Iñaki Añua zendu da, 40 urtez Gasteizko jazz jaialdiko zuzendaria izandakoa
Gasteizko Nazioarteko Jazz Jaialdiaren berrogeita bosgarren edizioa hasi eta egun batera, Iñaki Añua 40 urtez musika jaialdiaren zuzendari izandakoaren heriotzaren berri eman du bere familiak. 78 urte zituen.
Añuak 1979an hartu zuen bere gain Arabako hiriburuko jazz jaialdiaren gidaritza, topagunearen hirugarren edizioan, eta 2018ra arte zuzendu zuen. Haren eskutik iritsi ziren Gasteizera Chick Corea, Bobby McFerrin, Pat Metheny, Dizzy Gillespie, Paco de Lucia, Herbie Hancock, Jaco Pastorius, Ella Fitzgerald eta beste hainbat artista erraldoi.
Iñaki Añuak Antzinako Musikaren Arabako Astea ere zuzendu zuen, Baskoniaren lehen taldeko jokalaria izan zen, jazz saio bat izan zuen Radio Vitorian berrogei urtez, Gasteizko hiriaren Urrezko Domina eman zioten 2006an eta Wynton Marsalisek "Iñaki's Decision" mugimenduak eskaini zizkion Vitoria Suite lanean.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko