Alejandro Gonzalez Iñarritu, irudiaren bardoa
Amores perrosekin goizetik gauera zinemagintzaren panorama inarrosi zuenetik Bardo (o falsa crónica de unas cuantas verdades) azken filmera arte, EITBren Bilboko egoitzan Carne y arena instalazioa erakutsiko duen mexikar zinemagileak ezinbesteko ibilbidea egin du XXI. mendeko autore zinemagintzan.
Alejandro Gonzalez Iñarritu
Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinema zuzendariak (Mexiko Hiria, 1963) ohorezko tokia du, baduenez, XXI. mendeko autore zinemaren kanonean. Guztira, besteak beste, bost Oscar sari jaso dituzten bere zazpi pelikulak dira toki pribilegiatu horren berme, horietan utzi baitu agerian nola maisutasun eta ausardia tekniko eta formala hala inguruari nondik begiratu mugatu eta zehazteko trebetasuna.
Mexikotik, milurteko berrian PRI alderdiak 70 urteko agintaldia bukatu berritan eta mugimendu zapatistaren eskutik sartzen ari zen herrialdetik, Heriotzaren Trilogiarekin agertu zen Iñarritu, indar betez, zinemagintzaren panoraman. Amores perros (2000, Canneseko Kritikarien Saria eta ingelesez-ez beste hizkuntza batean egindako pelikula onenaren Oscarrerako izendapena, opera prima batentzat), 21 gramos (2003) eta Babel (2006) filmek osatzen dute pelikula hirukote zoragarria, galerari, fedeari, zoriari, minari, biolentziari eta (des)esperantzari buruz Guilllermo Arriaga idazlearekin batera idatzitako hiru istorio fragmentario itogarriek.
Hiru film ezinbestekootan, gertakari tragiko batek hainbat hari narratibo lotzen ditu, eta ikusleak txandaka ikusiko ditu pantailan, puzzle baten piezak balira bezala, giza arimaren (Duncan MacDougall doktoreak arimak 21 gramoko pisua duela zehaztu zuen, hortik 21 gramos filmaren izenburua) erretratu oso eta konplexu baten zati dirdiratsuak. Mexiko Hiritik Marokora, Tokio eta Tijuanatik AEBko hiri paisaietara, Iñarrituk eta Arriagak, Amores perros filmaren kredituek jasotzen dutenez, galdu duguna ere bagarela azpimarratzen dute trilogia horretan, ezin zehatzagoa denez inoiz osagarritzat hartu ezin den narratiba disruptibo batez.
Iñarrituren eta Arriagaren arteko lankidetza tiro bakar baten hotsa mundu osora zabaltzen duen hirugarren film horren ondoren bukatu zen, modu publiko eta gatazkatsuan, eta oraintsu arte iraun du distantzia horrek, sortzaileok duela aste gutxi besarkatu baitzuten elkar, Amores perros filmaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi batean. Iñarrituk Biutiful filmatu zuen orduan, Bartzelonan, Javier Bardemekin, errealismo zikina naturaz gaindiko plano oniriko batekin nahasten dituen pelikula muturreko, guztiz itogarri eta ez hain biribilean.
Birdman bere hurrengo pelikulari esker (2014), Iñarrituk superheroien dirdira hutsala kritikatu zuen, eta hiru Oscar sari irabazi, bide batez: film, zuzendaritza eta gidoi onenak. Gainera, narratibaren gaineko bere kontrol erabatekoa utzi zuen agerian, tonuari dagokionez –dramatik komedia beltzera lerratu zen– eta teknikari dagokionez: lehen hiru filmetako narrazio zatikakotik bi orduko sekuentzia plano (faltsu) batera pasatu zen ordukoan.
Iñarrituren azken bi pelikulak ezin desberdinagoak dira, elkarrekin erkatuta. The revenant (2015, zuzendaritza onenaren Oscarra, baita argazkigintza onenarena eta gizonezko aktore nagusi onenarena, Leonardo DiCapriorentzat) teknikoki akasgabea den abenturazko filma da, aurreko lanek baino transzendentzia murritzagoa duena. Bardo (o falsa crónica de unas cuantas verdades), berriz, Kalifornian bizi ondoren Mexiko Hirira itzuli den mexikar kazetari eta dokumentalista baten gaineko ibilbidearen errepaso autobiografiko eta malenkoniatsua (“memoriak ez du egiarik, ezpada konbikzio emozionalak”, dio mexikarrak) da.
Hain zuzen ere, migrazioa da Carne y arena errealitate birtualeko murgiltze esperientziaren ardatza. Lan horretan, zinemagileak mexikar eta erdialdeko amerikar migratzaile eta errefuxiatuek egindako bidaiaren zati baten erdian kokatzen du bisitari bakoitza.
Instalazioa 2017an estreinatu zuten Cannesen, eta Hollywoodeko Akademiak Oscar berezi bat eman zion urte horretan. Orain, EITBren egoitzan bisitatu ahalko da martxoaren 11tik ekainaren 20ra, eta Amores perros filmean El Chivo pertsonaiak alabari garrazki esaten zion zuen horretarako hazia izan nahi du: “Mundua osatu nahi nuen, gero zurekin partekatzeko”.
Misioa bete zein ez, Iñarrituren lana jarrera horretarako akuilu izan daiteke.
Migrazioa
“Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarrituren instalazioa, EITBren Bilboko egoitzan bisitagai
Bisitaria migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren zati baten erdian kokatzen duen “murgiltze esperientzia” martxoaren 11tik ekainaren 20ra paratuko dute EITBren egoitzaren 5. platoan. Sarrerak otsailaren 17tik aurrera egongo dira salgai, 11,21 euroan.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
“Palestine 36” filmak irekiko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia
Apirilaren 23tik 30era 23. edizioa egingo duen jaialdiko pelikuletan hizpide hartuko dituzte, besteak beste, emakumeek erlijioetan duten zeregina, larrialdi klimatikoa, prekarietatearen feminizazioa eta pertsona transek landa giroan duten egoera.
Piztu ziren argi gorriak Hernaniko eskalextrikean
"Argi Gorriak" telesailaren zortzi ataletan, krudela oso da komedia, bizitza nola. Zortzi atal horietan, algarak izozten dizkizute gidoilariek eztarrian.
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.