'Aberastasunaren banaketa bidegabeari buruz hausnartzeko gonbita da ‘El hoyo’'
6 x 8 metroko laukizuzena, maila bakoitzeko 6 metro altu dena, eta, horren erdiko zuloan gordeta, gutizia, egoismoa, adiskidetasuna, indarkeria, elkartasuna, itxaropena eta, oro har, gizatasunaren ezaugarri guztiak, baita giza izaerari ez dagozkion hainbat jarrera ere. Hori guztia da “El hoyo”, Galder Gaztelu-Urrutiaren filmean gertatzen den oro hartzen duen zuloa.
Bizkaitar zinemagileak etengabe xaxatzen du ikuslea, pelikularen 94 minutuetan, “El hoyo”k plazaratzen duen eztabaida politikoan parte har dezan: beste gizaki batzuek baino gehiago merezi dut?, nire pribilegioei uko egiteko prest nago?, badu zentzurik besteren beharrei atarramentua ateratzeak?, noiz desagerrarazten du bizirauteko senak humanismoa?...
Publikoa, baina, hausnarketa horietan galtzeko arriskurik gabe, eroso, gidatzen du zuzendariak hari narratibo tenkatuan zehar, zuloan barna, horizontaltasun lehergarri eta, zoritxarrez, ezagun eta eguneroko batean bermatutako mundu apokaliptiko baten hondoraino.

Gaztelu-Urrutiarekin hitz egin dugu EiTBren parte-hartzea duen pelikula kitzikagarri honetaz.
“El hoyo”ren gidoia David Desola antzerkigileak idatzi zuen, Pedro Rivero (“Birdboy”) bilbotarrarekin batera. Nola iritsi zen istorioa zuregana eta zerk bultzatu zintuen berorri zuzentzera?
Hala da, Davidek eta Pedrok antzerkirako idatzi zuten gidoia zen. Istorioa ez zen inoiz antzerkian egin, baina, eta Carlos Juarez Basque Films etxeko ekoizleari pasatu zioten.
Carlosi asko gustatu zitzaion, berehala pasatu zidan eta ahalmen handia zuen testua iruditu zitzaidan hasiera-hasieratik, sinbologiagatik, metaforagatik, pertsonaien sakontasunagatik eta jorratzen duen gaiagatik.
Baina testua asko landu behar zen zinema ikusleentzat egokitzeko, lehen bertsio horretan elkarrizketa askoz gehiago baitzegoen, pisu ideologikoa are handiagoa baitzuen, ez baitzen horren fisikoa… Egokitzen hasi ginen, eta bi urte eman genituen pelikularen gidoia egiten. Lan gogorra izan zen, pelikularen ikuspegi ezberdinak genituelako, baina amaieran bakoitzaren pixka bat gelditu da, eta oso pozik gaude emaitzarekin.
“El hoyo”k zinema soziala, zientzia-fikzioa eta ukitu umoretsu eta surrealistak uztartzen ditu. Nola landu zenuen pelikula, batasuna izan zezan?
Pelikulari aurre egiterakoan, alderik zailenetako bat zen hori: tonu ezberdinak batzea. Antzerkirako lehen gidoia komedia batena zen, satirikoa zen ia, eta berridaztean eta lehen entseguetan ikusten joan nintzen pelikula iluntzen ari zitzaidala, baina ez nuen umorea erabat baztertu nahi.
Umoreak diskurtsoaren solemnitatea eta jorratzen ditugun gaien garrantzia arintzeko balio du. Alde ironiko eta umoristikoago hori, nahiz eta neurrian sartu dugun, amaiera aldeko pasarte biolento eta dramatikoarekin uztartzea izan da zuzendaritzaren arlorik zailenetakoa.
Umorearen tratamendu oso neurritsua egiten saiatu gara, ez dugu gure txisteez barre egiten, eta gidoian oso modu estrategikoan txertatzen saiatu gara, ikuslea istorioan kateatzeko amu moduan. Kirurgialari baten lana izan da: umorea sartu, zartada jo eta, ikuslea oraindik bere onera etorri ez denean, beste ukitu umoristiko soil bat sartu.
Zentzu horretan, pelikula konplexua da, ulermenaren mugan dabilelako, eta hori arriskutsua izaten da beti, are gehiago nazioartera iritsi nahi duen film batean. Sitgesen, Toronton eta beste hainbat jaialditan harrera ona izan izanak erakutsi digu nazioarteko publikoarentzako tonua ematen asmatu dugula.
Pelikula distopikoa da, baina, efektu bereziez haratago, aktoreen lana berebizikoa da, batik bat Ivan Massague aktorearena, plano ia guztietan agertzen baita. Nola egin zenuen lan aktoreekin?
Aktore guztiak erabat murgildu dira proiektuan. Ivan hasieratik izan genuen gogoan paper horretarako, eta entseguetan jario handia izan genuen. Aste nahikotxoan aritu ginen entseguak egiten zuloaren erreprodukzio batean, eta testua bere ezaugarrietara egokitu genuen, zeren ezin baitzara tematu aktore bati ondo ez datorkion testu bat esanarazten. Oso sentiberak izan gara aktorearen ezaugarriekin, eta laxoak izan gara testua egokitzeko orduan.

Filmatzea oso ondo joan zen, baina Ivanek 12 kilo galdu behar izan zituen berorretan zehar. Gure aurrekontuarekin, ezin genuen filmatzea gelditu argal zedin, eta, hortaz, filmatze lanetako sei asteetan egin behar izan zuen. Horrek umore aldaketa nabarmenak ekarri zizkion, eta ondo etorri zitzaion pertsonaiari. Berak txarto pasatu zuen, baina lan ikaragarria egin du.
Zorioni dagokionez, pertsonaia hori beste aktore batek egin behar zuen, baina, azkenean, ezin izan zuen, eta filmatzen hasteko astebete falta zela jo genuen Zorionengana. Elkarrizketarik konplexuenak, klasikoenak, dituen pertsonaia gorpuztu du, eta oso gogor egin behar izan genuen lan prestatzeko.
Baina oso ondo gelditu da. Oso pozik gaude.

Eztabaida soziala oso presente dago pelikulan, hasiera-hasieratik, eta argi gelditzen da filmak ez duela entretenimendu hutsa bilatzen. Zer zeregin dagokio ikusleari zurea bezalako pelikula batean?
Aberastasunaren banaketa bidegabeaz hausnartzeko gonbita da pelikula. Arazo nagusietako bat da, eta pelikulak bere elkartasunaren mugen aurrean jartzen du ikuslea. Zure ongizatea elkartasun horren mendean dagoenean ere izango zinateke solidarioa?
Ez da goikoen edo behekoen aurkako pelikula bat. Ikuslea oparotasun edo txirotasun egoera batean pausatzen du, eta berak zer egingo lukeen pentsatzera gonbidatzen du.
Istorioak determinismoa eta manikeismoa baztertzen ditu, pertsonaiek zuloan duten posizioa ausazkoa delako eta pribilegioak ez direlako iraunkorrak, hilero aldatzen baitira. Zer neurritan zehazten du munduan dugun lekuak gure portaera?
Gure ondorioa da pertsona guztiak oso-oso antzekoak garela, Nigerian, Madrilen, Bilbon edo Stockholmen jaio garen gorabehera, baina bizigiroak, jaiotzatik egokitu zaizun klase sozialak, zure ideologia baldintzatzen du. Eta horixe gertatzen da “El hoyo”n.
Trimagasi pertsonaiak behekoak gorroto ditu, goian dagoenean, eta goikoak gorroto ditu, behean dagoenean. Bada, horixe hartzen du pelikulak hizpide: goikoek oso txarto egiten dutelako kexaka jarraituko dugu guri dagokiguna egiteari uzteko? Beti egongo da politikari ustelen bat, asko kutsatzen duen enpresaritzar bat… Baina, hori gure erantzukizunari itzuri egiteko aitzakia moduan erabiltzen jarraituko dugu?

Zer etorkizun aurreikusten diozu pelikulari? Baduzu beste zerbait esku artean?
Bai, beste gauza batzuetan lanean ari naiz, baina goizegi da oraindik horretaz hitz egiteko. Pelikulari dagokionez, pausoz pauso goaz. Publikoa gustura ari da ikusten eraman dugun tokietan, eta ondo joatea espero dut, oso baikorra naiz.
Gu oso harro gaude egin dugun pelikularekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro Gonzalez Iñarritu, irudiaren bardoa
Amores perrosekin goizetik gauera zinemagintzaren panorama inarrosi zuenetik Bardo (o falsa crónica de unas cuantas verdades) azken filmera arte, EITBren Bilboko egoitzan Carne y arena instalazioa erakutsiko duen mexikar zinemagileak ezinbesteko ibilbidea egin du XXI. mendeko autore zinemagintzan.
Robert Duvall aktorea zendu da, 95 urte zituela
Apocalypse Now eta Aitajauna filmetako aktore ospetsua igande gauean hil zen, Virginan, Luciana Duvall haren alargunak iragarri duenez. 2003an, Donostia saria eman zion Zinemaldiak.
Hemeretzi film lehiatuko dira Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialean
Zinema Dokumentalaren Nafarroako Nazioarteko Jaialdiaren 20. edizioaren programazioa Benita Alain Berlinerren filmak irekiko du, eta Una película de miedok itxiko du.
Horrelakoa da “Cada día nace un listo”, Arantxa Echevarriak “La infiltrada”ren ondoren egin duen filma
Pelikula, “satira garratz bat”, Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiatik kanpo, maiatzaren 22an zinema aretoetan estreinatu aurretik. Cada día nace un listo, Arantxa Echevarría bilbotar zinemagilearen film berria, Malagako zinema jaialdian estreinatuko dute; martxoaren 6tik 15era egingo dute jaialdia. Echevarriak eta Patricia Campok idatzia, Hugo Silva, Susi Sánchez, Dafne Fernández, Jaime Olías, Ginés García Millán, Diego Anido, Markos Marín, Marina Ostolaza, Sofía Otero eta Javier Tolosa dira aktoreak, eta Belen Rueda, Pedro Casablancek eta Gonzalo de Castrok ere hartu dute parte. EITBren parte-hartzea du Lazona Zinemaren eta Lamia Produccionesen ekoizpenak. Echevarriaren seigarren film luzea da Cada día nace un listo (2026), Carmen y Lola (2018), La Familia Perfecta (2021), Chinas (2023), Políticamente Incorrectos (2024) eta La infiltrada (2024) lanen ondoren.
Argazki zuzendaria letra handitan agertzen denean…
El cuento de una noche de verano film labur onenaren Goya sarirako izendatutako lanean, Ion de Sosa donostiarra ibili da argazki zuzendari.
Asier Altuna: "Jendea hunkitu egiten da 'Karmele' ikustean"
Donostiako Zinemalditik eta Euskal Herriko areotatik pasatu eta gero, Karmele filma Primeran plataformara iritsi da. Asier Altuna filmaren zuzendariarekin hitz egin dugu, hori dela eta.
Batman, FANT zinema jaialdiaren ikurra
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia maiatzaren 8tik 16ra arte egingo dute aurten. Gotham Cityko superheroia Bilbori begira ageri da kartelean.
“Las hijas”, manipulazioaren aurkako borroka pantailan
Daniel Romero madrildar zinemagilearen lehen lan luzea Bizkaian filmatu dute, eta Yune Nogueiras, Jone Laspiur, Edurne Azkarate, Ainara Elejalde eta Ainhoa Larrañaga ditu protagonista, baita Karra Elejalderen parte-hartzea ere.
Euskal ekoizpenak protagonista, Goya sarietako izendatuen jaian
Goya sarietako izendatuen jaia egin dute Madrilen. Euskal produkzioek 47 izendapen dituzte guztira eta haien presentzia nabarmena izan da. Euskal zuzendari, ekoizle eta aktoreak irribarretsu ikusi ditugu alfonbra gorrian, pozik eta ilusioz beterik. Jai honekin otsailaren 28an Bartzelonan ospatuko den galarako atzerako kontaketa hasi da.
Euskal zinemaren industria etengabeko hazkundean dago, eta Euskal Herriko Zinema Eskolan nabaritu dute
Datozen urteetan arlo profesionalera salto egiteko asmoz, gero eta aktore gazte gehiago dago zine eskoletan. Euskal Herriko Zinema Eskolako ikasleek aitortu dute sektoreak bizi duen gorakadaren ondorioz etorkizunari itxaropenez eta motibazioz begiratzen diotela.