Robe Iniesta, Extremoduroko liderra, hil da, 63 urterekin
Extremadurako musikaria 63 urte zituela hil da. Bere komunikazio agentziak albistearen berri komunikatu bidez eman du, heriotzaren zergatia zehaztu gabe.
Robe Iniesta, azken hamarkadetako Espainiako rockaren figura garrantzitsuenetako bat eta hainbat belaunaldi markatu dituen musikaria, hil da. Bere komunikazio agentziak zabaldutako oharrean bere ekarpen artistikoa, Estatuko musikan izan zuen eragina eta bere konposizioen sakontasun literarioa nabarmendu dituzte.
Artistak (azken urteetan Bizkaian bizi zen), duela urtebete utzi zituen agertokiak, eta osasun arazoengatik Madrilen eman behar zituen azken kontzertuak bertan behera utzi zituen. Orduan, biriketako tronboenbolismoa diagnostikatu ziotela azaldu zuen, eta horrek atsedena hartzera behartzen zuen.
Extremoduro laurogeiko hamarkadaren amaieran sortu zen, eta Estatuko rockean eragin handia izan zuen. Harrezkero, Iniesta erreferente kultural bihurtu zuen.
Heriotza
Robe Iniesta, Euskal Herrian itzala utzi duen “Extremadurako erregea”
Gaur zendu den musikari eta poeta, Extremoduroko burua, Bizkaian bizi izan zen hainbat urtez, eta lotura estua izan zuen zenbait euskal musikarirekin, hala nola Iñaki "Uoho" Antón, Jose Ignacio Cantera eta Miguel Colino Extremoduroko taldekideekin, Fito Cabralesekin eta Gatibu taldearekin.
“Gaur, azken filosofo handiari agur esan diogu, azken humanista handi eta hispaniar hizkuntzaren letra-gizona, eta belaunaldi andana bat dardarazi dituen melodien abeslaria”, azaldu du ordezkaritza agentziak “gure bizitzako oharrik tristeena” dela zehaztu duen testuan.
Horrez gain, hurrengo egunetan musikaria agurtzeko “omenaldiaren” inguruko informazioa emango duela aurreratu du. Zehazki noiz eta non egingo den ez dute jakinarazi, baina Plasencian izango da, haren sorterrian.
Robe 1962ko maiatzaren 16an jaio zen, Plasencian (Caceres), eta 2024an Arte Ederren Espainiako Urrezko Domina eman zioten. Espainiako rocke musikari eta letragile ospetsuenetakoa izan da, eta, haren komunikazio agentziak azpimarratu duenez, "ubera utzi du filosofo, artista eta literaturagile gisara ere". Gainera, "politika eta gizarte arloetan utzi zuen arrastoa" ere nabarmendu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da