Maider Oleaga: "Istorio bat kontatzeko beharra badago, berdin du pelikularen tamainak"
Bitarteko materialak gorabehera, gogoa eta kemena behar dira, lehenik eta behin, istorio bat kontatzeko. Eta hori sobera agertu zuten José Luis Murga eta Oier Martínez de Santos kuartangarrek aspaldiko ametsa gauzatu eta ia bitartekorik gabe baina auzolanean 2014an "Algo más que morir" westerna estreinatzeko.
Orain, Maider Oleagak (Bilbo, 1976) "Kuartk Valley" pelikula aurkeztuko du Zinemaldian, Kuartangoko herritarrek auzolanean eta bitarteko gutxirekin baina grina handiz egindako westernaren barne istorioa kontatzen duen filma.
Berarekin hitz egin dugu.
Noiz eta nola izan zenuen "Algo más que morir" pelikularen berri?
Behin Kuartangora joan nintzen, zoriz, lagun batzuekin, eta bertan jakin nuen western bat egin zutela herri horretan. Interneten begiratu nuen, eta ikusi nuen "Algo más que morir" egina zutela, diru oso gutxirekin eta herriaren indarrarekin. Orduan pentsatu nuen hor bazegoela dokumental bat, pelikula bat egiteko aukera, istorioa zabaltze aldera.
2014an, Gasteizko Florida zinemetan Kuartangoko herritarrentzat egindako proiekzio pribatu batean pelikula ikusi nuen, eta 2015etik aurrera Kuartangora joaten eta bertako jendea ezagutzen hasi nintzen, dokumentala egiteko proposamena onartu eta gero. Baina 2018ra arte ez ginen filmatzen hasi, tartean "Muga deitzen da pausoa" eta "Iragan gunea. Berlin" proiektuak gurutzatu zitzaizkidalako.
Prozesu luzea izan da, eta oso pozik gaude behingoz estreinatuko dugulako. Istorio txundigarria iruditzen zait, zinemazaleontzat oso istorio berezia da jakitea Arabako bailara batean western bat egin zutela dirurik gabe. Zinemarako pasioa hor dago, eta asko identifikatzen naiz horrekin.
Gainera, garrantzitsua iruditzen zait zelan komunitate osoak laguntzen duen bi gizonen ametsa betetzen. Kolektibitatearen indarra istorioaren erdian dago, eta hori oso erakargarria egin zitzaidan.
Zinemazaletasun oso garbia erakusten da pelikulan. Zure esperientziatik, euts dakioke pasio horri proiektuak handitzen diren neurrian ala proiektuen tamainak aldatzen al du pelikulei eta pelikuletatik begiratzeko modua?
Pelikularen tamainak eta aurrekontuak asko baldintzatzen dute sorkuntza prozesua, baina funtsean beti dago gauza bera, proiektua handia edo txikia izan.
Esfortzu oso handia egin behar da pelikula bat aurrera ateratzeko, urte askotakoa, eta horren erdian ez badago istorio bat kontatzeko benetako grina, ez duzu aurrera egiten, ezinezkoa da kemen nahikorik aurkitzea.
Nire esperientziatik behintzat, istorio bat kontatzeko beharra badago, berdin du pelikularen tamainak.
Westernetako konbentzionalismoz jantzita ageri da, keinuka bada ere, "Kuartk Valley". Nola bizi izan duzu zinema egiteko zure modu pertsonalean westernen klixeak zureganatzeko bidea?
Ni zinemazalea naiz zinemagilea baino lehenago. Zinema ikusle gisa maite dut, eta txikitatik ikusi izan ditut Hollywoodeko zinema klasikoa eta generoko filmak. Westerna denbora osoan egon da presente nire bizitzan, eta ez zait arrotza egin.
Prozesuan, gainera, western asko bigarren eta hirugarren aldiz berrikusi eta beste batzuk deskubritu ditut; beraz, asko gozatu dut.
Askotan, gainera, zinema maite dugunok askotan ahal ditugun pelikulak egiten ditugu, nahiz eta buruan beste asko eduki: generokoak, aurrekontu handiagoko filmak… Eta niretzat oso prozesu ederra izan da "Kuartk Valley" egitea eta westernaz ume txikiek bezala disfrutatzea.
Komunitatearen eta auzolanaren gorazarrea ere badago "Kuartk Valley" filmean, indibidualismo basatiaren aroan. Zinemaz gozatzeko modua ere aldatzen ari den garaian, badu zentzurik zinemak komunitaterik, partekatzerik, gabe?
Bai, elkarlanaren indarrak garrantzi handia du filmean, istorioaren berezitasunik aipagarrienetako bat iruditu zitzaidan hasieratik. Niretzat, pelikula bat egitea komunikazio ekintza bat da: beste batek jasotzeko egiten da zinema, eta zinema kulturaren eta gizartearen barruan existitzen da, kolektibitatearen barruan.
Hartara, ez. Nire ustez, ezin da ulertu zinema komunitaterik gabe.
Modu ezberdinetan parte hartu duzu Zinemaldian zure ibilbidean zehar: epaimahaikide, filmak erakusten… Zer harreman duzu Zinemaldiarekin?
Oso eskertuta sentitzen naiz. Nire pelikula asko bertan estreinatu dira, eta horrek bultzada handia ematen die filmei.
Ikusle bezala, Zinemaldiak lehen aipatu dugun kolektibitatearen parte sentitzeko aukera ematen dizu, eta horrek poz handia ematen dit. Gustatuko litzaidake urte osoan berdin izatea, baina Zinemaldian, behintzat, jende asko joaten da aretoetara, eta ederra da horrela ikustea.
Argiak itzaltzen dira, pelikula hasten da eta hori da filmak ikusteko modurik onena. Aretoetan, pelikulak beste modu batera entzun eta ikusten dira, horretarako daude eginda. Eta Zinemaldian, gainera, kalitate handiko pelikulak eskaintzen dira, bestela nekez ikus zitezkeenak.
Gainera, profesionalen topagune gisa ere funtzionatzen du, baina funtsa pelikulak ikustea da eta horretarako aukera txundigarriak daude jaialdian.
Film dokumental honetaz gain, bi film labur dituzu prest: "Irrits" eta "Kinka". Zer konta diezagukezu beroriei buruz? Beste zerbaitetan lanean ari zara?
"Kinka" abenduan filmatu genuen, eta Zineuskadik konfinamenduari buruzko filmak egiteko atera zuen Itxitik deialdiari dagokio. Elena Irureta, Maria Isabel Diaz eta Josean Bengoetxea dira aktoreak, eta itxialdian gertatutako istorio labur bat kontatzen du. Urtea amaitu aurretik estreinatu nahiko genuke.
"Irrits" abuztuan filmatu berri dugu, Araban. Ekoiztetxeak Galapan eta Sumendi filmak dira honetan ere, "Kinka"n bezala, eta orain hasiko naiz muntatzen. Nerabeen inguruko istorio bat da, eta oso pozik gaude filmazioaren esperientziarekin. Gogo handiz gaude!
Zure interesekoa izan daiteke
Ian Cortegoso 10 urteko bilbotarrak Nacho La Casaren "Un hijo" filmean egin du debuta
Ostiral honetan, maiatzaren 15ean, Ian Cortegoso 10 urteko aktore bilbotarra protagonista duen filma iritsi da zinema-aretoetara. Un hijo filmeko protagonista da, 8 urte zituenean grabatu zuena.
Aitor Etxebarriak musika jarri dio "The Black Mirror Experience" murgiltze-lanari
The Black Mirror Experience film espainiarra telesail ospetsuan oinarritutako murgiltze-lana da, eta Cannesko Zinemaldiko Immersive sail lehiakorreko sariaren bila dabil.
'Buzzheart' Dennis Iliadis greziarraren pelikula, Fanteko film luze onena
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdiak Hyena Sail Ofizialeko labur onena eta Bea Lemaren El cuerpo de Cristo euskal film labur onena ere saritu ditu.
Daniel Calparsoro 'El Confidente', ETAko sator bati buruzko istorio berri bat, filmatzen ari da Donostian
Aktore taldean Javier Gutierrez, Miguel Herran eta Itsaso Arana daude, besteak beste. EITB grabazioan sartu da.
Euskal Herriko zinema-areto komertzialetako emanaldien % 2,25 izan ziren euskaraz 2025ean
Pantailak Euskaraz ekimenak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak iaz euskal aretoetan egindako proiekzioak aztertu dituzte, eta datu “gordin bezain kezkagarriak” aurkeztu.
“Las hijas”: Alabak Cannesen daude
Yune Nogueiras protagonista duen filma thriller psikologiko bat da, Daniel Romero pelikularen zuzendariak eta Asier Guerricaechevarria bilbotarrak idatzia. Marché du Film topagunean parte hartzen ari da Cannesen, salmenta agenteen, banatzaileen eta jaialdietako programatzaileen faborearen xerka.
Altxaliliak Cannesen, izan nahi dutena izan daitezkeela aldarrikatzeko bidean
Altxaliliak Maia Iribarneren dokumental luzea Marché du Filmen, Cannesko zinema jaialdian industriak antolatzen duen topagunean, bidea egiten ari da egunotan, lankidetzarako aukeren bila. Ikusi pelikularen lehen irudiak.
Dena prest Cannesen, pantailak dirdiraka hasteko
Peter Jackson eta Barbra Streisand omenduko dituzte, eta izen handiak daude Sail Ofizialean: Almodovar, Farhadi, Pawlkowski, Sorogoyen, Kore-eda, Mungiu...
Fabio Testi aktore italiarrak Ohorezko Fant saria jasoko du
Larunbatean, fantasiazko zinemako jaialdiaren amaiera galan, jasoko du aktoreak beldurrezko eta fantasiazko generoetan nabarmendu den profesionalentzako saria.
Jules Mamonek "bestetasun, singulartasun eta munstroaren figuraz" jantzi du Zinegoaken kartela
LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak 23. edizioaren irudia aurkeztu du. “Bestea deitu duten hori eztabaidaren erdian” jarri nahi du Zinegoakek.