Kongoko EDko Gobernuaren arabera, 134 heriotza susmagarri izan dira ebolaren agerraldiaren ondorioz
MOEren zuzendariak adierazi du kezkatuta dagoela agerraldia azkar ari delako zabaltzen. Ituri probintzian hasi zen agerraldia joan den ostiralean, baina dagoeneko Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko beste bi eremutara zabaldu da.
Kongoko Errepublika Demokratikoko osasun langile bat, norbera babesteko ekipamendua jantzita. Artxiboko argazkia: EFE
Kongoko Errepublika Demokratikoko (ED) ekialdeko ebola agerraldiak gutxienez 134 heriotza eta 513 kasu susmagarri eragin ditu, Gobernuak jakinarazi duenez.
Samuel Roger Kamba Kongoko Osasun ministroak prentsaurreko batean azpimarratu duenez, "heriotza susmagarriak" dira, eta "ikertzen ari dira gaixotasunarekin benetan lotura duten edo ez jakiteko".
Halaber, gaineratu du "Zaire aldaerak (hori da herrialdean ohikoena) baino hilgarritasun-tasa txikiagoa" duela. Bundibugyo aldaeraren agerraldiaren epizentroa Ituri probintzian dago, ekialdean, eta % 25 eta % 40 arteko hilgarritasun-tasa du, Mugarik Gabeko Medikuen arabera.
Birusa apirilaren amaieran hasi zen zabaltzen Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean, eta Ituri probintzian zabaldu da nagusiki, baina Ipar Kivun ere izan dira kasuak. Herrialdetik kanpo, berriz, Ugandara eta Sudan helgoaldera hedatu da.
Kongoko Errepublika Demokratikoan erregistratutako hamazazpigarren agerraldia da, 1976an birusa lehen aldiz detektatu zenetik.
MOEren zuzendaria kezkaturik, azkar hedatzen eta areagotzen ari delako
Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusiak astearte honetan esan duenez, agerraldiaren "tamaina eta azkartasuna" kezkagarria da.
Hala, osasunaren arduradun nagusiak iragarri du Larrialdi Batzordea deitu duela, eta gaur bilduko dela. Asmoa da agerraldia geldiarazteko gomendioak ematea.
Osasun-larrialdia
MOEk "nazioarteko garrantzia duen osasun publikoko larrialdia" ezarri du asteburuan ebolaren agerraldia dela eta. Gaur-gaurkoz ez dago Bundibugyo aldaerari aurre egiteko baimendutako txertorik, ezta berariazko tratamendurik ere.
Gaur, berriz, bi egun geroago, Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Afrikako Zentroek (Afrikako CDC) ofizialki Interes Kontinentaleko Osasun Publikoko Larrialdi gisa definitu dute agerraldia. Afrikako Batasuneko osasun publikoko agentziak agerraldia konplexua dela adierazi du, segurtasun faltagatik, herritarren mugikortasun handiagatik, osasun sistemen hauskortasunagatik eta gaixotasunari aurre egiteko neurri faltagatik.