Piztu ziren argi gorriak Hernaniko eskalextrikean
Zortzi atal ditu Primeran plataformara ikusle uholdea erakartzen ari den Argi Gorriak telesailak. Zortzi horietan, krudela oso da komedia, bizitza nola. Zortzi horietan, algarak izozten dizkizute gidoilariek eztarrian. Zortzi horietan, pitxiak lapurtzen dituen bikoizketaren izar ohiak jasoko du gaixoak merezi ez duen zigorra. Eta ez du merezi autoestimua kolokan duelako, behe-beherako bidean. Bai emakume bezala, bai aktore bezala, bai ama bezala, bai senarrik gabeko emazte bezala, bai gorroto goxoa dion emakume aberats okitu baten errain bezala.
Zortzi horietan, euskal ikuskizunaren armazoia eraiki duten (eta zutik eta airos sostengatzen duten) hamaika eta bat aurkituko dituzue kreditu tituluetan. Eta ez bakarrik Alberto Gastesi, Alejandra Arrospide, Alex Merino, Singular edo La quietud tras la tormenta proposamen ezohiko eta balentak burutu dituen hirukotea. Baita hamaika sari eskuratu duen Kepa Errasti ere. Euskarara ekarri du gidoia, ñabarduraz eta doinu ezberdinez beteriko euskara bizi batera.
Eta ez soil-soilik puntaren puntan dauden aktoreak. Ez naiz Ituño handiaz ari. Ezta Klara Badiolaz edo Nerea Sanzez ere. Ez dut aipatuko cameo izugarri graziosoa egiten duen Izaro. Ez dut aipatuko, ez, baina adi izan, bigarren atalean, autobuseko eszenari. Gomendio bat: ikas itzazue buruz ‘Ixildu mese’ abestiaren hitzak. Badaezpada ere.
Arituko naiz, ordea, Yangxi Chen Bilboko aktore euskaldunaz. Telesailean, Li da. Bere curriculumean arakatuz gero, zinemagintza eta antzerkia ikasi dituela leituko duzue. Londresko antzokietan lan egina da, eta, zinema zuzendari gisa, La impostora bere film laburrak zinemaldiak korritu ditu, sari ugari jasota. 8 minutuan, Yangxik hausnarketa eder eta umoretsua egiten du bere jatorri txinatarraz.
Argi gorriak… Hitz egin dezagun lokalizazioez. Non filmatu zen, non kokatu? Zein da lokalizazioen ardura duen departamenduaren buru?
Bi kokapen izugarri ditu telesailak. Alde batetik, Hernanin dagoen Rueda Asia denda-bazar-biltegi txinatar ikusgarria. Gaizki pasako du bertan gure neska kleptomano gogokoenak. Gauza gehiegi ostuko ditu, eta kasik larrutik pagatuko.
Zergatik ebasten ditu pitxi xelebreak Itziar Ituñok bertan? Seguru azalpen psikologiko sakona erabil ahalko genukeela erantzun gisa, baina bertako jabe eta sikarioei, bost.
Bere mundua suntsitzen sentitzen duen ebasle ez-profesional honek lantokiaren hurbilean du bazarra, eta besoa mugituz agurtzen gaituzten plastikozko katuak ebasteko aprobetxatzen ditu libre dituen tarteak.
Esandakoa, bikoizketa estudioa ez da urrun geratzen. Hernaniko Florida Industrialdean zutik geratzen den hormigoizko eraikin harrigarrian da kokatua. ‘Eskalextrika’ deitzen diote herrian. Arrazoi sendo eta osoz, biragune artean gorantz doan zirkuitua ematen duelako. Erreferentzia jantziagorik nahi izatera, honako hau: bertan zaudela, New Yorkeko Guggenheim museoa datorkizu burura, landu gabeko, apaindu gabeko izango litzatekeen Guggenheim New Yorkekoa.
Lokalizazio gehiago? Donostiako Usandizaga-Peñaflorida institutua, Amara Berri ikastetxea, Irungo hainbat leku…
Ezinbestekoa da lokalizazio egokiak aurkitzea. Bai zineman, bai telebistan. Munduko izkina, txoko, eraikin, paisaia mila ezagutu behar dituzte ardura hori dutenek. Gogoratzen zarete Paul Urkijoren Gauaz? Nafarroako Artikutzan, Elorrioko Argiñetako nekropolian eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian filmatu zuten. Ainhoa Bayano arduratu zen leku horiek guztiak bilatzen eta kudeatzen.
Argi Gorriaken kasuan, Haritz Elizegi dugu lantaldearen buru. Eskarmentu handikoa. Alde batetik, bikoizle eta esatari ibilia da EITB, Netflix, Primevideo eta antzeko erraldoientzat. Beste aldetik, Zeru Ahoak, Una Ballena, Akelarre, Ilargi Guztiak, Faisaien Irla, Un funeral de locos lan handien paisaiak, bai urbanoak bai naturalak, berak eta lankideek aurkitutakoak izan dira.
Lerro hauek idazterakoan, Haritzek Hernaniko eskalextrik famatu eta maitatua laster botako bide dutela komentatu du. Beste zio noraezekoa Argi Gorriak lana ikusteko. Eraikin izugarri horrekin flipatu eta gero, agur beroa egiteko. Momentuz alegiazkoa baino ez den bigarren denboraldian.
Zure interesekoa izan daiteke
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.