"Ferminek aurrea hartu dio beti bere garaiari"
Joan-etorriko artefaktua da musika baliotsua: iraganetik hartu, orain sortu eta gerora ematen da sorkari erritmiko eta melodikoa, halabeharrez. Hori presente izan dute eta izaten dute esker oneko sortzaile ernaiek, dela Johnny Cash beterano batek, bere ibilbidearen hondar aldian, Nine Inch Nails talde modernoago baten proposamenari irekita, dela –zer dakit nik, hamaika adibide daude– Sara Zozayak eta Benito Lertxundik elkarrekin kantatzen Benetan kantuan (Sara Zozaya, I, 2020).
Johnny Cash, "Hurt" Nine Inch Nails taldearen kantuaren bertsioa egiten
Etsenpluak ugari dira, esan bezala, musikaren orainaren, iraganaren eta etorkizunaren arteko besarkadez ari garela; Fermin Muguruza musikariak, esaterako, euskal musikagintzaren katebegi berriagoen esker ona jasoko du ostegunean, urriak 31, toki ezin hobetik, Bilboko Kafe Antzokiaren agertoki gainetik.
Verde Prato musikariak, Hofe x 4:40 Igotz Mendez Hofe abeslariaren eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleen proiektuak eta Nakar taldeak Fermin Muguruzaren 40 urteko musika ibilbidea (Kortatu, Negu Gorriak, Fermin Muguruza eta Dut, bakarkako ibilbidea…) ospatuko dute, kantuan; "kantatzen du(e)n herri bat ez da inoiz hilko"-eta, jakina denez.
"Zu atrapatu arte" Kortaturen bertsioa, Verde Pratoren ahotsean
Bime musika industriaren profesionalen Bilboko topaketak antolatu du osteguneko emanaldia, eta, horren kari, hainbat aldiz subjektu gisa gauzatu duen belaunaldi arteko omenaldia bueltan etorriko zaio Irungo musikariari, iragarri zutenetik arreta handia erakarri duen munduko bira abenduan abiatu aurretik. Izan ere, ezin konta ahala omenaldi egin ditu Muguruzak bere obran (Mikel Laboa, The Clash, Rich Kids on LSD, Toots and the Maytals, Fugazi, M-ak…) eta aurrera ere begiratu du, esate baterako, Dut talde gazteagoari batuta 1997an Ireki Ateak diskoa plazaratzeko.
Orain, Verde Pratok, Hofe x 4:40k eta Nakarrek bere musika nola interpretatzen duten entzuteko parada izango du Muguruzak, eta guk Hoferekin hitz egin dugu, atariko gisa, kontzertuaren aurretik.
Zein da Fermin Muguruzarekin lotuta daukazun lehen oroitzapen musikala?
Lehen oroitzapen musikala hori baino lehenagokoa izango da seguru, gurasoek Kortatu, Negu Gorriak eta Ferminen bakarkako musika entzuten baitzuten, txikia nintzenean.
Baina galdera honek Eñaut ekarri dit burura, nire lagunik onena. Iruñerria Jamaica Clash reggae kolektiboko kidea zen, eta garai horretan asko hitz egin genuen Ferminen ibilbideari buruz: Euskal Herria Jamaika Clash eta Asthmatic Lion diskoak…
Zer esangura dute zuretzat Kortatuk, Negu Gorriakek eta Fermin Muguruzaren bakarkako bideak?
Ferminek, Iñigok-eta egindakoak puntu eta bereiz jarri zuen Euskal Herriko kulturan; gure nortasuna mundu osora hedatu zuten, eta hedatzen dute.
Ferminek aurrea hartu dio beti bere garaiari, nire ustez: beti soinu berrien bila, ideia berriak lantzen.
Nola deskribatuko zenioke Muguruzaren bidea eta ekarpena sekula haren berririk izan ez duenari?
Beti musika berritzailea egitea bilatu duen pertsona bat dela esango nioke, hainbat soinu nahasi dituena, musika berriaren bila.
Eta zer kantu jarriko zenioke Muguruza aurkezteko?
Ibilbide hori edo eboluzio hori adierazten duten hainbat kantu jarriko nizkioke pertsona horri. Lehenengo maketetatik hasi, gero Negu Gorriak, Dutekin egindako diskoa, Euskal Herria Jamaika Clash…
Artistaren eboluzioa nabarmenduko nioke, kantu ezberdinen bidez.
Zerk lotzen ditu zure musika edo musikaren gaineko zure ikuspegia Fermin Muguruzaren obrarekin?
Lotura dezente dagoela esango nuke. Nik ez dut neure burua estilo konkretu batera mugatzen, eta gustuko dut musikarekin jolastea: soinu berriekin probak egin, loturak bilatu eta aurkitu…
Uste dut horrek asko lotzen duela gure mobida Ferminek egiten duenarekin.
Joango zara Ferminen 40. urteurreneko birako kontzerturen batera?
Bai, oraingoz bi kontzertutara joango naiz: Bilboko kontzertura, Miribillakora, eta, datorren urtean, Anoetakora. Hori oraingoz, espero dut besteren batera ere joatea.
Zein kantu ez jotzea ez zenioke barkatuko eta zeinetan lagundu nahiko zenioke zuzenean?
Ez nioke barkatuko Amodiozko kanta ez kantatzea. Nire kanta gustukoena da, eta berarekin kantatuko nuke, noski.
Zer esango zenioke (esan diozu/esango diozu) Fermini aurrez aurre? Zer mezu helarazi nahiko zenioke?
Hainbat gauza. Bere ibilbideari buruz galdetuko nioke, eta, egia esan, izan dut jada berarekin horri buruz pixka bat hitz egiteko aukera.
Izugarria iruditzen zait Fermin entzutea, giza entziklopedia bat da.
Zer asmo edo aurreikuspen dituzu zure musika proiektuarekin?
Oraingoz, disfrutatzea, egiten dugunarekin gozatzea. Beti ibiltzen gara hurrengo pausoaren bila, eta orainaz gozatzea ahazten zaigu.
Beti jo eta ke lanean, beti disfrutatzen, baina orainean bizitzen saiatzen ari naiz.
Zure interesekoa izan daiteke
Sigur Rós talde islandiarrak Bilbon joko du irailaren 15ean
Emanaldia Euskalduna Jauregian izango da, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera. Kontzertua Robert Ames zuzendariarekin eta tokian tokiko orkestrekin egiten ari diren biraren parte da.
Basoa eta Lasai Bilbao BBK Live jaialdiko guneek osatu dute aurtengo kartela
2manydjs (DJ set), Donato Dozzy, Erol Alkan, Meritxell de Soto, DJ Koze, Somadamantina (live) eta beste hainbat disko-jartzaile arituko dira jaialdiko bi gune elektronikoetan.
Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren bigarren edizioa Euskaldunara iritsiko da gaur
Aurten 132 abeslari ez profesionalek parte hartuko dute ekimen honetan, orkestrarekin eszenatokian zuzenean abestuz. Gaur Bilbon arituko dira, Euskalduna Jauregian, eta datorren astean bi emanaldi eskainiko dituzte Donostian, Kursaal Jauregian.
Juanjo Mena, euskal batuta unibertsala
Musikari gasteiztarra Bilboko Orkestra Sinfonikoaren, BBCko Orkestra Filarmonikoaren eta Cincinnatiko Maiatzeko Jaialdiaren zuzendari titularra izan da, eta Arabako Urrezko Domina eta Gasteizko Seme Kutunaren izendapena jaso ditu.
Euskal orkestra-zuzendariak bideo hau kaleratuta eman zuen jakitera alzheimerra zuela
Nazioartean ospe handia duen zuzendariak 2025ean eman zuen diagnostikatu zioten gaitz horren berri, eta "lasaitasunez eta musikarekiko esker onez" aurre egingo ziola esan zuen.
Juanjo Menak agur esango dio publikoari aurten
Gasteizko orkestra-zuzendariaren aurtengo kontzertuak “podiumetik” egingo dituen azkenak izango dira, eta egindako bidea gogoratu nahi du berorietan. Alzheimerra detektatu ziotela iragarri zuen 2025eko urtarrilean.
Eñaut Elorrieta diskoa grabatzen ari da, Bryce Dessner eta David Chalmin ekoizleekin
Musikaria The National taldeko gitarristarekin eta Triple Sun taldeko kidearekin ari da bere hurrengo lana ontzen, Senperen. Bon Iver, Sufjan Stevens, Bruce Springsteen, Nick Cave, Taylor Swift eta Madonna musikariekin zein Labèque ahizpekin aritutako musikariek parte hartuko dute saioetan.
Bilbao All Star Blues Band, Travellin’ Brothers eta The Cherry Boppers, Bilbao Blues Festivalen
Festibalaren bosgarren edizioan Bilbao All Star Blues Band taldeak joko du, jaialdirako propio sortua eta Bob Stroger baxu-jotzaileak eta Willie Buck abeslariak osatzen dutena, besteak beste.
Gure Ahotsak zikloak Clara Peya, La Tremendita, Chica Sobresalto, Mirua eta Neomaken kontzertuak eskainiko ditu
Emanaldi errenkadak emakume musikarien kontzertuak antolatu ditu berriz Donostian, martxoaren 3tik 7ra.
ETS, Nøgen, Hofe, Danielle Nicole eta Ibibio Sound Machine, Zurriolan Jazzaldian
Donostiako 61. Jazzaldian Zurriolako hondartzan, Keler Gunean, doako kontzertuak eskainiko dituzten talde eta artisten izenak iragarri dituzte. Uztailaren 22tik 25era, zortzi kontzertu izango dira.