Euskal zinemak eutsi egin dio "La sociedad de la nieve"ren elausoari
La sociedad de la nieve Juan Antonio Bayonak zuzendutako pelikula izan da, zalantzarik gabe, jaun eta gabe Goya sarien 38. edizioan: 12 garaikur beretu ditu Espainiako Zinema Akademiaren galan (film onenarena eta zuzendari onenarena, besteak beste).
1972an Andeetan izandako hegazkin istripu bat eta talkatik bizirik irten zirenek nola biziraun zuten du kontagai Netflix etxeak ekoitzi duen pelikulak.
Euskal zinemak, bestalde, zortzi sari lortu ditu: hiru (jatorrizko gidoi eta zuzendari berri onenenak Estibaliz Urresolarentzat eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenarena Ane Gabarainentzat) 20.000 especies de abejasentzat izan dira, bi (animaziozko film onena eta gidoi egokitu onena) Robot dreamsentzat, eta bat Cerrar los ojosentzat (antzeztaldeko gizonezko aktore onena Jose Coronadorentzat), To bird or not to birdentzat (animaziozko film labur onena) eta O cornorentzat (emakumezko aktore berri onena, Janet Novasentzat).
Haizea alde zuela hasi du euskal ordezkaritzak gaua: galako lehen saria Cerrar los ojos Victor Erice maisuaren pelikularentzat izan da; Jose Coronado aktoreak jaso du, antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren atalean. Ericeren itzulerako filmak (aurreko film luzea sinatu eta 30 urtera etorri da Cerrar los ojos), 11 ataletan izendatuta bazegoen ere, gau osoan jaso duen ale bakarra izan da, nolanahi den.
Euskal ordezkarien zoria erdiz erdi aldatu da hurrengo sarietan, eta beste pelikula batzuentzat izan dira sariak atal hauetan: jatorrizko kantu onena ("Yo solo quiero amor", Te estoy amando locamente pelikulakoa), efektu berezi onenak (La sociedad de la nieve), makillaje eta ile apainketa onenak (La sociedad de la nieve) eta gizonezko aktore berri onena (Matías Recalt, La sociedad de la nieve pelikulan egindako lanagatik).
La sociedad de la nievek abiada handian jarraitu du sariak pilatzen, eta editatze onenarena, argazki onenarena, soinu onenarena, zuzendaritza artistiko onenarena, ekoizpen zuzendaritza onenarena eta jatorrizko musika onenarena irabazi ditu errenkadan.
Gaueko lehen hamabi sarietatik, hamar irabazi ditu La sociedad de la nievek. Marka ikaragarria.
Sariak, euskal animazioarentzat
Bayonaren pelikularen hegemonia galako hurrengo sailean pitzatu da, halabeharrez, euskal zinemaren zorionerako. Animaziozko pelikula onenaren saria ezin irabazi elurraren gizarteak, eta Robot dreamsek eraman du Goyaren buruaren erreplika, sail horretan.
Oscarretarako bidea abiatu aurretik (martxoan animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatuetako bat izango da Robot dreams), Pablo Berger bilbotarrak, pelikularen zuzendariak, publikoari eta filma erakutsi duten zinemei eman dizkie eskerrak oholtzatik.
Gainera, Sara Varonen eleberri grafikoa Robot dreams pelikula bihurtzeko lanak gidoi egokitu onenaren Goya saria ere ekarri dio geroago Bergerri, zeinak bere burua gidoilaritzat baitu "zuzendaritzat baino gehiago", hitza bigarrenez hartu duenean adierazi duenez.
To bird or not to bird Uniko bilbotar etxeak ekoitzi duen animaziozko film laburrak eman dio segida euskal animazioaren azken urteotako bolada onari.
Gaueko lehena, 20.000 especies de abejasentzat
Estibaliz Urresolak biribildu du galaren erdialdeko segida zorionekoa, zuzendari berri onenaren saria irabazi baitu 20.000 especies de abejas filmean egindako lanagatik.
Pelikulan parte hartu duten guztiei eta ingurukoei eskerrak eman dizkie laudioar zinemagileak, eta Gazan egiten ari diren genozidioa salatu du, mikroa hartu duenean.
Urresola berriro igo da oholtzara gero, jatorrizko gidoi onenaren Goya saria ere irabazi baitu 20.000 especies de abejas filmaren gidoia idazteagatik.
O corno Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen filmak, Jaione Camborda donostiar zinemagilearen lanak, emakumezko aktore berri onenaren Goya saria ekarri dio Janet Novas galiziar dantzari eta aktoreari. Zinez hunkituta, galizieraz eta gaztelaniaz eman ditu eskerrak Novasek oholtza gainetik.
Sofia Otero 20.000 especies de abejaseko protagonista eta Berlinaleko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzaren irabazleak (gaurkoan ezin zuen Goyarik irabazi, 16 urtetik beherakoa baita) izan du antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria Ane Gabarain kideari emateko ardura.
Gipuzkoar aktoreak izendatuta egon diren beste kideak (Ana Torrent, Itziar Lazkano, Clara Segura eta Luisa Gavasa, "laurak ere emakume heldu zoragarriak") zoriondu ditu, eta eskerrak eman dizkie 20.000 especies de abejaseko erlauntza osoari eta batez ere Estibaliz Urresola "erle erreginari" hain pertsonaia "berezi eta maitagarria" oparitzeagatik. Familia ere hartu du gogoan, senideei "nire oinazeak arintzea" egokitu zaielako.
Gabarainek pertsona transak ere izan ditu gogoan bere hitzaldian. "Borroka horretara gerturatzeak pertsona hobea bihurtu nau. Gora dibertsitatea!", aldarrikatu du bukatzeko.
"Ez zaudete bakarrik"
Hiru ordu eta erdi iraun duen galan, behin eta berriz entzun dira sexu indarkeriaren aurkako aldarrikapenak, eta feminismoa, gerraren aurkako aldarriak eta ultraeskuina erakundeetan sartzeak kulturari dakarkion arrisku larria ere lerratu dira saridunen eta aurkezleen adierazpenetara.
Amaia musikari nafarrak ireki du Goya sariak banatzeko gala, piano-ahotsetan "Mi gran noche" kantuaren bertsioa interpretatuta. Jarraian, galaren aurkezleek, Los Javis zinemagileek (Javier Calvo eta Javier Ambrossi), eta Ana Belén musikari eta aktoreak zinema barruko sexu abusuak eta indarkeria gaitzetsi dituzte, hasiera-hasieratik, eta horiek ahalbidetzen dituzten egiturak berrikustera deitu dute zinema industria. "Ez zaudete bakarrik", esan diete eraso horien biktimei. "Zineman ere, aski da", esan dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro Gonzalez Iñarritu, irudiaren bardoa
Amores perrosekin goizetik gauera zinemagintzaren panorama inarrosi zuenetik Bardo (o falsa crónica de unas cuantas verdades) azken filmera arte, EITBren Bilboko egoitzan Carne y arena instalazioa erakutsiko duen mexikar zinemagileak ezinbesteko ibilbidea egin du XXI. mendeko autore zinemagintzan.
Robert Duvall aktorea zendu da, 95 urte zituela
Apocalypse Now eta Aitajauna filmetako aktore ospetsua igande gauean hil zen, Virginan, Luciana Duvall haren alargunak iragarri duenez. 2003an, Donostia saria eman zion Zinemaldiak.
Hemeretzi film lehiatuko dira Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialean
Zinema Dokumentalaren Nafarroako Nazioarteko Jaialdiaren 20. edizioaren programazioa Benita Alain Berlinerren filmak irekiko du, eta Una película de miedok itxiko du.
Horrelakoa da “Cada día nace un listo”, Arantxa Echevarriak “La infiltrada”ren ondoren egin duen filma
Pelikula, “satira garratz bat”, Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiatik kanpo, maiatzaren 22an zinema aretoetan estreinatu aurretik. Cada día nace un listo, Arantxa Echevarría bilbotar zinemagilearen film berria, Malagako zinema jaialdian estreinatuko dute; martxoaren 6tik 15era egingo dute jaialdia. Echevarriak eta Patricia Campok idatzia, Hugo Silva, Susi Sánchez, Dafne Fernández, Jaime Olías, Ginés García Millán, Diego Anido, Markos Marín, Marina Ostolaza, Sofía Otero eta Javier Tolosa dira aktoreak, eta Belen Rueda, Pedro Casablancek eta Gonzalo de Castrok ere hartu dute parte. EITBren parte-hartzea du Lazona Zinemaren eta Lamia Produccionesen ekoizpenak. Echevarriaren seigarren film luzea da Cada día nace un listo (2026), Carmen y Lola (2018), La Familia Perfecta (2021), Chinas (2023), Políticamente Incorrectos (2024) eta La infiltrada (2024) lanen ondoren.
Argazki zuzendaria letra handitan agertzen denean…
El cuento de una noche de verano film labur onenaren Goya sarirako izendatutako lanean, Ion de Sosa donostiarra ibili da argazki zuzendari.
Asier Altuna: "Jendea hunkitu egiten da 'Karmele' ikustean"
Donostiako Zinemalditik eta Euskal Herriko areotatik pasatu eta gero, Karmele filma Primeran plataformara iritsi da. Asier Altuna filmaren zuzendariarekin hitz egin dugu, hori dela eta.
Batman, FANT zinema jaialdiaren ikurra
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia maiatzaren 8tik 16ra arte egingo dute aurten. Gotham Cityko superheroia Bilbori begira ageri da kartelean.
“Las hijas”, manipulazioaren aurkako borroka pantailan
Daniel Romero madrildar zinemagilearen lehen lan luzea Bizkaian filmatu dute, eta Yune Nogueiras, Jone Laspiur, Edurne Azkarate, Ainara Elejalde eta Ainhoa Larrañaga ditu protagonista, baita Karra Elejalderen parte-hartzea ere.
Euskal ekoizpenak protagonista, Goya sarietako izendatuen jaian
Goya sarietako izendatuen jaia egin dute Madrilen. Euskal produkzioek 47 izendapen dituzte guztira eta haien presentzia nabarmena izan da. Euskal zuzendari, ekoizle eta aktoreak irribarretsu ikusi ditugu alfonbra gorrian, pozik eta ilusioz beterik. Jai honekin otsailaren 28an Bartzelonan ospatuko den galarako atzerako kontaketa hasi da.
Euskal zinemaren industria etengabeko hazkundean dago, eta Euskal Herriko Zinema Eskolan nabaritu dute
Datozen urteetan arlo profesionalera salto egiteko asmoz, gero eta aktore gazte gehiago dago zine eskoletan. Euskal Herriko Zinema Eskolako ikasleek aitortu dute sektoreak bizi duen gorakadaren ondorioz etorkizunari itxaropenez eta motibazioz begiratzen diotela.