Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Gabriel Rufianek, ERCk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak, eta Irene Monterok, Podemoseko bigarrenak, ekitaldi publiko batean parte hartuko dute apirilaren 9an Bartzelonan, ezkerraren egoera eta etorkizuna aztertzeko. Sumarrek eta PSOEk modu positiboan ikusi dute ekimana eta "PSOEren ezkerraldean espazio bat eraikitzen saiatzeko" laguntza guztiak ongi hartu dituzte. Podemosetik, berriz, Rufianekin taldea osatzea "ideia ona" dela baieztatu dute.
ERCko iturrien arabera, Rufianek otsailean Madrilen Más Madrideko diputatu Emilio Delgadorekin izandako solasaldiaren antzekoa izango da Monterorekin izango duena. Bertan, diputatu kataluniarrak ezkerreko alderdien batasuna beharrezkoa dela planteatu zuen, probintziaz probintzia, eskuin muturrak azken hauteskundeetan erakutsi duen indarra geldiarazteko. Irene Monterorekin izandako ekitaldia ez da balizko koalizio edo hautagaitza bateratu baten hasiera gisa interpretatu behar, ERCko iturrien arabera. Bakoitzak ezkerraren egoerari buruzko bere ideiak planteatuko dituela argitu dute.
Rufianek PSOEren ezkerrean dagoen espazioaren urak astindu zituen Delgadorekin izan zuen solasaldian. Sumar osatzen duten alderdi gehienak bat etorri ziren haren diagnostikoarekin, baina ERC, EH Bildu edo BNG bezalako indarrek baztertu egin zuten hauteskundeetan elkarrekin aurkeztearen balizko proposamen bat.
Podemosek, bere aldetik, Sumarrekin batera egindako proiektua errefusatzen jarraitzen du. Plataforma horrekin 2023ko hauteskunde orokorretara aurkeztu zen, eta Yolanda Diazekin izandako ezberdintasunen ondorioz, Irene Montero zerrendetatik kanpo geratu zen.
Alabaina, oraingoan Irene Monterok berak adierazi du Gabriel Rufianekin "taldea egitea ideia ona" dela.
Bitartean, Sumarrek ongietorria eman die ezkerrean "espazio edo fronte ahalik eta zabalena eraikitzen" laguntzen duten ekitaldi guztiei.
Azkenik, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteorde eta PSOEko idazkariorde nagusiak begi onez ikusi du ekitaldia, eta "PSOEren ezkerraren artikulazioa garrantzitsua" dela adierazi du.