Iñaki Dorronsoro: 'Pertsonaiak dira nire pasioa'
Iñaki Dorronsororen (Gasteiz, 1969) film berria, "Plan de fuga", gaur, ostiralarekin, iritsiko da zinema aretoetara. Victor atrakatzaile profesionalaren (Alain Hernandez) istorioa kontatzen du pelikulak: gaizkile talde batean sartuko da, eta gela gotorra zulatzeko enkargua emango diote.
ETBren parte-hartzearekin Madrilen eta Bilbon filmatutako akziozko pelikula honetarako, aktore talde azpimarragarria izan du eskura zuzendariak: Alain Hernandez protagonista ez ezik, Luis Tosar, Javier Gutierrez 2014ko Zinemaldiko aktore onenaren Zilarrezko Maskorraren irabazlea, Itziar Atienza, Israel Elejalde eta Alba Galocha ere, besteak beste.
Hain zuzen ere, suspensearen, gisa horretako filmen oinarrizko entretenimenduaren, eta pertsonaien bilakaera zainduaren arteko oreka zaintzeko baliatu nahi izan du antzeztalde hori zuzendari eta gidoilariak.
Dorronsororekin egon gara, Malagako zinema jaialdian estreinatu eta Pascal Gaignek egindako musikari esker esparru horretako saria jaso zuen filmari buruz hitz egiten.
Akziozko thriller gisa ez ezik, pertsonaiei garrantzia ematen dien hainbat geruzako film gisa ere deskribatu dute "Plan de fuga". Oro har, faltan botatzen duzu sakontasun gutxieneko bat genero honetako filmetan?
Polizia generoko pelikula batzuetan, protagonisten arazoak, testuinguru politikoa edo beste elementu sakon eta konplexu batzuk trama bezain garrantzitsuak izaten dira; beste batzuetan, ordea, hiltzailea nor den argitzeko jolas bat besterik ez zaio proposatzen ikusleari.
Nire ustez, oso ondo dago bietatik egotea, eta publikoak erabakitzea sakontasun maila jakin bateko filma edo denbora-pasa bat ikusi nahi duen. Nolanahi ere, egia da, halaber, lehen estatubatuar zinema beltzean eta zinema polar frantsesean lehen talde horri zegozkion film asko egiten zirela, eta gaur egun horrelakoak ez direla horren ugariak. Nik faltan botatzen ditut.

Alain Hernandez eta Luis Tosar, 'Plan de fuga' filmean
Nola uztartu dituzu narrazio erritmo bizia eta pertsonaien bilakaeraren kontakizuna?
Egia esanez gero, "ahal izan dudan bezala" esan beharko nuke. Pertsonaien, gehien inporta zaidan alderdiaren, eta suspensearen, publikoa eserlekuan lot dezakeen elementuaren, arteko oreka arrazoizkoa zaintzen saiatu naiz.
Filmaren ikuspegi bikoitz hori hasieratik bertatik bilatutako zerbait izan da?
Bai, hasieratik bertatik pentsatutako zerbait izan da. Suspensea eta pertsonaien nolabaiteko entitatea uztartzen saiatu naiz.
Eta nola gauzatu duzu hori gidoian?
Erritmoari dagokionez, kontatzen dudan istorioak, kasu askotan, hainbat egoera paralelo ditu. Atrakatzaileen ekintzetatik polizienera lerratzen gara, gure protagonisten bizitza pribatutik beste istorio askoz pertsonalago eta ezkutuago batera… Bi planotan ibiltzeak kontakizuna aberastu eta azkartu du, nire irudiko.
Zein film erabili dituzu erreferentzia modura?
Thrillerren zale handia naiz, eta luze joko luke erreferentzia modura erabili ditudan filmak zerrendatzeak. Bat esango dizut, proiektu honetarako garrantzitsuena izan baita, agian: "Rififi", Jules Dassinena.

Alain Hernandez eta Javier Gutierrez aktoreak
Nondik abiatu zenuen istorioa? Zerk bultzatuta idatzi zenuen?
La Zona nire ekoiztetxearen bidez, Antena 3i proiektu bat helarazi genion, baina ez zitzaien nahikoa dramatiko iruditu, nahiz eta gustatu zitzaien nola zegoen idatzita. Hartara, publikoarengandik gertuago legokeen beste bat idazteko eskatu zidaten.
Geroago, hartu behar nuen bidea batere argi ez nuela, lagun batekin garagardo bat hartzen ari nintzela, honakoa esan zidan: "Zergatik ez duzu lapurreten inguruko bat egiten? Oso dibertigarriak dira!".
Eta horrela jaio zen. Nahiago nuke arrazoi intelektualago eta arrazoituagoa eman, baina, egia esan, horrela izan zen, kasualitatez.
Gidoiari buelta asko eman dizkiozu?
Bai, beti berridazten da asko. Lehenik, mundu osoa zeureganatu nahi izaten duzu. Gero, film bat egitera mugatzen zara. Pazientzia eta doiketak.
Madrilen eta Bilbon filmatu duzue pelikula. Zer eskaini dizu Bizkaiko hiriburuak?
Eskuzabaltasun handia, batik bat erdiguneko kaleak ixteko orduan. Hiri handi bat behar genuen, eta Madril (pelikularen zati handi bat bertan filmatu zen) toki zaila da baimenak lortzeko. Bilbok eman egin zizkigun.
Gainera, beste hainbat toki zoragarri erabili genituen filmatzeko, erdiguneko kaleez gain: Albia lorategia, Gurutzetako ospitalea, Olabarri jauregia, Zorrotzaurre… Hiri ikaragarria da filmatzeko.
Zein zailtasuni egin behar izan zenieten aurre filmatzeko orduan?
Ohikoez haratago, filmaren akziozko eszenek eragindakoak azpimarratuko nituzke. Tiroak, jazarpenak, sua eta jendetza daudenean, gauza zaildu egiten da, mantsotu. Horrela izaten da, eta onartzea besterik ez zaizu gelditzen.
Aktore talde azpimarragarriarekin lan egin duzu: Luis Tosar, Javier Gutierrez, Israel Elejalde, Itziar Atienza… Zer aukera eman dizkizu horrek?
Pertsonaiak dira nire pasioa, eta, hortaz, aktoreekiko lana. Zorte handia izan dut antzeztalde osoarekin.
Zer deritzozu haien lanari?
Gehienetan, nirea baino hobea: istorioa hazi egin da beraiei esker, eta idatzita zeuden paperak haratago eraman dituzte. Une jakin batetik aurrera, gidoilari eta zuzendaria ni izanda ere, nik baino hobeto ezagutzen dute gorpuzten ari diren pertsonaia.
Beraz, besterik gabe, dena harmoniaz bideratzen ahalegindu naiz; bigarren mailako aktore bat, oso paper txikia izan arren, orekaz uztartzea aktore protagonistaren lanarekin.
Martxoaren 23an, filma Malagako zinema jaialdian erakutsi zenuten. Zer harrera izan zuen?
Malagakoa oso jaialdi atsegina da, eta erantzuna bikaina izan zen. Publikoaren eta kritikaren harrera apirilaren 28tik aurrera ikusiko dugu.
Pascal Gaignek egindako musika saritu zuten jaialdi horretan. Zure ikuspegitik, zer eman dio konpositoreak filmari?
Pascalekiko harremana bikaina izan zen lehen unetik bertatik. Berak esker onez hartu zuen egin ohi dituen filmek baino akzio gehiago zuen film batean lan egitea, eta nik beti eskertuko diot horren partitura eder eta pertsonala sortu izana.
Eszena oso dinamikoei funtzionalitatea emateaz gain, beste musikari batengan nekez aurkituko genuen originaltasunez jantzi zuen filma.
Konpositore handia da, eta oso erraz egiten da lan berarekin. Ezin dut gehiago eskatu.
Proiekziotik irten berri den ikusle batek zer pentsamendu edo sentimendu izatea gustatuko litzaizuke?
"Ordu eta erdi atsegina pasatu dut". Oinarrizkoa irudituko zaie batzuei, baina nire lehen helburua da, ikuslea eserlekuan jartzen denean.
"Baduzu bestelako helbururik? Zure lana ikusten duenaren bihotzera heldu nahi duzu?". Jakina! Horrek bereizten ditu onak eta erdipurdikoak.
Ona izan nahiko nuke, baina, oroz gaindi, ez dut erdipurdiko aspergarria izan nahi. Norbaitek zure istorioarekin denbora atsegin bat igarotzea nahikoa sari da ahaleginak merezi egin duela pentsatzeko.
Baduzu beste proiekturik esku artean? Istorio berririk lantzen ari zara?
Bai, beti egoten da proiektu bat: ideia berriak, berreskuratu nahiko zenituzkeen ideia zaharrak…
Zailena ez da hori, ekoizleek eta publikoak eskatzen dutena zer den asmatzea baizik. Ea zortea dugun!
a zortea dugun!Zure interesekoa izan daiteke
Estibaliz Urresola Solaguren: “Zinema pantaila ispilu bat bezalakoa da”
Laudioar zinemagileak erreferenteen gorazarrea egin du “M8 - Ikusi eta Izan” EITBk sustatutako ekimenean. Hiru minutuko fikzioan, 26 euskal emakume zuzendariren filmen txatalak josi ditu, erreferente feministei eta zinemaren munduari buruzko hausnarketa egiteko. Estibaliz Urresola Solagurenen (20.000 especies de abejas, Cuerdas…) ikus-entzunezko pieza Primeran plataforman ikus daiteke.
Zinemaldiaren zuzendari berria aukeratzeko lehiaketa publikoa hasi da
Jose Luis Rebordinosek 2026ko abenduaren 31n utziko du zinema jaialdiaren gidaritza, eta haren ordezkoa “goi mailako unibertsitate titulua, ingeles maila handia eta euskaraz nahiz gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna dituen pertsona bat” izango da.
AEBko aktoreen sindikatuak bultzada eman dio "Sinners"i
Oscar sarietarako bi aste falta direla, banpiroen dramak film onenaren saria irabazi du bart SAG-AFTRA Hollywoodeko aktoreen sindikatu nagusiaren sarien 32. edizioan. Michael B. Jordanek aktore onenaren saria jaso du 'Sinners' filmean egindako lanagatik, Leonardo DiCaprio (One Battle After Another), Ethan Hawke (Blue Moon), Jesse Plemons (Bugonia) eta Timothée Chalameten (Marty Supreme) aurrean. Emakumezkoen atalean, Jessie Buckley irabazi du saria, Hamnet filmean egin duen paperari esker.
Alauda Ruiz de Azua: "Ametsetako gaua da"
Barakaldar zinemagilea pozik agertu da "Los domingos" filmak bost Goya sari irabazi eta gero.
Jose Ramon Soroiz: "Puztuta, bete-bete eginda nago"
Legorretar aktoreak gizonezko aktore protagonista onenaren Goya saria irabazi du Bartzelonan, "Maspalomas" filmean egindako lanagatik.
Nagore Aranburu: "Poz-pozik nago"
"Los domingos" filmean egindako lanari esker antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Goya saria jaso berritan, azpeitiar aktorearekin hitz egin dugu. "Oso gauza politak pasatu zaizkit, eta oso eskertuta nago", esan du.
Ibone Bengoetxea harro agertu da Goya sarietan euskal zinemari egindako aintzatespenagatik
Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuak sektorearen talentua eskertu du, eta hori bultzatzen duen ekosistema nabarmendu du, erakundeen babesaz harago.
Euskal zinemak urte handia ospatuko nahi du gaur Bartzelonan
Euskal zinemako ekoizpen eta profesionalek Goya sariak irabazteko aukera izango dute gaur gauean, Espainiako Zinema Akademiaren galan. Guztira, 47 izendapen jaso dituzte, 28 kategorietko 23tan.
Euskal zinemak urte oparoa biribildu nahi du Goyetan
Espainiako Zinema Akademiak bere sariak emango ditu larunbat iluntzean, Bartzelonan. Euskal ekoizpen eta profesionalek 47 izendapen jaso dituzte, eta “Los domingos” eta “Maspalomas” filmek, esate baterako, Donostiako Zinemaldian abiatu zuten bide arrakastatsua osatu nahi dute.
Teddy hartza eta Sebastiane patroia, festan eta borrokan Berlinen
Iván & Hadoumek irabazi zuen Berlinen Teddy sari 40.a. Merezi duelako. Zergatik? Polita bezain mikatza delako. Eta pantailaratzen dituen galdera guztietarako erantzunik ez duelako.