Ben Sharrock: '‘Pikadero’ ez da entretenimendu hutsa'
Krisi gaitzizen eufemistikoaren mozorropean saldu nahi izan diguten iruzur anker eta lukurreria jarraitu honen ondorioak arlo guztietara zabaldu dira, mila besoko munstroa bailitzan; nora jo, han aurkitzen ditugu efektuok, errukirik gabe. Atzean utzi ezinezko itzal bihurtu zaizkigu beste batzuen lapurreten zamak, nola, noski, kontsumoarekin lotutako eremuetan (elikadura, osasuna, argindarra?) hala eguneroko bizimoduan, besteekin harremanak ezartzeko moduetan berbarako.
?Pikadero? Ben Sharrock eskoziarrak zuzendu duen eta gaur, ostiralarekin, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatuko den filmak ere ideia hori azpimarratzen du, eta istorio zinez gertukoa kontatzen du Arratian filmatutako pelikulak: egoera ekonomikoaren gatibu, gurasoen habia utzi ezinik dabilen bikote gazte batek arazo larriak ditu gurasoen etxean ?bikote-eginbideak betetzeko?. Elkarrekin lasai egoteko gero eta gogo handiagoz eta hotel bat ordaintzeko dirurik gabe, toki publikoak bilatu behar dituzte elkarrekin egoteko: "txortalekuak". Haien arteko harremana kolokan geldituko da amiltzen ari den ekonomia batetik askatzen saiatzen direnean.
Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailetik pasatu eta gero ?Pikadero? zinema aretoetan estreinatuko den egunean, Sharrockekin hitz egin dugu, pelikulaz, egoera ekonomikoak ezartzen dituen estutasunez, komunikazioaz eta beste hainbat konturi buruz.
?Pikadero?ren oinarria elkarren arteko harremana garatu ezinik bizi diren bi gazteren istorioa da, eta, bide batez, pairatu dugun ebaste bidegabearen ondorioetako batzuk pantailaratu dituzu. Aldatu ote du herstura ekonomikoak gure artean komunikatzeko modua?
Hara! Galdera zaila. Egia esan, teknologiak gure arteko harremanak horrenbeste aldatu dituenez, ez dakit krisi ekonomikoak ere horrekin zerikusirik izan duen. Baina gauzak are okerrago jartzera, plastikozko edalontzien eta hariaren garaira itzuli beharko dugu, agian!
Serio jarrita, horrenbeste jende jaioterritik oldeka alde egin izanak distantzia luzeko harreman asko eragingo zituela uste dut, eta, nahiz eta bikote harremanak ez izan, lagunekiko eta senideekiko komunikazioa distantzia luzekoa izaten da askotan.
Zaila izan liteke hori; eskerrak Whatsapp eta Skype dauzkagun!
Zer eragin izaten du oro har gure egoera sozioekonomikoak besteekin harremanak ezartzeko eta bideratzeko orduan?
Krisi ekonomikoaren ertz nagusietako bat Euskal Herritik eta Espainiatik joandakoen exodoa da. Horren ondorioz, harreman batzuk hautsiko ziren, eta beste batzuek aurrera egitea nekezago bihurtu. Horrek zaildu egiten ditu gauzak.
?Pikadero?n, noski, muturrera eraman dugu egoera hori, baina sentimendua benetakoa da: joan diren guztiek ez zuten joan nahi.
Gazte batzuk indar handiagoz borrokatzen dira karreraren alde erlazio baten alde baino, eta, hortaz, harreman horietako batzuk hasi ere ez dira egiten. Erlazioa hasitakoan ere, gainera, gazteak luzaroago bizi izaten dira gurasoen etxean, eta horrek presioa handitu besterik ez du egiten: bikotekideek ezin izaten dute bakarrik egoteko eta independentzia lortzeko urratsik egin.
Elkarrekin bizitza bat eraikitzea funtsezkoa da bikoteentzat, eta krisia kalte egiten ari zaio hori lortzeko aukerari.
Eskoziarra zara, baina ondo ezagutzen duzu Euskal Herria. Zer ezaugarri berezi ikusten dituzu egoera ekonomiko ankerrak Euskal Herrian utzitako zaurietan?
Euskal Herrian krisia nabarmenagoa dela esango nuke: Eskozian, eragina ez zen berdina izan eta ez da berdina izaten ari. Are gehiago: esan liteke Espainiako krisiak gogorrago astindu duela Eskozia, bertako krisiak baino. Edinburgok, adibidez, 30.000 espainiar hartu ditu azken urteetan.
Gure inguruko euskaldunen artean ikusi dut berton lana aurkitzea nekezagoa dela, eta jendeak atzerrira egiten duela, edo denbora gehiago ematen duela ikasten. Gainera, lana topatzen dutenek baldintza kaskarrak izaten dituzte edo ez dira beharlekuan gustura egoten.
Eskozian eta Erresuma Batuan, egoera bestelakoa da: ekonomia hazten ari da, eta, ondorioz, etxebizitzaren prezioak gora egiten du etengabe. Jendeak lana dauka, baina etxe bat erosteko aukerak ihes egin die askori, eta toki merkeagoetara aldatu behar izaten dute.
Hori arazo handia da askorentzat; izan ere, alokairuzko etxe batean betiko bizitzen dira, eta ezin dute etxe bat erosteko beste diru aurreztu.
Gurearen aurreko belaunaldi askorentzat, bazegoen etxea erosteko aukera, gehienek egin ahal zuten. Hori ez da horrela dagoeneko, eta baliteke aurrerantzean inoiz ez izatea berriro.
Nola gidatu duzue lantaldeko kideen arteko hizkuntza talka filmatzeko orduan?
Euskara nahiko ondo ulertzen dut? Arratiako euskara, behinik behin. Hala ere, oso ondo hitz egiten ez dudanez, hizkuntza nahasketa bitxia izan genuen filmatzen ari ginela.
Gidoi osoaren euskarazko bertsioa buruz ikasi nuen, elkarrizketak ingelesekoak balira bezala jarraitu ahal izateko. Irune (Gurtubai, ekoizlea) ondoan izan nuen une oro, eta itzulpenekin lagundu zidan. Horrek lagundu egin zigun, noski.
Batetik bestera ibiltzen zen, aldi berean milaka lan egiten!
Bidegabekeria batek eragindako istorio dramatikoa kontatzen duzu, baina umorez zipriztintzen duzu. Beti gelditzen zaigu errekurtso hori, ezta? Zer bide zabal ditzake umoreak?
Hori da. Batzuetan, umorearen bidez, gai zailak era interesgarriago batean jorra ditzakegu. Audientzia erlaxatzea errazten du, eta, horrela, eragin handiagoa izan dezakezu beraiengan, tonua aldatuz.
Film onek emozio ezberdinak piztu behar dituzte, nire ustez, eta ez bakarrik tristezia, dibertsioa edo beldurra hasieratik bukaeraraino. Ikusleek pelikula berean irri eta negar egitea lortzen baduzu, oso gauza berezia erdietsi duzu.
Noiz jarri zenituzten mahai gainean Barbara Goenagaren eta Joseba Usabiagaren izenak protagonistak izateko? Zer nahi zenuen beraiengandik?
Hasieratik bertatik. Irunek gidoia irakurri, eta berehala erabaki zuen Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga izango zirela Ane eta Gorka. Nortzuk ziren erakutsi zidan, eta ez nuen dudarik izan. Entseguetan konektatu egin zuten, eta zerbait berezi eta desberdina zutela jakin genuen.
Filma estreinatu aurretik, ibilbide luze eta oparoa egin duzue jaialdiz jaialdi. Zelan egingo diozue aurre publikoaren epaiari?
Herrialde askotako jaialdietan ondo hartu dute pelikula, bai audientziak bai kritikariek. Nire ustez, horrek nolabaiteko babesa ematen du, norbaitek gustuko ez duenerako, film honetarako ikusle egokia ez zela pentsa baitezakezu.
Ezinezkoa da filma denoi gustatzea. Are gehiago: nire ustez interesgarriagoa da batzuei zure lana ikaragarria iruditzea eta beste batzuei ez gustatzea, mundu osoak filma ?ondo dagoela? pentsatzea baino.
Pelikulak zer pentsatua ematea nahi dudala esango nuke. Ikusleari ez diogu dena mamurtuta, irensteko prest, aurkezten, eta jendeak, zinematik irtetean, zerbait ezberdina ikusiz gozatu egin duela pentsatzea nahiko nuke.
?Pikadero? ez da entretenimendu hutsa, zer pentsatua ematen du, baina pelikularen erdigunean bihotz bat dago, eta espero dut jaialdietatik kanpo ere audientziak hori igartzea.
Nola ikusi ahalko da filma gure zinemetan eta hemendik kanpo?
?Pikadero? euskaraz, jatorrizko bertsioan, ikusi ahalko da, gaztelaniazko azpidatziekin, bai Euskal Herriko aretoetan bai Espainian. Atzerrian ere, euskaraz erakutsi da beti, normalean ingelesezko azpidatziekin, nahiz eta Alemanian, Frantzian eta beste herrialde batzuetan azpidatziak beren hizkuntzan nahiago izaten dituzten.
Behin ?Pikadero? estreinatuta, beste proiekturik baduzu buruan? Zertan ari zara lanean?
Batetik bestera ibili gara filmarekin, jaialdietan eta, batik bat 2015eko amaieran. Zaila izan dut, beraz, arreta beste proiektu bati ematea.
Azkenaldian, Joseba (Usabiaga) gehiago ibili da promozioan, eta nik hainbat iragarki zuzendu ditut Londresen. Denbora apur bat gehiago daukat film berri batean lan egiteko.
Pare bat ideia ditut, garapen fasean, horietako bat euskarazkoa gainera, baina batik bat Erresuma Batuan egingo den film batean jarri dut arreta gehien, nahiz eta, egia esan, denbora asko pasatuko dudan Euskadin.
Zure interesekoa izan daiteke
Petrus me fecit, Helena lapidem meum reflexa est
Zorteak zera eman dio Petrus zinema piezari: testura ezberdin bat, bene-benetakoa, plantak egiten ez dituena.
"Ander eta Yul" filma zaharberritu dute EITBk eta Euskadiko Filmategiak
Ana Diez zuzendari nafarraren Ander eta Yul (1988) filma zaharberritu dute Euskadiko Filmategiak eta EITBk. Boloniako Zinematekaren menpeko L’Immagine Ritrovata laborategietan aztertu eta eskuz konpondu dute, aurretik, besteak beste, Tasio filmarekin egin zen moduan
Oliver Laxek instalazio bat erakutsiko du Tabakaleran
"HU/هُو.Bailad como si nadie os viera" instalazioak Sirāt filmaren sorkuntza prozesua, ikerketa lana eta grabazioak ditu oinarri. Uztailaren 16an aurkeztuko du Laxek bera, Donostian.
Nouvelles Vagues jaialdiak izarren dirdira piztuko du Biarritzen
Biarrizko zinema jaialdiaren 4. edizioa ekainaren 23tik 28ra egingo dute kostaldeko hirian. Kristen Stewart zuzendari eta aktorea izango da epaimahaiko burua, eta Los Javisek, Xavier Dolanek, Monica Belluccik, Marion Cotillardek eta Isabelle Huppertek parte hartuko dute.
Zinegoak LGTBQ+ jaialdiak 40 film baino gehiago izango ditu Sail Ofizialean
Ekainaren 22tik 29ra bitartean egingo den Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 40 film baino gehiago izango ditu Sail Ofizialean. Gainera, kulturarekin eta sexu-, identitate- eta genero-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera baino gehiagorekin beteko du Bilbao.
Zinemaren Jaia, Hegoaldeko zinema aretoetan bueltan
Ekainaren 8tik 11ra, 3,5 eurokoa izango da zinemarako sarreren prezioa. Ipar Euskal Herrian, Fête du Cinéma ekainaren 28tik uztailaren 1era izango da.
Aurtengo Kimuak katalogoko film laburrak aukeratu dituzte
Zazpi film labur hauek hautatu dituzte euskal film laburrak sustatu eta zabaltzeko: ‘Aho beltza' (Alba Lozano), 'Al otro lado' (Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Aguirreazaldegui eta Javier Martínez), 'Bitartean, gero' (Raúl Barreras), 'Hemen gaude' (Sébastien Boulard), 'High River' (Daniel Alegrete), 'Joare Tte' (Ekaitz Bertiz) eta 'Los Divulgators' (Pablo Hernando Esquisabel).
“Tamara ta Mara” euskarazko fikziozko telesail berria estreinatu dute Primeran plataforman
“Tamara ta Mara” umorez beteriko euskarazko fikziozko telesaila da, komedia zoro eta feminista bat. EITBren ‘Formatu txikiak, Talentu berriak’ deialdiaren barruan garatu den bigarren telesaila da. Bilboko Azkuna Zentroan estreinatu ostean, Primeran plataforman dago jada ikusgai.
Cannes, ispilu beltz murgiltzailean
Eta zeren bitartez sorgintzen gaituzte Carltonen Méliès aztiaren ondorengo sortzaile-teknologoek? Errealitate birtualarekin, errealitate areagotuarekin, erreala ez den errealitatearekin, errealitate mistoarekin, existitzen ez diren arren gure begi betaurrekodunen aurrean forma hartzen duten ikuskizun paregabeekin.
Zinemaldiko kartel berriek zinemako zenbait ogibide dituzte protagonista gisa
Ricardo Darin aktore, ekoizle eta zuzendaria izango da Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko kartel ofizialaren protagonista. Jaialdia 2026ko irailaren 18tik 26ra bitarte egingo da. Kartelak Donostiako Wallijai estudioak diseinatu ditu. Darin protagonista den kartelaren kasuan, collagea sortu dute 2024an hartutako erretratu batetik abiatuta. Poster ofizialarekin batera, gainerako sekzioetako kartelak ere eman dira ezagutzera, zinemagintzako ogibideei omenaldi egin nahian. Hala, Darinen irudia duen posterrak interpretaziora garamatza, eta gainerakoek, berriz, honako hauekin dute zerikusia: gidoia (New Directors), soinua (Horizontes Latinos), zuzendaritza (Zabaltegi-Tabakalera), muntaia (Perlak), arte-zuzendaritza (Nest), makillajea (Culinary Zinema), efektu bereziak (Zinemira) eta ekoizpena (Made in Spain). Kartel horiei Klasikoak ekimeneko hiru kartelak gehituko zaizkie laster. Aurten, Jose Giovanni zinegile, eleberrigile eta gidoilari frantsesa omeduko dute hiru kartel horien bidez.