Yolanda Barcinak gainditu egin du Nafarroako lehen zentsura-mozioa
Aurreikusi bezala, Nafarroako Parlamentuak atzera bota du Yolanda Barcina Foru Gobernuko presidentearen aurka Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztutako zentsura-mozioa.
Iragarri bezala, ganberako 50 parlamentarietako 18k baino ez dute alde bozkatu: Bilduren zazpiek, Aralar-NaBairen seiek, Ezkerrako hirurek eta Geroa Baiko biek. UPNk (19) eta PPk (4) aurka egin dute, eta PSN (9) abstenitu egin da.
Azken momentura arte, boto asmoa aldatu eta ekimenaren aldekoa emateko deia egin diote Bilduk eta Aralar-NaBaik PSNri, sozialistek Barcinaren dimisioa eskaerarekin bat egin dutela ikusita. Baina, azkenean, ez da hala izan, eta, iragarri bezala, abstenitu egin dira.
Zentsura-mozioa gainditu ondoren, gainerako alderdiekin irtenbideak aurkitzeko prest agertu da Barcina, Nafarroak dituen arazoak gainditu eta bereziki krisi ekonomikoari aurre egiteko.
Nafarroako lehen zentsura mozioa
Nafarroaren historiako lehen zentsua-mozioa izan da. Berau aurkeztu duten taldeek Juan Carlos Longas NaBaiko parlamentari independentea proposatu dute Gobernuko presidente kargurako, eta hauteskundeak aurreratuko zituzketela iragarri dute.
Zehazki aipatu ez badute ere, Nafarroako Kutxaren (CAN) auziaren ondorioz aurkeztu dute zentsura-mozioa. Egunotan, Miguel Sanz Foru Gobernuko presidente ohiak, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiak eta Enrique Maya Iruñeko alkateak inputatu gisa deklaratu dute, auzi horren baitan.
Barcina ez dute inputatu, forupekoa baita. Horrenbestez, deklaratzera deitu nahiko balute, Auzitegi Gorenak egin beharko luke.
Parlamentuaren aurrealdean, hamar bat pertsonak elkarretaratzea egin dute, "Barcina go home" plataformak deituta, eta parlamentariei oihuka egin diete harrera. Besteak beste, "lotsagabeak" eta "lapurrak" aldarriak oihukatu dizkiete.
Barcina
Saioan sartu baino lehen, zentsura mozioak "alternatibarik" ez dagoela erakutsiko duela nabarmendu du Barcinak.
"Bilduk alternatiba izan nahi du, eta [zentsura mozioa] estrategia bat da", esan du foru presidenteak.
Horren esanetan, Parlamentuaren kanpoaldeko protesta ezker abertzaleak sustatu du.
Bildu
Saioan, Bakartxo Ruiz Bilduko bozeramaileak "harro" defendatu du zentsura mozioa, eta Nafarroako gizatea UPNren Gobernuarekin "nazkatuta" dagoelako aurkeztu dutela azaldu du.
Parlamentari abertzalea oso kritiko agertu da Gobernuaren politika ekonomikoekin eta murrizketa sozialekin, eta CANeko dieten auziari "eskandalua" iritzi dio.
Hori horrela, zentsura mozioa aurkeztea "ondo pentsatu" duten erabakia izan dela aurreratu du. "Arrazoi asko dago aurkezteko, tartean Foru Gobernua egoera ekonomikoari aurre egiteko gai ez dela".
Ruizen hitzetan, UPNk "entzungor" egin die Parlamentuaren eskakizunei eta herritarrei, eta "ustelkeriaz inguratuta" daude.
NaBai
Juan Carlos Longasen aburuz, "hauteskundeak aurreratzeak baino ez luke ahalbidetuko Nafarroak behar duen suspertze politikoa gauzatzea".
Bere hautagaitza "irekia eta eraikitzailea" dela eta akordioak lortzeko prest dagoela esan du, "egoera jasangaitza" baita herritarrentzat.
UPN
Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak "iruzur"tzat jo du zentsura mozioa, eta "hauteskunde estrategia" hutsa dela iradoki du.
"Ez da hauteskundeetarako unea, konponbideetarako unea baizik", nabarmendu du. Garcia Adanerok ez du "batere argi" zentsura mozioak aurrera egitekotan Juan Carlos Longasek hauteskundeak deituko dituen. "Agintera heltzen badira, ez dira mugituko", gaitzetsi du.
PSN
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak berretsi egin du abstenituko direla, baina agintean jarraituz gero, egoera "jasangaitza" izango litzatekeela ohartarazi dio Barcinari.
Jimenezen hitzetan, zentsura mozioa "zilegia" da, eta, horrenbestez, "errespetua" eskatu du sustatu duten taldeentzat, baina ekimenak "usain alderdikoia" duela eta "hilik" jaio zela deitoratu du.
PPN
Enrique Martin de Marcos PPNko bozermaileak adierazi duenez, mozioak "porrot" egingo du eta ez du "konponbiderik" ekarriko herritarrentzat. Horregatik, Gobernuaren aurkako "higadura estrategia" baten baitan kokatu du.
"Funts horiekin ezinezkoa da talde nazionalistak aldaketa politikoaren buruak bihurtzea", agertu du.
Hauteskundeak deitzea eskatu du Geroa Baik
Manu Aierdi atxiki gabeko Geroa Baiko parlamentariaren hitzetan Barcinaren Gobernua ''agortuta'' dago, eta, ''hauteskunde aurreratuz herritarrei hitz egiteko aukera '' ematearen alde agertu da. Horregatik, zentsura mozioaren alde egin du, ''aurrera egingo ez duela jakinda ere''.
Izquierda-Ezkerra
Nafarroako Jauregian duen eserlekuari ''eusten dion'' Gobernua bertatik kentzearen alde agertu da Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerra taldeko bozeramailea, eta mozioari babesa eskaini dio.
Zure interesekoa izan daiteke
EAJ "pozik" krisiaren aurkako neurriekin, baina EH Bilduren ustez, "ez da nahikoa"
Jeltzaleen arabera, neurri horiek "elektrizitatearen eta erregaien azken prezioa familientzat eta autonomoentzat eskuragarriagoa izaten lagunduko dute". Koalizio abertzaleak positibotzat jo du Sanchezi helarazitako hiru proposamen jaso izana, baina neurriek energia eta petrolio enpresa handien irabaziak handituko dituztela kritikatu du.
Espainiako Gobernuak elektrizitatearen, gasaren, gasolinaren eta gasolioaren BEZa % 10era jaitsi du
Ezohiko Ministroen Kontseiluak Ekialde Hurbileko gerraren ondorioak arintzeko lehen neurri sorta bat onartu du gaur. Neurri horiek 5.000 milioi euro mobilizatuko dituzte. Sanchezen arabera, "ez du eragotziko legez kanpoko gerra honen ondorioak Espainiara iristea, baina bai eramangarriagoak izatea".
Apirileko itzalaldi elektrikoa "hainbat faktorek" eragin zuten, Europako adituen arabera
Txostenak ondorioztatu du "oso azkar hedatu" zela Espainiako hegoaldean izandako "arazo lokal bat". Horrek gaintentsioagatiko deskonexio orokorrak eragin zituen, eta, azkenik, sistema iberikoa Europako gainerako lurraldeetatik bereizi zen.
PSOEk eta Sumarrek bi dekretu adostu dituzte, krisiari aurre egiteko neurriak eta etxebizitzaren ingurukoak jasotzeko
Irango gerraren ondorioak leuntzeko lege dekretua onartzeko Ministroen Kontseilua bi ordu pasako atzerapenarekin hasi da, Sumarreko kideek uko egin baitiote bileran sartzeari alokairuko kontratuen luzapena eta enpresen marjinak kontrolatzeko neurriak kanpoan uzten ziren bitartean. Azkenik, gobernukideak akordio batera iritsi dira.
Euskadik, Gaztela-Mantxak eta Kanariek bitartekotza independentea proposatu diote Osasun ministroari, greba medikoa desblokeatzeko
Euskadiko, Gaztela-Mantxako eta Kanarietako osasun-arduradunek gutun bat bidali diote Monica Garcia Osasun ministroari. Bertan, Pazienteen Erakundeen Plataformaren bitartekaritza independentea proposatu dute, greba-batzordearen eta Ministerioaren arteko elkarrizketa errazteko eta greba desblokeatzeko.
Ministroen Kontseiluak neurri ekonomikoak adostuko ditu gaur, Ekialde Hurbileko gerraren eragina arintzeko
Lege-dekretua datorren ostegunean onartu beharko dute Kongresuan. Lau arlotan egituratutako plan zehatza jarriko dute mahai gainean: egiturazko neurriak, zerga-paketea, sektore kaltetuentzako berariazko laguntzak eta pertsona zaurgarrientzako laguntzak biltzen dituena.
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.