Juanjo Mena, euskal batuta unibertsalena
Juanjo Mena (Gasteiz, 1965) azken hamarkadetan nazioartean itzal handiena izan duen euskal musika zuzendaria da. Musika ikasketak Gasteizen hasi eta Madrilen zabaldu zituen, Carmelo Bernaolaren eskutik besteak beste.
1997an, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra sortu berriaren zuzendari artistiko izendatu zuten, eta 1999tik 2008ra BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistiko eta zuzendari nagusi izan zen. 2010ean, BBCren Orkestra Filarmonikoa zuzentzeari ekin zion, zuzendari titular gisa, 2018ra arte.
Halaber, munduko orkestra ospetsuenetako batzuen zuzendari gonbidatua izan da Mena, hala nola Bergengo Orkestra Filarmonikoa (Norvegiako taldearen zuzendari gonbidatu nagusia izan zen), Berlingo, Bambergeko, Danimarkako, Frantziako, New Yorkeko, Bostongo, Chicagoko eta Baltimoreko orkestrena eta, noski, Euskadiko Orkestrarena, sarri askotan.
Arambarri, Guridi, Arriaga, Isasi, Usandizaga, Sarasate eta Escudero euskal maisuen partiturak interpretatu ditu Menak, agertokian zein estudioan, eta bereziki maite du Ravelen Boleroa.
Carlos Mena kontratenorraren anaia da Juanjo, eta Legution bizi da. 2017an, Arabako Urrezko Domina eman zioten, eta 2018an Gasteizko Seme Kuttun izendatu zuten.
Alzheimerra duela iragarri duen honetan, familiaren, lagunen eta medikuen laguntza izango du "inoiz aurrez aurre izan dudan partiturarik zailena interpretatzeko".
Oraingoz, eritasuna gorabehera, lanean jarraitzeko asmoa du, eta hainbat kontzertu ditu iragarrita. Otsailaren 5ean Valentzian izango da, ongintzazko kontzertu batean, eta hurrengo asteetan, Reykjaviken, Bartzelonan, Madrilen, New Yorken eta Cincinnatin.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko