Altxaliliak Cannesen, izan nahi dutena izan daitezkeela aldarrikatzeko bidean
Altxaliliak Maia Iribarneren dokumental luzea Marché du Filmen, Cannesko zinema jaialdian industriak antolatzen duen topagunean, bidea egiten ari da egunotan, lankidetzarako aukeren bila. Ikusi pelikularen lehen irudiak.
Altxaliliak Ipar Euskal Herri barnealdeko herri txikietan baserritar, euskaldun eta queer tasunak batzen dituzten lagunak dira, eta euskarazko drag showa sortu dute, lehenengoa eskualde horretan, “nahi duguna izan gaitezkeela” aldarrikatzeko.
Maia Iribarne musikari (Habia, Bloñ) eta zinemagilearen (Bañolet) jakin-mina piztu zuten ikuskizun “dirdiratsu eta erradikal” horiek, baita “bizi bultzada bat transmititu” ere, “doluan, haurdun eta erreferente berrien bila ari nintzela, aldaketa pertsonal sakoneko une batean”, haren hitzetan.
Jakin-min horren emaitza da, bada, Altxaliliak dokumentala, “egunerokoan artzain, artista edo artisau diren baina gure ingurua galdekatzen eta eraldatzen dutenen hegaldi pertsonal eta kolektiboa kontatzen duen filma”, Gastibeltza eta Doxa etxeek, proiektuaren ekoizleek, azaltzen dutenez.
Egunotan, Cannesen egongo dira lanean zuzendaria eta ekoizleak, EITBren parte-hartzea duen proiekturako, “askatasun kolektiboa ospatzen duen pelikularako”, zeru altuago baten bila, filma izan nahi dutena izateko bidean.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da