Rubalcabak Rajoyri: 'Barcenasi adi goberna daitekeela uste al duzu?'
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruak Rajoyren dimisioa eskatu du berriz ere, ''goizero Luis Barcenasek zintzotasun krisi bat izango ote duen adi ezin baita herri bat gobernatu''. ''Azpian duen Espainiari bisita egitea'' eskatu dio Rajoyri, eta iruzur fiskala dela-eta bildutakoaren erdia enplegua sortzera bideratzea proposatu du.
Gobernuko presidenteak, bestalde, sozialistak Gobernuan zeudenean egindakoa gogoratu dio Rubalcabari, eta ''historia bat'' duela esan dio. ''Nire alderdia ez dute legez kontrako finantzaketagatik zigortu, baina zurea bai'', erantzun dio Rajoyk PSOEri, ustelkeria dela-eta, eta Gobernuan lau urtez jarraituko duela iragarri du. Halaber, Rubalcabaren dimisioa eskatzeko asmorik ez duela esan du, ''sozialistek beraiek eskatzen dutelako''. Zortzi orduko eztabaidaren ostean, ostegun honetan, 09:00etan, jarraituko dute gainerako taldeen hitzaldiekin.
"Kudeaketa oso txarra"
Sozialisten buruaren hitzaldiarekin eta ondoren presidenteak emandako erantzunarekin ekin diote berriz saioari, arratsaldez, Diputatuen Kongresuan, Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan.
Estatuaren egoera ''oso kritikoa'' dela eta horren arrazoia ''Rajoyren kudeaketa tamalgarria'' dela esan du Alfredo Perez Rubalcabak. Horren hitzetan, 14 hilabeteko gobernu jardunaren ostean, ''atzeraldia, langabezia eta desberdintasuna'' izan dira emaitzak. Zergak igo eta murrizketak ezartzean oinarritutako politikak adostasuna apurtu duela eta Espainiako herritarrek babesik gabe utzi dituela esan du Rubalcabak.
Halaber, herritarrentzat benetan kezkagarriak diren bi gai (osasuna eta etxegabetzeak) jorratu ez izana leporatu dio presidenteari.
Barcenas auzia
Alfredo Perez Rubalcabaren ustez, Rajoyk dimisioa ematea da ''Espainiarentzat onena''. "Benetan uste duzu, Rajoy jauna, goizero Luis Barcenasek zintzotasun krisi bat izango ote duen adi herri bat goberna daitekeela?'', galdetu dio. ''Orain zurea da erantzukizuna'', gaineratu du. PSOEko buruaren hitzetan, ''bereak defendatzeko grina erantzukizun instituzionalaren gainetik'' jarri du Rajoyk.
Enplegua
Ekonomia mailan, lehentasunak aldatzea eskatu dio Rubalcabak Rajoyri. Buruzagi sozialistaren ustez, helburua ezin da izan ''hazkunde ekonomikoa, enplegua sortzeko''; baizik eta ''enplegua sortzea, hazkundea pizteko''. Halaber, iruzur fiskala dela-eta bildutakoaren erdia enplegua sortzera bideratzea proposatu du.
Rajoy: 'PP ez dute zigortu legez kontrako finantzaketagatik, baina PSOE bai''
Ondoren, Rubalcabari erantzuteko tartean, Gobernuan egindako lana leporatu dio sozialisten buruari Rajoyk, eta, orain Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin egindakoaren ''kontrakoa'' proposatzen aritzea leporatu dio. "Historia bat duzu, eta ez zenuen egin orain proposatzen ari zarena'', esan dio. ''Zein sinesgarritasun duzu orain hemen ezer planteatzeko?'', galdetu dio Rajoyk Rubalcabari.
Presidenteak esan du lau urtez egongo dela Gobernuan, eta Rubalcabaren dimisioa eskatzeko asmorik ez duela, ''sozialistek beraiek eskatzen dutelako''. ''Nire alderdia ez dute kontrako finantzaketagatik zigortu, baina zurea bai'', erantzun dio presidenteak oposizioari, ustelkeria dela-eta.
CiU: ''Espainiak ez du aurrera egingo Kataluniako auzia konpondu gabe''
Joseph Antoni Duran Lleida CiUk Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, ''Espainiak ez du aurrera egingo ekonomikoki, sozialki, politikoki eta demokratikoki, Kataluniako auzia konpondu gabe''. Hori dela-eta, ''mugarik gabe hitz egitera'' deitu du Rajoy presidentea. Duranek esan du uler dezakeela ''galdeketarekiko beldurra'', baina ''inork ezin diola demokraziari beldur izan''.
Rajoyk, bestalde, zuhurtzia eskatu du galdeketaren aurrean. ''Ez gaitezen amildegirantz joan'', esan du.
Cayo Larak ere dimisioa eskatu du
Cayo Lara Izquierda Plural-Ezker Anitzako bozeramaileak ere dimisioa eskatu dio Rajoyri, presidenteari geratzen zaion irtenbide ''ohoragarri'' bakarra delako. Lararen hitzetan, gizartearen gehiengoaren ''desioen kontra'' ari da Rajoy gobernatzen, eta, gainera, ''hauteskunde iruzur batean, etengabe betetzen ari ez den programa aurkeztu zuelako''.
"Gora Espainiako zinema, kultura eta ikerketa'', esan du Larak, ''eta ez Suitzan dirua ezkutuan duten patriotak'', esan du Larak.
Halaber, Europar Batasunari paradisu fiskalak bertan behar uztea eta 500 euroko billeteak kentzea eskatzeko proposatu dio Rajoyri, eta presidenteak erantzun dio IUren neurriekin defizita ''lau aldiz'' igoko litzatekeela ''30 minutuan''.
UPyD, egungo estatu eredua berriz eratzearen alde
Rosa Diez UPyDko buruaren hitzetan, estatu eredua da egoerari aurre egiteko zailtasunik handia, bere ustez, ''loturarik gabeko eredu erraldoi, bidegabe eta antzua'' baita Estatuarena. Horren aurrean, Gorteak desegin eta prozesu berria abiatzea proposatu du.
Halaber, hainbat lege, hauteskunde legea tartean, premiaz erreformatzeko alderdien arteko ituna egitera deitu du.
Saio biziagoa arratsaldean
Arratsaldeko saioa goizekoa baino biziago hasi da, eta behin baino gehiagotan eten behar izan du hitzaldia Kongresuko presidenteak, isiltasuna eskatzeko. Azken orduan, gainera, Jesus Posadak Joan Coscubiela ICVko diputatuaren hitzaldia eten behar izan du, ezarritako denbora gainditu duelako. Diputatuak mintzaldiari eutsi dio, eta Posada haserretu egin da. "Coscubiela jauna: Utzi tribuna. Behiz eta berriz ari zara esaldi berdina errepikatzen: ez duzu autoritaterik, ez duzu autoritaterik. Beno, bada dagoeneko esan duzu. Bukatu berehala'', esan dio. Azkenean, mikrofonoa itxi behar izan diote diputatuari.
Ekonomia eta ustelkeria neurriak
Goizeko saioan, Mariano Rajoyk neurri ekonomiko berriak eta ustelkeriari aurre egiteko neurriak iragarri ditu Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan.
Zure interesekoa izan daiteke
Andaluziak 2026ko maiatzaren 17an egingo ditu hauteskunde autonomikoak
Juanma Moreno presidenteak hilabete aurreratu ditu hauteskundeak, legegintzaldia ekainean amaitzea aurreikusita baitzegoen.
Pradalesek ausardiaz jokatzeko garaia dela esan die euskal enpresei
Irango gerrak Euskadiko ekonomian izango duen eraginaz kezkatuta agertu da Lehendakaria ULMA enpresara egin duen bisitan. Datozen asteak eta hilabeteak ez direla errazak izango onartu badu ere, nabarmendu du Europako berrindustrializazioari ekarpen handia egiteko ahalmena dutela euskal enpresek.
PPk zer egingo duen jakitearen zain, Gobernua Juntsen menpe egongo da Irango gerraren harira proposatutako beherapen fiskalen dekretua aurrera ateratzeko
Podemosek nabarmendu du ez duela neurri sorta berriaren aurka egingo, baina uste du ezin duela aldeko botorik eman, "zergen beherapenak ez direlako prezioen igoerari aurre egiteko bidea". Hala, abstenitu egingo dela jakinarazi du.
Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu UPNk eta PPk Korrikaren aurka aurkeztutako bi adierazpen instituzional
Taldeen bozeramaileek agerian utzi dituzte euren arteko desadostasunak, euskararen aldeko lasterketan ETAko presoen argazkiak erakustearen eta Korrikaren beraren inguruan.
'Anboto' ETAko buruzagi ohiari erdi-askatasuna eman izana salatu du Covitek, kartzelan "denbora gutxi" eman duelakoan
Erakunde terrorista "sostengatu eta legitimatu zuen sare politiko eta sozialetik banaezina" izaten jarraitzen duela ohartarazi du terrorismoaren biktimen kolektiboak.
"Biktimak birbiktimizatzea" saihesteko eskatu dio Chivitek Korrikaren antolatzaileei
Covitek salatu zuenez, lekukoa zeraman ume batek Patxi Ruizen omenezko elastikoa zuen jantzita, Tomas Caballeroren hilketagatik zigortutako etakidea.
Poliziaren torturaren zazpi biktimak ekimen judizial bateratu bat abiatu dute, Espainiako Justiziari eskatzeko haien kasuak ikertu ditzala
Espainiako Estatua zazpi kasu horiek ez ikertzeagatik zigortu zuen Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Horietako bat Martxelo Otamendi da, Egunkariaren auzian atxilotu zuten, eta torturak salatu zituen kazetariak.
Alkatetzak argituta, Euskal Hirigune Elkargorako lehia irekitzen da orain
Apirilean erabakiko da zein izango den Ipar Euskal Herriko erakunde administratiboaren lehendakari berria. Jean Rene Etchegaray Baionako alkatea izan da 2017tik karguan, baina Iriart zein Etxeleku ere hautagai izan daitezke.
Baionako auzapez izaten jarraituko du Etchegarayk, Blanco estreinatuko da Biarritzen, Etxeleku Kanbon, eta EH Baik babesten duen Horn, Bokalen
Orain arteko auzapezek errepikatuko dute Hendaian, Donibane Lohizunen, Azkainen, Maulen eta Beskoitzen. EH Baik Urruña galdu du.
Chivitek, UPNk eta PPk gogor gaitzetsi dute Korrikan ETAren aldeko ikurrak atera izana
Korrika Txantreatik (Iruñea) igaro denean, lekukoa zeramaten bi lagunek ETAko bi presoren argazkiak erakutsi dituzte, eta horrek UPN, PP eta Maria Chivite Nafarroako presidentea haserretzea eragin du.