nuen gure biraren azken aste hori aipatzea, Tahitin bizi izan duguna zinez gauza ederra eta paregabea izan baita.
Baina ez naiz hemen hasiko egunez egun gertatutakoa kontatzen, ez eta suertez bisitatu ditugun leku liluragarriak eta bizi izan ditugun esperientzia eta aktibitateak zerrendatzen. Pixka bat urrun direlako jadanik (ez dut atzera begiratzeko usaia handirik, eta beraz oroitzapenak errazki desagertzen dira ene burutik, maleruski) eta, batez ere, horretan datzalako, ene iduriko, “bira” eta “oporren” arteko diferentzia. Gure kasuan, aitortzen dut antza izaten ahal dutela, eta lotutako argazkiek ez dute beste irudi bat emanen, ziur. Baina orain sartu garela, argi eta garbi agertzen da zer izan den bira horren gauza ederrena, baita bira baten gauza interesgarriena beti: jendea.
Biran izateak beti ematen dizu aukera bisitatzen duzun herriko jendearekin ezagutzeko, haien herrian, haien munduan, haien etxeetan, haien egunerokotasunean. Eta horrek ez du preziorik. Mila aldiz kontatu dugu istorioa biran zehar, baina ez zuei. Anitzek galdegin digutelako nola joan ginen Tahitira. Eta denek harritzen dira erantzuten dugunean: “Gomitatu gaituztelako”. Alta, horrela da. Sinpleki. Azaroan “Zugzwang” diskoaren kaleratzea iragarri genuenean prentsaurreko batean, iragarri genuen Japoniara eta Australiara joanen ginela… Eta egunean bertan jaso genuen mezu bat sare sozialen bidez:
“Eta Tahiti? noizko??”
Eta berriz ere erantzun genuen:
“Gomita itxoiten dugu!”.
Egun pare bat berantago idatzi zigun Shawc Martinek (Gorago Hervé deitu dudana), azalduz duela urte batzuk ikusi gintuela Frantzian emandako kontzertu batean, Fumelen, Lot-et-Garona departamenduan, bera zelako soinu ekipoaren arduraduna data hartan. Maitemindu zen taldearekin, eta orain segitzen gintuen, nahiz eta Tahiti uhartean bizi azken urteetan. Gehitu zuen saiatuko zela gauzak muntatzen eta astebete berantago lehen data konfirmatua zen. Beste behin ere, froga izan genuen kontzertu bakoitzak baduela bere garrantzia, eta aldi oro dena eman behar dela, edonon, edonoiz.

Shawcek beste 3 kontzertu konfirmatzen lortu zuen ondotik, baita elkarrizketa pare bat bertako irratietan ere, eta, horrez gain, etxean zeukan arbelaren gainean zerrendatu zituen eginarazi nahi zizkigun gauza guziak, baita aurkeztu nahi zigun jende guzia ere… Aste eroa izan zen, egunero bertako jendea ezagutu genuelako, baita bertan bizi ziren lagun batzuk atzeman, eta kontzertuen bidez jende berria ezagutu. Eta hori ere bada biraren magia: Jende guzi hauek batu eta haien artean ezagutaraztea… Gu izatea konexio puntu bat... Hau da biran den talde baten gauza politena dudarik gabe.
Kontzertuak berak aipatzeko, erran dezakegu denetarik izan zela… Lehen biak “akustikoak” izan ziren, hots, modu lasaian, showcaseetan egin genuen bezala duela zenbat hilabete… Lehena Papeeteko Atomi Records disko dendan izan zen. Momentu intimoa eta polita… Zinez berezia, eta handik pozik atera ginen “Zugzwang”en LP batzuk egonen zirela bertan salgai. Zaila da sinestea, baina bertako jabeak frogatu zigun bere denda zela mundu osoan dagoen disko denda isolatuena!! Beraz, nahiko puntu sinboliko baina polita zen guretzat imajinatzea euskarazko disko bat ere bazegoela denda hartan… Erran dezakegu euskara orain arte iritsi ez zen leku batetara eraman dugula… Ez da guti!

Bigarren kontzertua berriz ere formatu hartan izan zen, eta jende gehiagorekin. Horrez, gain luzaz jotzeko eskatzen zuen kontratuak, eta aretoan giroa gero eta beroagoa izanez (nabari zen Le Piment Rouge besta leku bat zela, kontzertu leku bat baino gehiago -izenak ere ez zuen duda handirik uzten !-, pixkanaka lerratu genuen kantu eta bertsio bortitzagoetara, Jimmi Hendrixen bertsio batekin amaitzeko, Shawcek kantatuko zuena… Batasun momentu ederra. Gaua ez zen luzatu, uhartearen itzuli erdia egin behar genuelako etxera sartzeko, eta beste bi kontzertu gau genituen oraindik aguantatzeko. Berriz ere, lo guti -aste hartan gauak 2, 4 edo 6 ordu irauten zuen gehienez- egunaz berriz gozatu baino lehen… eta azkenean kontzertu indatsua emateko.
French Toys taldeak ireki zuen 3. gaua (baita 4.a ere), eta beraien publikoa eraman zuten. Hobe guretzat. Bezperan eta aitzineko egunean ezagutu eta konbentzitu genituen zale berriak hurbildu ziren ere, baita bertako lagun zahar eta berriak. Eta giro ederra egon zen… Nahiz eta izerditan blai egon lehen kantatik, jauzika eta dantzan iraun genuen kontzertu osoan… berriz ere “Wild thing” bertsioarekin eztanda egiteko bukaeran. Gau bikaina, milesker Route66.

Momentu hartan, ez genekien azken kontzertua mantenduko zen ala ez. Astean zehar, COVID-19 kasuak biderkatu ziren uhartean, konfinamendua aipatzen hasi zen, eta, horrez gain, igandean hauteskundeak zirela eta, larunbat gaueko gauerditik goiti alkohola ezingo zen gehiago saldu Polinesia osoan… Beraz, ilusio guti genuen hurbilduko zen jende kopuruari buruz, eta, egiatan, pentsatzen genuen Caesar Palaceko jabeak ezeztatuko zuela… Gainera, azken horrek -benetako diskoteka jaberen portreta zen, guretzat Poliziarekin harreman estuegia eramaten dutenetakoa- ez zuen gehiago berririk ematen… Biharamunean bertan ikusiko genuen.
Denen esperoen kontra, data mantendu zen, eta sorpresarik gabe erran dezakegu besta pribatua bilakatu zela, taldekide, antolatzaile eta lagun hurbilen artean… Baina ez ginen batere damutu, eta norl daki? Igual kontzertu horrek ere ustekabeko ondorioak izanen ditu! Edozein gisaz, asmoa dugu laster etortzeko berriz. Lehen esperientzia hau ederra izan da, baina damutzen gara pixka bat ez dugulako aukera handirik izan bertako kulturarekin eta bertako jatorrizko populazioarekin kontaktuak egiteko… Aldiz, horren egiteko ate batzuk ireki ditugu aste hartan; beraz zinez espero dugu hurrengoan holako trukaketa bat egitea.
Ez naiz luzatuko azken egunak kontatzeko, hauek bai zinez opor egunak izan zirelako. Lortu genuen igandeaz gozatzen topera, Moorea uhartera joanez, nahiz eta Euskal Herrian eta Europan orokorrean pasatzen zenaren berri bagenuen, gero eta gehiago, gero eta latzago… Itzultzeko dataren bezperan ere ez genekien oraindik gure hegazkinak mantenduak zirenetz, Trumpek minutu batetik bestera iragarri zuen Los Angeleseko aireportua hesten zuela, eta ikasi genuen dagoeneko gure martxoko eta apirileko data guziak bertan behera erortzen zirela… Kolpe gogorra taldearentzat, disko berriaren bira apenas hasi genuelako etxean.

Astelehenean larriagoa bilakatu zen egoera. Frantzia eta Espainiako muga, gure herriaren erdian pasatzen den muga hori, hetsi zutela jakin genuen, eta Felixek ez zekien etxera sartu ahalko zenetz ere… Lehen hildakoen zenbaki beldurgarriak errepikatzen ziren irrati, telebista eta sare sozialetan… Interesik ez duten teoria eta iritzi guziak irakurtzen eta entzuten ziren.
Bagenekien orain etxera sartzeak zinez literalki erran nahi zuela etxean gakotzea, eta horrek ere ez zuen gogo handirik ematen, aitortzen badut ere gure lehen kezka momentu horretan zela gehiago jakitea lortuko genuenetz etxera sartzea sinpleki… Azken ordu hauek eta bueltako bidaia osoa, beraz, animo ezberdinez bete zen… Pozak eta tentsioak, tristeziak eta irriak, isiltasun uneak eta ezezagunekiko solasak. Azkenean, eta bizitutakoak arrunt beste sentsazio uzten bazigun ere, lortu genuen sartzen pentsatutako ordutegietan, eta hastapenetik pentsatutako ibilbidetik… Beraz, erran dezakegu 5 asteko bira horretan, munduaren itzulia egin dugula…

Pentsa ezazue, orduan, ze aldaketa den pasatzea munduaren itzulitik etxean gakotzera. Bira baten amaierak, usaian, erran nahi du “normaltasun” batera itzultzea… “Egunerokotasun” batera. Pasatzen dugu egunerokotasun horretatik eskapatu nahian bizitza osoan, baina 5 asteko bira baten ondotik, kasik plazerez eta irrika puntu batekin irudikatzen ahal duzu buelta hori… Erritmo sano bat hartu, familiakoekin eta lagunekin topatu, hainbeste maite ditugun bazter eta tokiak bisitatu, eta, ene kasuan, egiten dudan lehen gauzetatik bat, da “gure” itsasoa agurtzera joan… Baina aldi honetan, ezin izan dugu horrelakorik egin… Eta nik, bakarrik biziz, oraindik gutiago. Beraz ulertuko duzue konfinamendu fase hori zinez bitxia zaidala. Zinez, ez naiz batere pleinituko, ez dudalako egoera gogor bat bizitzen batere -eta gainera, orain arte birus madarikatu horrek ez du hurbileko inor hunkitu- baina bai, nago denbora burbuila batean, biratik sartua, baina egunerokotasunera ezin itzuliz…

Beraz espero dut hori jakiteak lagunduko zaituztela ulertzen nola demontre pasatu den hainbeste denbora VI. eta VII. kontakizunen artean ! kar kar...
Amaitzeko, erran behar dizuet normalean beste bi episodio kontatu nahi nizkizuela “flash back” batzuen bidez. Lehena Okinawa uharteko Naha hirian Sakurazaka Asylum festibalean pasatutako asteburuari buruz eta bestea Felixen urtebetetze egunari buruz, Australiako Apollo Bay herrian… Baina ikusiz egoera, ezin dizuet hitzeman lortuko dudanik errazki denboran bidaiatzea une hauetako sentsazioak berriz sentitzeko eta kontatzeko… Eta horrez gain, ez dakit oso aproposa litzatekeen eitb.eus-eko espazioa okupatzea ene istorio tipiekin!
Zinez, milesker handi bat irakurri gaituzuen guziei, bidaia denboran ala orain… Espero dut harreman hori mantenduko dugula bide batetik ala bestetik… Nola ez, nahi duenak atzemanen gaitu sare sozialetan, Instagram, Twitter ala Facebooken… Adi egon, konfinamendu istorio hori amaitzean, ahal bezain laster espero dugulako eszenatokietara itzultzea. Denok beharko dugulako seguru aski. Guk bai, hasteko !
Besorik gabeko besarkada bana… eta laster arte!

Zure interesekoa izan daiteke
Dwarves, Bridge City Sinners eta hamahiru talde gehiago, Azkena Rock Festivaleko Trashville espazioan
Garageari, surfari, psychobillyari eta punkari irekitako agertokiak bere kartel osoa aurkeztu du; besteak beste, Alice Cooper, Social Distortion eta Imelda May ageri dira aurtengo talde eta artisten zerrendaren buruan.
"Hasiera bat" diskoaren birako azken kontzertua eman du Gorka Urbizuk, Victoria Eugenia Antzokian
Gorka Urbizuk igande honetan eman du "Tour Bat" biraren azken kontzertua, Victoria Eugenia Antzokian (Donostia). Lekunberriko musikariak 4 kontzertu eskaini ditu Donostiako antzoki horretan, eta sekulako harrera eta berotasuna jasota, denetan agortu ditu sarrera guztiak. Igandeko kontzertua ikusgai izango da oso osorik ETBn.
Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet “Ahots kordak” prestatzen ari dira, kontzertu bakanen sorta
Estreinakoz, Eñaut Elorrietak eta Alos Quartetek kontzertu sorta bat emango dute: "Ahots kordak". Taldea sinplea eta eraginkorra izango da: soka laukote bat, ahotsaz osatua. Bidaia musikal honen lehen geldialdia Tolosan izango da, urtarrilaren 3an. Gasteizen, Zornotzan eta Donibane Lohizunen arituko dira gero.
Euskal Herria, Ekialdea eta Mendebaldea lotu nahi dituen jaialdi hegokorear baten egoitza
Bakea, identitatea eta gizatasuna sustatu nahi dituen jaialdiaren kontzertu nagusia astelehenean, azaroak 17, izango da, Guggenheim museoan. Hego Koreako musikariak arituko dira, Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal eta Josu Okiñena musikariekin batera.
Bad Bunny eta Ca7riel eta Paco Amoroso argentinarrak, garaile Latin Grammy sarietan
Bad Bunny izar handia eta gaur egungo bikote argentinar ospetsuena, Ca7riel eta Paco Amoroso, izan dira sari gehien irabazi dituztenak, urrezko bosna gramofono jaso baitituzte. Karol G-k abesti onenaren saria irabazi du "Si antes te hubiera conocido" lanarekin, eta Alejandro Sanzek ezustekoa eman du bi gramofono eskuratuta.
Neomak: "Beldurrek eragiten dizkiguten zalantzei abestu diegu"
Euskal folklorea eta elektronika uztartzen dituen proiektua laukote bilakatuta dator "Lazturak orbain" bigarren diskoa aurkezteko. Alaitzek, Garazik, Iratik eta Leirek, nolanahi den, Etxahun Urkizu (bateria) eta Eider Villalba (teklatua eta ahotsak) musikarien laguntza izango dute zuzenekoetan. "Orbainak ezkutatu beharrean, erakutsi nahi izan ditugu", esan diote Asier Otegui kazetariari "Egun On" saioan, "eraldaketa agerian utzi; indargune direla azpimarratuz, ahultasun gisa hartu beharrean, hausturak eta konponketak historiaren parte baitira".
"Kanthoria eta Auto-tunea", euskarazko musikaren historia entzungai eta ikusgai, Bilbon
Azaroaren 6tik abenduaren 4ra, Bilboko Abando Udaltegiak "Kanthoria eta Auto-tunea" Musika Bulegoak paratutako erakusketa hartuko du. Xabier Erkizia ikertzaile eta soinu-sortzaileak komisariatu du erakusketa, eta bidaia bat proposatzen du ahozko tradizioan jasotako lehen kantuetatik hasi eta musika sortzeko forma hibrido eta digital berrietara arte. Erakusketak material dokumentalak, irudiak eta entzuteko gailuak konbinatzen ditu. Musika; Bereterretxeren khantoria (Kalakan + Euskadiko Orkestra), Bertso Hop (Negu Gorriak), Tesla bat sutan (Merina Gris + Gorka Urbizu).
Bigsound jaialdi berriak Myke Towers, Juan Magan, Omar Montes eta Ben Yart eramango ditu Barakaldora
Valentzia, Sevilla eta Pontevedran ere egiten den jaialdia Ansioko azoka eremuan, Barakaldon, egingo dute 2026ko uztailaren 3an eta 4an, Euskal Herrian lehenengoz.
Iñigo Etxezarreta: "Disko berri batekin eta aurkezpen ekitaldi berezi batekin gatoz bueltan"
Urtebeteko "atseden kreatibo" baten ondoren, Iñigo Etxezarretak (ETS) taldearen itzuleraz hitz egin digu, disko berriaz (Konkista, abenduaren 5ean salgai) eta lan horren aurkezpen jai bereziaz: azaroaren 30ean izango da, Gasteizko Buesa Arena pabiloian.
Euskadiko Orkestra, 132 abeslari ez-profesionalen bila
Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren bigarren edizioan izena emateko epea abenduaren 4ra arte egongo da zabalik. Kontzertuak martxoan izango dira, Bilbo, Donostia eta Iruñean, eta izena ematen dutenek “gutxieneko musika prestakuntza izan eta partiturak irakurtzen jakin beharko dute”.