Lur Olaizola: "Hitzak oso boteretsuak dira zineman"
Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyesen ahotsa eta Yoyes. Desde su ventana liburuko pasarteak; baita Ana Torrent aktorearen eta Lur Olaizolaren beraren interpretazioak ere; eta atzean, leihoa. Osagarri horiek ditu Hirugarren koadernoa Lur Olaizola (Donostia, 1988) zinema-programatzailearen (Tabakalerako ikus-entzunezkoen programaren koordinatzailea da) filmak.
Torrent eta Olaizola alegiazko pelikula bat prestatzen aurkezten ditu pelikulak, aurrez aurre, eta beraien elkarrizketak eta Yoyesen eguneroko hitzek hainbat emakumeren lana ekarriko dute plazara. Atea zabalduko diote Ulrike Meinhofi, Simone de Beauvoirri, Aleksandra Kollontairi eta besteri.
Olaizolarekin hitz egin dugu Zabaltegi Tabakalera sailean lehiatik kanpo ikusiko den pelikula honetaz, zeinetan fikzioak eta dokumentalak bat egiten baitute.
Zer piztu zizun Yoyes. Desde su ventana irakurtzeak, testuak pelikulara ekartzea erabakitzeko? Noiz irakurri zenuen liburua, eta noiz eta zergatik erabaki zenuen filmaren abiapuntua izango zela?
Yoyes. Desde su ventana 17 urte nituela irakurri nuen lehenengo aldiz. Beti egon da liburua gurasoen etxean. Momentu horretan, Yoyesen hitzek zeharkatu egin ninduten, beti inpresionatzen naute lehenengo pertsonan idatzitako hitzek; are gehiago, eguneroko bat bada. Baina Yoyesen kasuan, gainera, bere pentsamenduak eta begirada kritikoak harritu ninduten.
Urte batzuk geroago, nire praktika zinematografikoa martxan jartzean, 80ko hamarkadaren inguruan ikertzen hasi nintzen. Alde batetik, heroina eta hiesa; bestetik, hemengo Historia.
Orduan berrirakurri nuen Yoyesen liburua, eta abiapuntu bikaina iruditu zitzaidan 80ko hamarkadako Historia beste era batean kontatzeko nire zinearen bitartez.
Zer kontatuko zenuen erabaki eta gero, nola kontatu zehaztu zenuen. Zergatik eszenaratu aktorea eta zuzendaria buruz buru erakutsita, oso toki soilean, asmatutako pelikula baten gidoia irakurtzen?
Nire praktika zinematografikoa ez dago gai batzuei lotuta bakarrik, lengoaia zinematografikoaren inguruko hausnarketa bati lotuta joaten da beti. Kasu honetan, ezinbesteko erreferentzia izan zen Marguerite Durasen Le camion filma. Bertan Marguerite Duras eta Gérard Depardieu azaltzen dira lehenengoaren etxean gidoi baten irakurketa egiten.
Nire ustez, hitzak oso boteretsuak dira zineman. Azken finean, hitz bat entzun eta ikusle bakoitzak irudi ezberdin bat imajina dezake bere buruan. Irudimena aktibatzeko erarik interesgarrienetakoa da. Horregatik iruditu zitzaidan dispositibo interesgarria zela.
Gainera, lengoaiarekin zerikusia daukan beste erabaki bat zera izan zen, irakurketa aurrera doan heinean kanpoan iluntzen doala. Zinea, azken batean, argia baita.
Ana Torrentek "Yoyes" Helena Tabernaren 1999ko pelikulan egin zuen Yoyesena. Horregatik aukeratu zenuen aktorea? Nola hartu zuen berak proiektuan parte hartzeko gonbita, eta nolakoa izan da berarekin lan egiteko prozesua?
Bai, horrexegatik aukeratu nuen. Iruditzen zait jendeari Yoyes aipatzen diozunean, askotan, Ana Torrenten aurpegia datorkiola burura Yoyesenaren ordez. Ahalmen hori ere dauka zineak, ezta? Aktore batek benetako pertsonaren irudia ordezkatzea.
Email bitartez izan zen gure arteko lehen harremana. Nire lehenengo bi film laburrak bidali nizkion, eta proiektua gainetik azaldu nion. Eta egia esan, hasiera-hasieratik interesatu zitzaion.
2020ko abenduan, elkar ezagutu genuen Madrilen, eta harrezkeroztik oso ondo moldatu izan gara. Berarekin lan egitea zoragarria izan da, aktore bikaina baita.
Torrentez gain, kamera aurrean agertzen den beste pertsona zeu zara. Zergatik erabaki duzu pantailaren bestaldera lerratzea, eta nola bizi izan duzu esperientzia hori? Eroso egon zara?
Zalantza asko izan nituen erabaki horren inguruan. Ez zait kameraren aurrean egotea gustatzen, eta nire papera aktore batek egitea pentsatu nuen hasieran. Baina, aldi berean, ez zeukan zentzurik aktore batek zine zuzendariarena egiteak ni neu zuzendaria izanik. Dokumental eta fikzioaren artean dagoen proposamen bat izanik batez ere.
Nerbioak pasa nituen filmatzeko orduan. Ez zen bakarrik kameraren aurrean jarri behar nuela, baizik eta Ana Torrenten mailako aktore baten aurrean egin behar nuela. Baina berak asko erraztu zuen egoera.
Yoyesen egunerokoan jasotako hitzetan, hainbat idazle agertzen dira, hala nola Ulrike Meinhof, Simone de Beauvoir, Rocio Diazescobar eta Aleksandra Kollontai, baita Sartre, Cortazar eta Tina Modotti ere. Irakurketa horiek guztiak egin dituzula esan duzunez gero, zer harik lotzen ditu zure ikuspegitik?
Hasteko, Yoyesek berak lotzen ditu. Zinema-programatzailea izango balitz bezala, idazle eta pentsalari guzti hauengana eraman nau Yoyesek. Hitz batetik hurrengora. Pentsamendu batetik bestera.
Tina Modotti eta Aleksandra Kollontairen kasuan, badago istorio polit bat: Modottiren argazkigintza hainbeste baldintzatu zuen zine sobietarra Kollontaik Mexikon programatu zuelako ezagutu zuen Modottik. Sentsazioa dut sortzaile hauen guztien artean hainbat hari daudela. Agian, bakoitzak egin behar du bata bestearekin lotzeko ibilbidea.
Koadernoak eta egunerokoak une jakin bateko argazkiak direla esaten du Yoyesek. Gisa berean bizi ditu zinemagileak bere bidean egindako filmak? Nolako harremana duzu denborarekin eta egindako pelikulekin?
Gustatzen zait galdera hau. Orain arte ez dut honetan pentsatu, baina arrazoi duzu, egin ditudan pelikulek bizitzaren momentu ezberdin bat markatzen dute, film bakoitza iraganeko momentu batekin lotuta dago.
Eta uste dut oso lotuta dagoela film bat egiteko prozesuarekin ere: ikerketa, filmaketa, muntaketa, postprodukzio eta proiektatzeko momentuarekin alegia. Baita norberak bizi duen momentuarekin eta inguratu zaituen jendearekin ere.
Cinema du Reel Parisko Pompidou Zentroko zinema jaialdian estreinatu zenuen filma martxoan. Zer moduz joan zen? Zer erantzun jaso zenituen publikoaren aldetik?
Oso berezia izan zen Cinéma du Réeleko proiekzioa. Ez nire film labur bat nazioartean ikusi den lehenengo aldia izan zelako bakarrik, ezpada Parisen zelako ere. Paris hiri onenetakoa da horrelako esperientzia bat izateko, zinearekin daukan harremanagatik.
Oso harrera ona izan zuen Hirugarren koadernoak, nahiz eta han, Yoyes eta beraren historia ez ezagutu hemen adina.
Orain, etxeko jaialdian aurkeztea ezberdina izango delakoan nago.
Urduri nago ilusio handia egiten didalako Zinemaldian Hirugarren koadernoa aurkezteak. Igandea iristea nahi dut, eta, aldi berean, pena handia emango dit pasatzen denean.
Zer etorkizun opa diozu "Hirugarren koadernoa"ri?
Egiten dituzun sorkuntza guztiekin gerta daitekeen onena jendearengana iristea dela uste dut. Hori opa diot Hirugarren koadernoari.
Baduzu beste proiekturik esku artean? Zerbait aurreratzeko moduan?
Oraingoz ez daukat proiektu zehatzik. Urtarrilera arteko epea eman diot neure buruari esku artean ditudan programatzaile lanekin ibiltzeko, eta urtarriletik aurrera hasiko naiz proiektu berriarekin.
Nahiz eta oraindik erabat irekita egon, emakumea eta Historia hor egongo dira zalantzarik gabe.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zure interesekoa izan daiteke
Zinemaldiak atzerabegirako bat eskainiko dio Jose Giovanniri
Frantses zinemagile eta nobelagileak hamabost film zuzendu, eta Jacques Becker, Jean-Pierre Melville eta Jacques Derayrekin lan egin zuen.
Langileei buruzko Zinemaren Asteak Paul Laverty gidoilaria saritu du
Eskoziar idazleak Ken Loach eta Iciar Bollain zinemagileekin lan egin du batez ere. Martxoak 3 Elkarteak saria eman dio bart, Langileei buruzko Zinemaren Asteko amaiera ekitaldian.
Imanol Uribek jasoko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren sari berezia
Palestine 1936 filmak inauguratuko du eta Rebuilding filmak itxiko du zinema jaialdiaren 23. edizioa.
Fant jaialdiak Bruno Martin saritu eta erakusketa eskainiko dio Nere Torrijos jantzi-diseinatzaileari
Fantasiazko Zinemaren Bilboko Jaialdiak madrildar zuzendari, gidoilari eta aktoreari emango dio FANTrobia, zinemako eragile berrien saria, eta Planoz Kanpo saila estreinatuko du, zinema industriaren inguruko jarduerei eskainitakoa.
Ikus-entzunezkoen euskal sektorea zinema akademia propio bat eratzeko aukera lantzen hasi da
Sektoreak aitortu du apirilaren 23rako dutela hitzordua jarrita, gogoeta prozesuari ekiteko. Nolanahi ere, "topaketa itxia eta erabat profesionala" izango dela argi utzi dute, eta horregatik, prozesua "errespetatzeko" eskatu diete komunikabideei. "Kanpoko dinamikek" ekimena "baldintzatzea" saihestu nahi dute.
Punto de Vistak 90 pelikula eskainiko ditu 20. urtebetetzea ospatzeko
Film dokumentalen Iruñeko jaialdiak 66 emanaldi prestatu ditu, apirilaren 20tik 25era emateko. EITBk film labur onenaren saria emango du, eta Ziarraize eta Kukuaren kanta lanak dira, besteak beste, horretarako hautagai.
Apika Labek bultzatuko dituen ikus-entzunezko sei proiektuak hautatu dituzte
Euskal ikus-entzunezko lanei zuzendutako babes eta laguntza programa publikoak Pedro Fuentes, Tamara García Iglesias, Aitor Azurki, Alvaro Arbina eta Joana Moyaren azken lanak bultzatuko ditu.
Ia milioi bat ikusle izan dira urteko lehen hiruhilekoan EAEko zinema aretoetan
“Torrente presidente” izan da film ikusiena tarte horretan, martxoaren 13an estreinatu bazen ere. “La asistenta”, “Avatar: Fuego y ceniza”, “Hamnet” eta “Cumbres borrascosas” pelikulek osatzen dute bost ikusienen zerrenda.
Bero egiten du Laponian
Zinemara goazen bakoitzean, hitzarmen bat sinatzen dugu pelikularekin: engaina nazazu gozoki, prest nauzu.
Silver Film Festivalek Elena Irureta omenduko du
Jaialdiaren laugarren edizioa apirilaren 20tik 24ra egingo dute, Bilbon, eta 16 filmen proiekzioa, solasaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Maiatasuna eta sexua adinari begiratu gabe bizitzeko gonbita egingo du, bost egunez.