Albiste izango dira: Carlos Garaikoetxeari agurra, Tubos Reunidosen hartzekodunen konkurtsoa eta Maialen Mazonen ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Carlos Garaikoetxea, Ana Otaduirekin batera, iazko omenaldian. Argazkia: Europa Press
Titular hauek hartuko dituzte gaur, maiatzaren bostean, hedabideetako titular nagusiak:
-Agurra Carlos Garaikoetxeari: Eusko Jaurlaritzak hiru eguneko dolua ezarri du astelehen honetan hil den Carlos Garaikoetxearen omenez. Politikari nafarra lehendakaria izan zen 1980tik 1985era, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetan euskal nazionalismoaren erreferente. Hil-kapera astearte honetan Iruñeko San Alberto tanatorioan jarri dute (09:00–21:00), eta bihar, asteazkenean, Ajuria Enean egongo da (10:00–14:00). Hileta asteazken honetan egingo da, Iruñeko San Frantzisko parrokian.
-Tubos Reunidosek hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du: “Berehalako kaudimen-ezintasuna” argudiatuta, enpresak astelehen honetan aurkeztu du konkurtsoa. Maiatzaren 6an Amurrioko batzordea, 10:30ean, eta Trapagarangoa 16:00etan deitu ditu, langileen galderei eta informazio-eskaerei erantzuteko.
-Maialen Mazonen ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa: Herri-epaimahai bat astelehenetik epaitzen ari da, Arabako Probintzia Auzitegian, Maialen Mazonen ustezko hiltzailea. 32 urteko emakumea zen, bikiak espero zituen, eta bi urteko alabarekin batera aurkitu zuten (alaba ez zegoen zauriturik). Astearte honetan epaiketaren bigarren saioa egingo da.