EHZk “emaitza ona eta emankorra ematen segitzen du”
2026. urtean 30. urteurrena ospatu aurretik, joan den asteburuan Arberatzen egindako festibalaren antolatzaileak pozik agertu dira emaitzarekin.
EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 29. edizioa, Arberatzen egin duten bigarrena, “aberatsa” izan da, antolatzaileek prentsa ohar batean helarazi dutenez: “Euskal Herriko eta kanpoko taldeak elkartuz zein lurralde desberdinetako festibalariak batuz, Euskal Herria Zuzenean festibalak emaitza ona eta emankorra ematen segitzen du”.
Festibala “Fermin Muguruzaren kontzertuak markatu du”, idatziak dionez; izan ere, larunbatean, hiru eguneko jaialdiaren erdian, Arberatzera iritsi zen irundar musikaria 40 urteko ibilbidea ospatzeko egiten ari den nazioarteko bira. Muguruzak ez ezik, nolanahi den, arrastoa utzi dute Arberatzen, besteak beste, Queer Falafelek, Naxkerrek, Marte Lasartek, Galderrek, Errobik eta Tapia eta Leturiak ere.
Datorren urtean EHZren 30. urteurrena ospatzeko gogoz da antolakuntza taldea, “kultura folklorismotik eta azalkeriatik haratago doala aldarrikatuz. Dantzatu guri dagokigun erritmora: erresistentzia elez, iraultza taupadaz, askatasun doinuz”.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko