Bost euskal film labur, Zinebiren Sail Ofizialean
ZINEBI, Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiaren 67. edizioa azaroaren 21etik 28ra egingo dute, Bizkaiko hiriburuan, eta bost euskal film lehiatuko dira oraingoan Sail Ofizialean: “El cuerpo de Cristo” (Bea Lema, animazioa), “Geratzen den hori” (Aitor Gametxo, dokumentala), “Habana industrial” (Ainhoa Ordoñez, dokumentala), “Le prime volte” (Giulia Consentino eta Perla Sardella, dokumentala) eta “Ultramarino” (Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti).
Bost pelikulok sari hauek eskuratzeko hautagai izango dira: Zinebi Sari Nagusia (8.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Mikeldi sariak, fikzioaren, animazioaren eta dokumentalaren kategorietan (5.000 euro bakoitzak), FAS Zineklub saria (2.000 euro), Unicef saria, EITB Publikoaren Saria (3.000 euro), Epaimahai Gaztearen Saria (2.000 euro) eta (H)emen–Mirentxu Loyarte Saria (2.000 euro).
Sail Ofizialeko epaimahaia Ramia Beladel artistak, Callisto McNulty kuratoreak eta Norika Sefa, Daniel Šuljić eta Santiago Tabernero zinemagileek osatuko dute.
Zinebik, gainera, Euskal Herrian ekoitzitako 5 dokumental eta 33 film labur gehiago programatu ditu Bertoko Begiradak sailean.
Gainera, Pablo Berger bilbotar zinemagileak eta Esther García espainiar ekoizleak jasoko dituzte jaialdiaren Ohorezko Sariak. Bergerri gaur bertan emango diote, Arriaga antzokian, 19:30ean hasiko den inaugurazio ekitaldian.