Gasteizko jazz jaialdiak 50 kontzertu programatu ditu
Gasteizko Jazz Jaialdiak 50 bat kontzertuko egitaraua aurkeztu du 48. ediziorako, eta jazz puruena eta jazzak zeharkatzen dituen beste hainbat estilo (soula, rocka, bossa nova…) entzungo dira, hortaz, Arabako hiriburuan uztailaren 14tik 19ra.
Mendizorrotzan izen handienak arituko dira, ohi bezala, hilaren 16an hasita: Clasijazz Big Band Charles Mingusen Epitaph interpretatzen, Jazzmeia Horn eta José James (uztailak 17), Al Di Meola eta Kenny Barron (uztailak 18), Dora Morelenbaum eta Toquinho, Yamandu Costak lagunduta.
Gainera, Principal antzokian egin ohi zen zikloa Europa jauregira aldatuko dute aurten, antzokia berritzen ari direla eta, eta biltzar jauregian joko dute, ondorioz, Move laukoteak (Iñigo Ruiz de Gordejuela, Borja Barrueta eta Alberto Arteta euskal musikariak eta Javier Callén aragoiarra, hilaren 14an) eta beste hainbat proposamen garaikidek.
Jazza kalean ere entzungo da, halaber, Jazza Kalean (hamar talde lokal eta South Side Stompers katalanen kalejira) eta Jazza Parkean zikloei esker. Azken hori jaialdiaren atariko gisa funtzionatuko du, uztailaren 12an, eta hamabi orduko musika programazioa proposatuko du Prado parkean, EITBren parte-hartzearekin: Jesus Guridi Musika kontserbatorioko ikasleen eta Luis Aramburu Musika Eskolako Bangbaduo konboen emanaldia, Septeto Santiaguero, DJak, Zarata Selektion, Hip Horns Brass Collective, The Allnighters, Rambalaya, Geometrical Sardine eta Adrián Royo.
Azkenik, hiriko hainbat lokal jazz klub bihurtuko dira jazz jaialdiak iraungo duen egunetan: Café Abisinia, Bar El Abuelo, Extitxu, Café Dublín, Hotel Kora Green City, Sidrería Mendiola, Urria Taberna, NH Canciller Ayala, La Musa, HF, Bar Toloño eta The Tap.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko