Heriotza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Robe Iniesta, Euskal Herrian itzala utzi duen “Extremadurako erregea”

Gaur zendu den musikari eta poeta, Extremoduroko burua, Bizkaian bizi izan zen hainbat urtez, eta lotura estua izan zuen zenbait euskal musikarirekin, hala nola Iñaki "Uoho" Antón, Jose Ignacio Cantera eta Miguel Colino Extremoduroko taldekideekin, Fito Cabralesekin eta Gatibu taldearekin.

Robe Iniesta 2021ean

Robe Iniesta, kontzertu batean, 2021ean. Argazkia: Europa Press.

Robe Iniesta (Plasencia, Extremadura, 1962-2025) musikagile, kantari eta idazlea, gaur zendu da, 63 urte zituela. Iniestaren izena Extremadurarekin lotuta dago ezinbestean, Plasencia hiriko seme harrotzat agertu zen sarritan Extremoduroko burua, eta “Extremadurako errege” izendatu zuten herritarrek aklamazioz, ilogika monarkikoa baino bide bidezkoagotik.  

Nolanahi den, Iniesta hainbat urtez bizi izan zen Bizkaian, azken urteetan Extremadurara itzuli aurretik, eta harreman estua izan zuen, nola euskal publikoarekin, zeinean arrasto sakona utzi baitu, hala euskal musikariekin.

Gatibuk, esaterako, euskaraz kantuan jarri zuen, Doniene Diskoinfernu diskoko kantuan. 

Hori baino lehen, baina, Iñaki Uoho Antón Platero y Tu taldeko gitarrista Extremoduroko kidea izan zen 1996tik taldearen amaierara arte (2019an agur bira bat iragarri zuten, baina azkenean ezin izan zen egin, pandemia tarteko), eta Jose Ignacio Cantera bateria-jotzaile zehatza eta Miguel Colino baxu-jotzailea ere, biak ere bizkaitarrak, Extremoduroko kideak izan ziren, 1997tik aurrera bata eta 2001etik aurrera bestea.

1990eko hamarkadan, Platero y Tu bilbotarrei eta Extremodurori elkarren eskutik iritsi zitzaien arrakasta masiboa, eta Espainiako Estatu mailako bira gogoangarria egin zuten bi taldeek 1996an. Horrek taldekideen arteko harremana indartu zuen, eta, Uhorekiko harremanak ez ezik, Fitoren eta Roberen arteko konplizitateak ere ugari eman zituen fruituak. Fitoren ahotsa Extremoduroren hainbat kantutan entzun daiteke (“Golfa”, “La vereda de la puerta de atrás”…) eta Roberena bai Platero y Turen kantuetan (“Si miro a las nubes”, “Juliette”…) baita Fito y Fitipaldisenetan ere (“Ni negro ni blanco”, “Trozos de cristal”).

Gainera, Robek, Uohok eta Fitok Extrechinato y Tú proiektua abiatu zuten 1996an, Manolo Chinato extremadurar poetaren ondoan, eta Poesía básica disko baliotsua argitaratu zuten 2001ean, zenbait euskal musikariren laguntzaz (Cantera, Jesus García Platero y Tuko bateria, Javier Alzola saxofonista eta Jose Alberto Batiz gitarrista, esate baterako).

Horrez gain, Iniestak The Flying Rebollos portugaletear taldearekin, Marearekin, La Griperekin, Doctor Deseorekin, Memoria de Pezekin eta Ciclonautasekin batera ere kantatu du estudioan.

 

Robe Iniesta eta Kutxi Romero 2019an

Euskaraz

Gainera, Gatibu taldearen eskutik euskaraz ere kantatu du Robek. 2002an, Iñaki Uoho Antonek grabatu zuen gernikarren lehen diskoa, eta Robe “Mila doinu aidien” eta “Lorak eskaintzen” kantuetan abestera animatu zuen.  

Hurrengo, diskoan, Diskoinfernu izenekoan errepikatu egin zuen Robek gatibutarrekin batera, "Doniene" kantuan, 2005ean. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X