'Bi ezezagunen arteko laguntasun harremana azaltzen du ‘Las letras de Jordi’k'
Maider Fernandez Iriarte (Donostia, 1988) zinemagileak etxeko zinema jaialdian, Donostiako Zinemaldian, aurkeztuko du bere lehen film luzea, “Las letras de Jordi”, Ikusmira Berriak Tabakalerak eta Donostiako Zinemaldiak ikus-entzunezko proposamen berritzaileak bultzatzeko programaren 2017ko deialdian aukeratutakoa.
Zinemagileen lehenengo edo bigarren filmak biltzen dituen sailean ikusgai egongo den pelikula Lourdesko santutegiari buruzko dokumentala izatekoa zen hasieran, baina, besteak beste, laguntasunari, elkarrizketari eta komunikazioari idatziriko maitasun gutuna da azkenean.
Fernandezekin, Las Chicas de Pasaik bikoteko kide gisa ere hainbat lan (“Gure hormek”, “La chica de la luz” film laburra “Kalebegiak” film kolektiboan…) sinatu dituen zinemagilearekin, hitz egin dugu lan horretaz.
Nola iritsi zinen Jordirengana? Zerk piztu zuen "Las letras de Jordi" idazteko txinparta?
Txinparta batek baino gehiago, beharrak hurbildu ninduen Jordirengana. Hasiera batean, Lourdesko santutegiaren inguruko behatze dokumental bat egin nahi nuen.
Garai hartan, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean Dokumentalgintza masterrean proiektua egiten ari nintzela, bertatik Lourdesera joaten den erromes talde bat ezagutu nuen, eta, ikerketaren parte bezala, talde horren bilera pare batera joan nintzen, kamerarekin.
Kamera ezkutu bezala erabili nuen, bileran parte hartzerik espero ez zezaten eta, aldi berean, ikerketarako erreminta bezala.
Irudiak etxean ikustean (eta ez han grabatzen ari nintzen bitartean) Jordirengan jarri nuen arreta: interesgarria iruditu zitzaidan, pertsona autentikoa. Berarekin elkarrizketak filmatu nahi nituela esan nion, eta prest zegoela esan zidan.
Ikerketaren parte ziren elkarrizketa horiek gure arteko harremana sakonagoa eta intimoagoa bilakatu zuten, eta, aldi berean, elkarrizketok pelikularen muin bihurtu ziren. Astean behin izaten genituen topaketak filmatzen nituen, eta etxean ikusi eta transkribatzen nituen. Hurrengo topaketako galderak prestatzen nituen, pelikularen nondik norakoak, ideia eta ikuspuntua paperean idazten nindoan bitartean.
Zenbat denbora egon zinen berarekin filmatzen? Nola egiten zenuten lan?
Bost hilabetean izan genituen topaketa gehienak eta intentsuenak. Pelikularen bi heren elkarrizketa horietan daude oinarrituta. Bere egoitzako logelan elkartzen ginen, astearte arratsaldero. Nik neure kamera, tripodea eta pare bat mikrofono eramaten nituen; bata kameraren gainean jartzeko eta bestea, gorbatako mikroa, nik jartzen nuen soinean, nire ahotsa ongi erregistra zedin.
Kamerarekin, Jordiren eskuak eta kartoizko bere letradun taula filmatzen nituen batez ere. Jordiren eskua eta bere taula gure ezpainak eta ahotsa bezalakoak dira, horrela gauzatzen da bere “ahozko” edo zuzeneko komunikazioa, ezin baitu hitz egin. Nik berak taulan idazten zuena ozen irakurtzen nuen, berak ulertzen nuela jakin zezan eta, aldi berean, ikusleak uler zezan.
Hasieran kostatu egiten zitzaidan, batzuetan ez nuen batere ulertzen, eta hori ere erregistratuta gelditu zen. Baina denbora pasatu ahala, gure arteko harremana estutzen zen heinean, gure arteko komunikazioa ere askoz azkarragoa eta errazagoa zen. Horretan erreparatzen nuen batez ere, gure arteko komunikazioan.

Lourdesen filmatzeko arazorik izan zenuen? Nola izan zen bertara kamerarekin sartzea?
Ez nuen arazorik izan. Lourdes lau aldiz bisitatu nuen: lehena nire bikotekidearekin, Aste Santuko opor batzuetan, santutegia, barne dinamika, jende kopurua eta erritoak ezagutzeko… Gero, bakarrik joan nintzen kamerarekin, bertako errituak nola filmatu nahi nituen pentsatzeko. Hirugarren aldiz, erromes taldearekin eta Jordirekin joan nintzen, eta, azkenekoz, Carlos Muñoz argazki-zuzendariarekin, Amanda Villavieja soinu-arduradunarekin eta Alejandra del Barrio Cabello laguntzailearekin, argi nituen errituak ahal nuen modu profesionalenean filmatzeko.
Harrigarriena da talde handian joan ginenean erraztasun izugarria izan genuela bertan sartzeko. Lourdesko koba guretzat itxi nahi izan zuten, erromes taldea pozik zegoen gure presentziarekin… Ez zen honela izan ni bakarrik joan nintzen lehen aldi horretan. Traba gehiago jarri zizkidaten, baina bidaia amaieran nire diskrezioagatik zoriondu ninduten eta uste dut horrek azken bidaian lagundu zigula. Denbora eta aurreprodukzioa oso garrantzitsuak izan ziren dena ongi ateratzeko.
Filmatu ahala filmaren norabidea, gidoia, aldatu egingo zen. Zer zen hasieran "Las letras de Jordi" eta zer izaten bukatu du?
Hasieran, Lourdesen santutegiaren inguruko dokumental bat zen, turismoaren eta Elizaren arteko harremana islatu nahi zuena; ondoren, Jordiren eta Oriol horren lagunaren arteko erretratu bat, eta, azkenik, bi ezezagunen arteko laguntasun harremana azaltzen duen pelikula da. Komunikazioaren balioan eta honen garrantzian arreta jartzen duen pelikula da, baita harremanen beharrean, laguntasunean eta abarretan ere.
Ikusi du Jordik? Gustatu egin al zaio?
Bai, Jordik ikusi du eta gustatu zaio. Oso pozik dago emaitzarekin.
Zu oso agerian gelditzen zara pantailaren aurrean dokumentalean zehar. Erosoa izan da zuretzat?
Ez da erosoa izan. Ekidin nahi nuen zerbait zen, pelikula egiten hasi baino lehen neure buruari jarri nion arau bat. Baina nire presentzia ekiditeko obsesio horrek ez zuen pelikularen alde ezer onik ekartzen, oztopo bat zen.
Materiala Virginia Garcia del Pino muntatzailearekin ikusi nuenean, “tía, ¿sabes que vas a salir en la peli, no? (aizan, badakin pelikulan aterako haizela, ezta?)” esan zidala gogoratzen dut, eta nik baietz esan nion. Argi zegoen eta argi nuen zerbait onartzera behartu ninduen.
Liberazio izugarria izan zen neure buruari jarritako oztopo hori gainetik kentzea. Nahiz eta hasiera batean fokua Jordirengan bakarrik jarri nahi nuen, material interesgarriena gure arteko harremana eta komunikazioa islatzen zuena zen, eta nik ere pelikulan neure papera izan behar nuen derrigor.

Ikusmira Berriak programan garatu duzue lana, eta New Directors atalean estreinatuko duzue, Zinemaldiaren babespean. Zer da Donostiako Zinemaldia euskal zinemagile gazte baten ikuspegitik? Nola bizi izaten duzu Zinemaldia?
Zinemagile hasiberri bezala, izugarrizko aukera da zure pelikula Donostiako Zinemaldian aurkeztea, ikusgaitasuna ematen dio.
Pelikula beti izango da berbera, baina zein festibaletan estreinatzen duzun hedabideen, prentsaren, banatzaileen, zinema jaialdien eta agian publikoaren interesa baldintzatuko du; beraz, oso aukera ona da gure pelikula txikia Zinemaldian estreinatzea.
Gainera, ni Bartzelonan bizi den donostiarra naiz, eta hemen, Kursaaleko areto txikian (handia dena), nire lagun eta familiartean azken urteotan garatu dudan lana aurkezteak asko pozten nau. Ohorea da.
Aurretik, modu ezberdinetan bizi izan dut Zinemaldia, ikusle bezala eta zinemagile bezala, eta esperientzia oso ezberdinak dira. Zinemagile klasikoei egiten zaizkien fokuak gustatzen zaizkit, egile baten obra ezagutzeko aukera ematen baitute. Eta esperientzia gisa, pelikulak deskubritzea gustatzen zait. Nik uste hori dela festibalen balioa: aukera ugari eskaintzea eta ikusleari zinematik harrituta irteteko aukera ematea.
Ni ez naiz oso zinefiloa izan, baina ezin ditut ahaztu Zinemaldian ikusi ditudan hainbat pelikula: “Los idiotas” (1998, Lars Von Trier), “The Wild Blue Yonder” (2005, Werner Herzog), “Los Cronocrímenes” (2007, Nacho Vigalondo), “Still The Water” (2014, Naomi Kawase)… Agian ez dira nire pelikula gogokoenak, baina gogoratzen ditudan pelikulak dira, harritu egin nindutenak.
Zer helbururekin sortu duzu “Las letras de Jordi”? Zer espero duzu zure lanarengandik?
Honelako prozesu batean murgiltzen zarenean, nire kasuan behintzat, ez duzu helburu argi edo finkorik. Pixkanaka egiten zoazen zerbait da, ikuspuntua, hurbiltzeko modua, filmatzeko modua prozesuan zehar erabakitzen joaten zara, eta sortutako materialei muntaian ematen diezu pelikularen forma.
Aurretik badaude ezarritako hainbat irizpide, noski, baina irizpideak aldakorrak izan behar dira, gehien interesatzen zaidana prozesua bizitzea baita. Emaitzak hasieratik zer emango duen jakingo banu, ez nuke pelikularik egingo.
Jendearengan interesa piztea espero dut, eta, pelikula ikusten badute, beraiengan emozioa sortzea. Uste dut egin dugun pelikulak galdera asko zabaltzen dizkiola ikusleari, eta galdera horiei aurre egiteko beharra sorrarazten diela.
Baduzu beste egitasmorik esku artean?
Bai, badut baten bat. “Mirari” deitzen den fikziozko gidoi bat garatzeko asmoa dut hurrengo ikasturtean zehar, Eusko Jaurlaritzak gidoietarako eskaintzen dituen laguntzei esker denbora izango baitut hori lantzeko. Beste proiekturen bat ere badut esku artean, baina denbora gehiago behar dut horiek lantzeko… Hastapenetan dauden lanak dira oraindik.
Zure interesekoa izan daiteke
“Sucia” eta “Black water” sarituko ditu Giza Eskubideen Zinemaldiak
Bàrbara Mestanza eta Marc Pujolarren dokumentalak film luze onenaren Ikusleen saria jasoko du, eta Black water Natxo Leuzaren lanak Amnesty International saria. Gaur bukatuko da jaialdia, eta Imanol Uribek ohorezko saria jasoko du.
Imanol Uribe: "Intolerantziaren aurkako borrokak gidatu nau"
Euskal zinemagileak, La fuga de Segovia, La muerte de Mikel, Días contados eta El rey pasmado filmen egileak, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari berezia jasoko du ostegun honetan, "errealitateari atxikia" duen zinemari esker.
Lara Izagirre “Yerma”ren bertsio garaikide eta urbanoa filmatzen ari da euskaraz
Zinemagilearen hirugarren film luzearen protagonistak Ane Pikaza eta Aitor Borobia dira, eta Maria Goiricelayarekin batera dago idatzita, Lorcaren lan hori antzerkirako arrakastaz moldatu zuen antzerkigilearekin.
Euskal zinemak ongietorria egin dio Maialen Belokiri
Jose Luis Rebordinosek, lekukoa emango dion zuzendariak, eta Koldo Almandoz eta Lara Izagirre zinemagileek Beloki Zinemaldiko buru izendatu izanaz hitz egin digute.
Maialen Beloki izango da Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria 2027tik aurrera
Zinemaldiaren Administrazio Kontseiluak aho batez aukeratu du Beloki, Jose Luis Rebordinosen ondorengo gisa.
Lander Garro: "Memoria pertsonaia bat gehiago da 'Lutxi eta zuhaitza'n"
1987an Pasaian, Guardia Zibilaren esku, egoera nahasian hilik gertatu zen Lucía Urigoitia ETAko kidearen istorioa kontatzen du dokumentalak. Fikziozko zatiak eta lekukoen adierazpenak uztartzen ditu Lander Garroren pelikulak.
"I lit the Fire!" Valeria Lemesevskayaren filma izan da Punto de Vista jaialdiko lanik onena
Epaimahaiak bielorrusiar zuzendariaren dokumentala aukeratu du Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiko Sail Ofizialeko film luze onentzat. Film labur onenaren saria, EITBk babestutako golardoa, 3cm of Complexity Anna Vasofen filmari eman diote.
Urrats historikoa eman du euskal ikus-entzunezkoen sektoreak: Zinemaren Akademia eratuko du
Etorkizuneko akademia espazio "inklusiboa eta anitza" izatea nahi dute, sektorearen garapena bultzatzeko balioko duena. Euskal Herriko 150 profesionalen baino gehiagoren babesa du ekimenak.
Amets Hautsien zumardia Zornotzan dago
Boulevard pelikula ikusten ari zarela, oso sentsazio arraroa sumatzen duzu zure baitan. Pertsonaiek izen arrotzak dituzte: Hasley Weigel, Luke Howland, Ligé Neizan, Zev… Ez dute, baina, anglo-saxoi itxurarik, ibilerarik, aurpegierarik, gorpuzkerarik.
Elena Irureta aktoreari aitortza eginez hasi dute Silver Film Festival jaialdia Bilbon
Maitasuna eta Sexua (adingabea) lelopean, 60 urtetik gorako pertsonak oinarri dituen Silver Film Festival jaialdiari hasiera eman diote astelehen honetan, Bilbon. Apirilaren 24ra bitartean, hainbat jarduera hartuko ditu ekimenak eta, gaur, Elena Irureta aktoreari EITB Silver saria eman diote.