Gonzalez Iñarritu arrakastaren bidean sendo, Urrezko Globoetan
"The Revenant" Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarraren filmeko lantaldeak gau gogoangarria bizi izan du bart, Urrezko Globoen 73. edizioan, hiru sari, drama, zuzendari eta gizonezko aktore nagusi onenenak, bereganatuta. Aurrerapausoa eman du lanak horrela, datorren asteko ostegunean iragarriko dituzten Oscarretarako izendapenei begira.
?The Revenant? zeremoniako atal nagusian, film dramatiko onenarenean, gailendu da, ?Spotlight?, ?Carol?, ?Mad Max: Fury Road? eta ?Room? filmen aurretik, eta Iñarrituk, ?Babel? eta ?Birdman? lanekin ere izendatuta egon zen arren, lehenengoz irabazi du zuzendari onenaren Urrezko Globoa.
Tampico hiriko zuzendariak filmeko protagonistaren, bere atalean saria jaso duen Leonardo DiCaprioren, lana goraipatu du: ?Leo, zeu zara gizona. Zurekin lan egitea inoizko esperientziarik onena izan da niretzat?, esan du.
DiCapriok hirugarrenez eraman du, hamaikagarren izendapenean, Hollwoodeko atzerritar prentsak ematen duen saria, Bryan Cranston ("Trumbo"), Michael Fassbender ("Steve Jobs"), Eddie Redmayne ("The Danish Girl") eta Will Smith ("Concussion") bentzututa.
?Saria zinta honetan islatuta agertzen diren lehen biztanleekin eta mundu zabaleko indigenekin partekatu nahi dut?, adierazi du DiCapriok mintzaldian.
?Bada garaia zuen historia aintzat hartzeko eta zuen lurrak korporazioen interesetatik eta esplotatu nahi dituzten horiengandik babesteko. Zuen ahotsa entzuteko eta planeta datozen belaunaldietakoentzat zaintzeko ordua da?, erantsi du.
?The Revenant? filmak benetako gertaerak ditu kontagai: Hugh Glass esploratzaileak (DiCaprio) hartz baten erasoa pairatu zuen, eta espediziokideen abandonuari egin behar izan zion aurre, baina, mendeku gosea akuilu, biziraun egin zuen eta hainbat kilometroko bideari ekin zion bide bazterrean utzi zuten horiek harrapatzeko.
?Carol?, Patricia Highsmithen eleberrian oinarrituta Todd Haynesek eginiko melodrama, zen faboritoa, sei izendapen baitzituen, baina esku-hutsik itzuli da etxera, ?Spotlight? kazetari batzuen ikerketa kontatzen duen pelikula bezalaxe.
Dramaren esparruan, Brie Larsonek (?Room?) irabazi du emakumezko aktore onenaren saria, Cate Blanchett (?Carol?), Rooney Mara (?Carol?), Saoirse Ronan (?Brooklyn?) eta Alicia Vikander (?The Danish Girl?) kideen aurretik.
Komedia eta musikalen esparruan, ?Marte? nagusitu da film onenaren atalean. Ridley Scott zuzendariak jaso du golardoa, harro, eta, hitza hartuta, kritika txiki bat egin die bere filma atal horretan sailkatu dutenei, hots, antolatzaileei eta Fox etxeari.
?Komedia? Ez dakit, baina esker onez hartzen dut. Hilondoko saria emango zidatela pentsatzen hasita nengoen?, esan du 78 urteko zinemagileak Urrezko Globoa lehen aldiz jaso berritan.
Jennifer Lawrencerentzat (?Joy?) izan da komediako emakumezko aktore onenaren saria. Hirugarrenez jaso du 25 urteko aktoreak, ?Silver Linings Playbook? eta ?American Hustle? pelikulengatik ere jaso baitzuen.

?Hona igotzen naizen bakoitzean, zuri esker izaten da?, esan dio aktoreak David O. Russell zuzendariari. ?Eskerrik asko ni aukeratzearren eta maila pertsonal zein profesionalean horrenbeste irakastearren. Zinezkoa da zinemarenganako zure maitasuna?, gehitu du.
Halaber, Matt Damonek komediako gizonezko aktore onenaren saria bereganatu du, aurreikuspenak beteta, ?Marte? filmean eginiko lanagatik.
Bestalde, Kate Winslet (?Steve Jobs?) eta Sylvester Stallone (?Creed?) aukeratu dituzte bigarren mailako aktore onenen atalean.

Stallonek gaueko txalo-zaparradarik ozenenetako bat jaso du, hiru aldiz izendatuta egon eta gero (?Rocky?ren gidoigile eta ekoizletzat jaso zituen lehenengo biak, duela 40 urte) lehen aldiz jaso ondoren Urrezko Globoa.
Atzerriko film onenaren saria ?Son of Saul? hungariarrari ematea ebatzi dute.
?Inside Out? izendatu dute animaziozko film onena, Aaron Sorkinek ?Steve Jobs? filmerako sortutakoa izan da gidoirik onena, eta Sam Smithek ?Spectre?rako egin zuen kantak ere saria eraman du.
Azkenik, soinu bandarik onenaren Urrezko Globoa Ennio Morriconek ?The Hateful Eight?erako sortutako lanarentzat izan da.
Quentin Tarantino filmeko zuzendariak jaso du golardoa, eta Mozart edo Beethovenen mailan jarri du italiar maisua.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
“Palestine 36” filmak irekiko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia
Apirilaren 23tik 30era 23. edizioa egingo duen jaialdiko pelikuletan hizpide hartuko dituzte, besteak beste, emakumeek erlijioetan duten zeregina, larrialdi klimatikoa, prekarietatearen feminizazioa eta pertsona transek landa giroan duten egoera.
Piztu ziren argi gorriak Hernaniko eskalextrikean
"Argi Gorriak" telesailaren zortzi ataletan, krudela oso da komedia, bizitza nola. Zortzi atal horietan, algarak izozten dizkizute gidoilariek eztarrian.
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.