EHZ jaialdiak ozen zabalduko du herriaren erritmoa
1996an Arrosan jaio eta Idauze-Mendin, Heletan, Lekornen eta Irisarrin marduldu eta gero, Arberatzen loratuko da, ekainaren 27tik 29ra, EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdia, “herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua, produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetatik kanpo”.
Musikari gagozkiola, baina, erritmoak aginduko du, baiki, Amikuze eskualdeko festibalgunean, Arberatze eta Zilhekoa agertokietan eta herriko plazan; “Lurraren herritmoa” lelopean, denetariko erritmo eta doinuak kabituko dira EHZren proposamenean.
Ostiral, larunbat eta igandean, eguneko zein gaueko programazioa izango da. Musikak du itzal handiena festibaleko egitarauan, noski, baina antzerkia, haurrentzako jarduerak eta hitzaldiak ere egongo dira hiru egunean, besteak beste.
Ostiralean, Zetkin punk feministako taldeak berotuko du giroa Plazan (20:00), doako programazioaren barruan. Jarraian, ordainpeko kontzertuen proposamenaren barruan (23 euro kostatzen da lehen eguneko sarrera), oholtzatik pasatuko dira Bengo (21:45), Auhen Ødei rap abeslaria eta beste bost musikari batzen dituen proiektua (22:30), Maskak (00:15) eta W!zard Bordeleko post-punk taldea (01:15), besteak beste.
Larunbatean, Fermin Muguruza izango da jardunaldiko kartelburua, dudarik gabe: irundar musikariak 40 urteko ibilbidea ospatzeko egiten ari den bira EHZra iritsiko da, Anoeta estadioko emanaldi historikoa bukatu berritan iragarri zutenez, eta Arberatze agertokian izango dira entzungai, berriz ere, Muguruzak bakarkako ibilbidean, Kortaturekin eta Negu Gorriakekin sortutako kantuak.
Ez da eguneko kontzertu azpimarragarri bakarra izango, noski, Muguruzaren eskutik joko baitute Naxkerrek (17:45), Olaia Inziartek (18:30), Xsakarak (21:00), Galderrek (00:00) eta Marte Lasartek (00:45), esaterako.
Igandean, Errobiren (18:45) eta Tapia eta Leturiaren (20:30) kontzertuak izango dira hitzordu nagusiak, baina hobe adi egon Radio Byzanceren (21:30) eta Xiberoots (22:15) taldeen reggae doinu eta erritmoei ere.
Festibalariek kapinerako sarbidea izango dute, urririk.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko