Donostia Zinemaldiaren leihoa zabaldu du EiTBk
67. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta Interneten. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus-en, gaurtik irailaren 28ra bitartean.
Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, zuzenean. Irekiera gala 21:00etan izango da eta Cayetana Guillén Cuervo eta Loreto Mauleon aktoreek aurkeztuko dute, Borja Cresporen gidaritzapean. Itxiera gala datorren larunbatean izango da, irailaren 28an, 20:30ean.
Aurten, hiru Donostia sari banatuko ditu Zinemaldiak eta hiru ekitaldiak zuzenean izango dira ikusgai ETB4n eta eitb.eus-en. Larunbatean, 20:00etan, Costa Gavras zine zuzendariak; ostegunean, 22:00etan, Donald Sutherland aktoreak, eta ostiralean, 22:00etan Penelope Cruz aktoreak jasoko dituzte aurtengo Donostia sariak.
Astelehenean, irailaren 23an, Zinemaldiari buruzko 48 ordu Zinemaldian erreportaje berezia eskainiko du ETB1ek 22:00etan. Onintza Enbeitak gidatuta, zinema jaialdiaren protagonista, aktore eta zinegile gonbidatuak, profesionalak, Maria Cristina Hoteleko langileak eta zaleak hartuko ditu saioak, gonbidatu eta zinema jaialdiaren irudi zabala eskaintzeko asmoarekin. Ostiralean, irekiera ekitaldiarekin abiatu eta igandean La trinchera infinita pelikularen emanaldira bitartean, Donostian eta Zinemaldian gertatzen denaren lekuko izango dira.
Irailaren 24an, 21:30ean, Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Gala ere zuzenean jarraitzeko aukera izango dugu. Asier Altuna eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste pelikula eskainiko da galan, eta horrez gain, Zinemira saria banatuko dute. Jose Maria 'Txepe' Lara ekoizlearen ibilbidea sarituko dute aurten.
Gainera, ETB1eko 'Gure Kasa' saioak zuzenean jarraituko du Euskal Zinemaren Galaren protagonisten iritsiera Victoria Eugenia antzokian. Antton Telleria eta Zuriñe bertan izango dira, galako gonbidatuak elkarrizketatzen. Julen Telleria, bere aldetik, platoan izango da eta Iraia Elias aktorea hartuko du gonbidatu.
ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta bertan aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak emango du bederatzi egunetan Donostiatik bertatik gertatzen den guztiaren berri. '¡Que Me Estás Contando!' eta 'Ahoz Aho' saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote. Berebat, 'EiTB Kultura' saioan Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordea elkarrizketatuko dute.
EiTB Gala, irailaren 25ean
Horrez gain, EiTBko hedabideek jarraipen berezia egingo diote irailaren 25ean Victoria Eugenia antzokian egingo den EiTB Galari. Bertan, Miguel Angel Jimenezen Una ventana al mar pelikula eskainiko da, Emma Suárez protagonista duen drama erromantikoa. Euskal eta greziar koprodukzio hau Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehian arituko da.
Albiste batek bizitza aldatzen dionean, Mariak (Emma Suarez), berrogeita hamabost urteko Bilboko emakumeak, bere lagun minekin Greziara bidaiatzea erabakiko du, semea (Gaizka Ugarte) eta sendagileak aurka agertu arren. Bat-bateko erabaki batek Nisiros uhartera eramango du: leku baketsu eta lasaia da, eta etxean bezala sentituko da berehala. Uharte ederra arakatu eta bertako altxor ezkutuetan murgildu bitartean, Stefanos (Akilas Karafisis) ezagutuko du, eta, ustekabean, maitemindu egingo da. Errealitatetik ihesaldi laburra zirudiena, zoriona lortzeko ustekabeko aukera bihurtuko da laster.
Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin
Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik bizi ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantaldearekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaletuen iritziak ekarriko dizkigu Mertxe Etxeberria gidari izango duen taldeak, eta iruzkina eta balorazioa gehituko dizkie Arkaitz Basterra zuzendariak eta Begoña del Teso zinema kritikoak. 11:00etan eta 16:00etan zabalduko ditu Zinemaldirako leiho bereziak, 'Faktoria' eta 'Hiri Gorrian' saioetan. 14:15ean 'Kultur Leihoak' egunari errepaso zehatza emango dio Mari Jose Uriaren laguntzarekin. Asteburuan ere guztiaren berri zehatza emango du Mikel Yarzak albistegietan ez ezik, 'Amarauna' saioan.
Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko dira Felix Linares, Ainhoa Agirre eta Laida Basurto kazetariak albistegietan eta saio nagusietan ('Boulevard', 'Iflandia', 'Graffiti' eta 'Más Que Palabras'). 'Kultura.eus' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zinema jaialdiaz egunero.
Webgune berezia eitb.eus-en
eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio, eta streamingez emango ditu ekitaldi berezienak. Halaber, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusitzat izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.
Zure interesekoa izan daiteke
AEBko aktoreen sindikatuak bultzada eman dio "Sinners"i
Oscar sarietarako bi aste falta direla, banpiroen dramak film onenaren saria irabazi du bart SAG-AFTRA Hollywoodeko aktoreen sindikatu nagusiaren sarien 32. edizioan. Michael B. Jordanek aktore onenaren saria jaso du 'Sinners' filmean egindako lanagatik, Leonardo DiCaprio (One Battle After Another), Ethan Hawke (Blue Moon), Jesse Plemons (Bugonia) eta Timothée Chalameten (Marty Supreme) aurrean. Emakumezkoen atalean, Jessie Buckley irabazi du saria, Hamnet filmean egin duen paperari esker.
Alauda Ruiz de Azua: "Ametsetako gaua da"
Barakaldar zinemagilea pozik agertu da "Los domingos" filmak bost Goya sari irabazi eta gero.
Jose Ramon Soroiz: "Puztuta, bete-bete eginda nago"
Legorretar aktoreak gizonezko aktore protagonista onenaren Goya saria irabazi du Bartzelonan, "Maspalomas" filmean egindako lanagatik.
Nagore Aranburu: "Poz-pozik nago"
"Los domingos" filmean egindako lanari esker antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Goya saria jaso berritan, azpeitiar aktorearekin hitz egin dugu. "Oso gauza politak pasatu zaizkit, eta oso eskertuta nago", esan du.
Ibone Bengoetxea harro agertu da Goya sarietan euskal zinemari egindako aintzatespenagatik
Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuak sektorearen talentua eskertu du, eta hori bultzatzen duen ekosistema nabarmendu du, erakundeen babesaz harago.
Euskal zinemak urte handia ospatuko nahi du gaur Bartzelonan
Euskal zinemako ekoizpen eta profesionalek Goya sariak irabazteko aukera izango dute gaur gauean, Espainiako Zinema Akademiaren galan. Guztira, 47 izendapen jaso dituzte, 28 kategorietko 23tan.
Euskal zinemak urte oparoa biribildu nahi du Goyetan
Espainiako Zinema Akademiak bere sariak emango ditu larunbat iluntzean, Bartzelonan. Euskal ekoizpen eta profesionalek 47 izendapen jaso dituzte, eta “Los domingos” eta “Maspalomas” filmek, esate baterako, Donostiako Zinemaldian abiatu zuten bide arrakastatsua osatu nahi dute.
Teddy hartza eta Sebastiane patroia, festan eta borrokan Berlinen
Iván & Hadoumek irabazi zuen Berlinen Teddy sari 40.a. Merezi duelako. Zergatik? Polita bezain mikatza delako. Eta pantailaratzen dituen galdera guztietarako erantzunik ez duelako.
Alauda Ruiz de Azua: "Ez da ohikoa film bat elkarrizketa zinematografikoan ez ezik, sozialean ere egotea"
Arantza Ruizek Alauda Ruiz de Azua elkarrizketatu du ETB2ko "12 minutos" saioan. "Los domingos" filmaren zuzendariak arrakasta nola ari den bizitzen eta datorren larunbatean ospatuko den Goya sarien galari begira nola dagoen azaldu du.
"One Battle After Another" izan da BAFTA sarietako irabazle nagusia, sei maskara lortuta
Robert Aramayo euskal jatorriko aktore ingelesak lortu du aktore onenaren saria I Swear filmean egindako lanagatik. Aramayok bi BAFTA jaso ditu, gainera, berari eman baitiote "izar errebelazioaren" kategorian ere garaikurra.