Akerbeltz taldeak kontzertu solidarioa emango du La Cuadri del Hospi babesteko
La Cuadri del Hospi ume minbizidunen eta hezur muineko dohaintza hedapenaren aldeko elkarteak elkartasun jaia ospatuko du Bilbon, BBK Salan, otsailaren 8an, 20:00etan dirua bildu eta Gurutzetako Ospitaleko onkologiako pazienteen eta haien familien egunerokoa eramangarriagoa izan dadin bideratzeko.
Ingot taldeak irekiko du kontzertua, Itziar Ituño kantaria buru, eta Akerbeltz erromeria taldeak hartuko dio lekukoa. Azken horiekin batera kantatuko dute Itziar Ituñok, Pasion Vegak, Yogurinha Borovak, Kai Nakaik, Zuriñe Hidalgok, La Txamak, Mikel Urdangarinek, Agus Barandiaranek (Korrontzi), Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar), Jonyk (Kaotiko) eta Iñaki Ortiz de Villalbak (Betagarri).
Sarrerak salgai daude, zortzi euroko prezioan.
La Cuadri del Hospi 2015ean sortu zuten, eta minbizia duten haur eta nerabeen eta haien familien ongizatea hobetzeko lan egiten du: laguntza programa eta jarduerak dituzte eta LCDH Gunea sortu dute ospitaletik kanpo, onkologia pediatrikoko kontsulten eta tratamenduen zain dauden bitartean pazienteak, senideak eta laguntzaileak jolastu eta "beraiek izan daitezen".
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko