Felipe VI.a: 'Ustelkeria errotik moztu behar dugu'
Felipe VI.ak ustelkeria "errotik eta kontenplaziorik gabe moztu" behar dela nabarmendu du Gabonetako bere lehen diskurtsoan. Espainiako erregearen mezuak ikusmina piztu du, Cristina infanta Noos auziaren baitan akusatuen eserlekuan eseriko dela jakin eta egun batzuetara izan delako, baina gai horri aipu zuzenik egitea saihestu du.
Kataluniako egoera politika ere izan du hizpide, eta, kasu honetan, batasunerako deia egin du berriro: "Desadostasunak ezin daitezke zatiketa emozionalen edo sentimentalen bidez konpondu".
Katalunian bizi den egoeragatik "kezkatuta" dagoela esan du, "herritarren, senideen eta lagunen arteko hausturak ekartzen dituelako". Ildo horretan, Konstituzioa errespetatzeko eta aniztasuna bermatuko duen proiektu berri bat "guztien artean" eraikitzeko "benetako ahalegina" egitea eskatu du.
Egungo Espainiak hiru erronka nagusi dituela adierazi du: "Gure batasuna aniztasunetik bermatzea; politikagintza eraberritzea; gizarteak erakundeekiko galdu duten konfiantza berrekuratzea; eta ongizate estatuari eustea".
Noos auziko epaileak Cristina infanta ustezko bi delitu fiskalengatik epaitzea erabaki zuenetik bi egun igaro direnean, Felipe VI.ak nabarmendu du "legez kanpoko jarrerak izan dituztenak" horiengatik ari direla "erantzuten". Horrek, bere iritziz, Zuzenbide Estatua ondo dabilela islatzen du.
"Zerbitzari publikoek, ia guztiek, euren lanak zintzotasunez betetzen dute, interes orokorrei zerbitzua emateko asmoz; baina beharrezkoa da, hala ere, kontrako jarrerak sustraitzea eta etorkizunean berriro gerta daitezela saihestea", azpimarratu du.
Herritarrek jakin behar dute, Felipe VI.aren arabera, "diru publikoa legeak aurreikusten dituen asmoetarako erabiltzen dela, eta ez dagoela mesedeko traturik erantzukizun publiko bat izateagatik; kargu publiko bat izatea ez dela aprobetxatzeko edo aberasteko bide bat; munduan dugun prestigioa eta irudi ona ezin da zikindu".
Krisialdi ekonomikoa
Felipe VI.ak egoera ekonomikoaz ere hitz egin du bere mezuan. Haren esanetan, "kezka handia sortzen jarraitzen du"; eragile politiko, ekonomiko eta sozialei langabeziaren aurka "elkarrekin etengabe lan egiteko" deia egin ostean, Ongizate Estatua bermatzekoaren alde azaldu da.
"Langabeziaren indizeak onartezinak dira oraindik", eta Estatuko ekonomiak ez du oraindik desoreka horri "behin betiko" irtenbidea emateko gaitasuna izan, esan du Espainiako Erregeak. "Ongizate Estatua bermatzen jarraitu behar dugu; krisialdiko urte hauetan gure kohesio sozialaren euskarria izan da, familia, elkarte eta mugimendu solidarioekin batera".
Kataluniari dagokionez, elkarren arteko desberdintasunak errespetatzeko deia egin du. Desberdintasun horiek, bere esanetan, ezin dute jendea elkarrengandik urrundu, "egungo Espainian inor ez delako beste inoren etsaia". Batasunaren indarrak, adierazi duenez, "haratago eta hobeto heltzeko aukera emango du", ahultasuna eta gizarteen zatiketa onartzen ez duen mundu batean. "Argi dago denok elkar behar dugula", esan du.
"Egin dezagun ahalegin zintzoa, benetakoa, eta galdu beharko ez genukeen puntuan elkar gaitezen: elkarrenganako afektuetan eta partekatzen ditugun sentimenduetan. Konstituzioa errespeta dezagun, elkarbizitza demokratikoaren bermea dena, bakearena eta askatasunarena; eta jarrai dezagun egiten, elkarrekin, gure aniztasuna errespetatzen duen eta ilusioa eragiten duen proiektu bat, etorkizunean konfiantza izan ahal izateko", aldarrikatu du.
Garai "zailak" bizi garenean, Espainiako Erregeak uste du “arduraz, ilusioz eta izaera berritzailearekin” jarduteko deia egin du; eta azpimarratu du beharrezkoa dela Espainiako elkarbizitza politikoa egungo egoerara ipintzea, gizarte demokratikoaren funtzionamendua egunean jartzea, herritarrek euren erakundeetan konfiantza berreskuratzea”.
Hitzaldia
"Espainia", "etorkizuna" eta "konfiantza" izan dira Felipe VI.ak gehien errepikatu dituen hitzetako batzuk; guztira, 1.643 hitz erabili ditu bere lehen mezuan. "Hiritarrak", "espainiarrak", "politika", "Konstituzioa", "elkarbizitza", "ilusioa", "familiak", "erakundeak" eta "behar dugu" aditza –lehen pertsonan- ere nabarmendu dira.
Espainiako Erregeak, bere hitzaldiaren azken minutuetan, itxaropeneko mezua luzatu die espainiarrei; eurengan konfiantza izateko eskatu die eta azpimarratu du hori dela “nazio kontzientziaren harrotasuna” berreskuratzeko gakoa, "Espainia moderno batena, uste demokratiko sendoetakoa, anitza, munduari irekia, solidarioa, indartsua, kementsua".
"Eta hor egongo naiz beti zuen ondoan, espainiarren lehen zerbitzari moduan", azpimarratu du Felipe VI.ak. Letizia erreginaren eta euren bi alaben izenean Gabonak zoriondu dizkiete herritarrei; Estatuko hizkuntza ofizialetan ere eman du zoriona.
Eszenografia
Zarzuela Jauregiko gela batetik hitz egin du Espainiako Erregeak (leiho handiak ditu gela horrek, sarrerako lorategien gainean); giroa familiakoa izan da. Aurtengo mezua ez dute bileren gelan egin, eta 12 minutu eta 38 segundo iraun du. Felipe VI.ak Espainiako bandera baten ondoan hitz egin du eta argazki batzuk ere izan ditu aldamenean: bere emaztea, gurasoak eta alabak eta bera erakusten zituzten irudi horiek.
Juan Carlos erregeak koroatze egunean eman zion besarkada, Mallorcan errege berriek eta euren alabek egin zuten lehen agerraldia eta Felipe VI.ari eta Letiziari ateratako argazki natural bat, hegaldi batean zeuden bitartean, izan dira galeria hori osatu duten irudiak. Gaur egun Erreginaren beste argazki bat ere, umea zenekoa, ikusi ahal izan da.
Zure interesekoa izan daiteke
Burlatako Udalak aho batez gaitzetsi du UPNko zinegotzi bati jaietan egindako erasoa
Pasa den larunbatean Carlos Oto UPNko zinegotziari eraso egin zioten alderdi erregionalistaren egoitzan, hainbat alderdikide eta beste hainbat pertsona bilduta zeudela.
"Errealitatea makillatzea" egotzi dio Ceutako presidenteak Gobernuari, eta krisia konpontzeko 30 egun eman dizkio
Juan Vivasek gogor kritikatu du Gobernua uztailaren 30ean eta 31n Marokotik 70.000 pertsona inguru hiri autonomora sartu ondoren sortu den migrazio-krisiaren aurrean "erantzun ezagatik" eta "pasibotasunagatik". Agerraldi batean, Vivasek galdetu du ea Gobernuaren pasibotasunak Maroko "ez molestatzea" bilatzen duen, eta iragarri du botere judizialera eta beste estamentu batzuetara joko duela krisia 30 eguneko gehieneko epean konpontzen ez bada.
Javier Lasagabaster hil da, Lurralde Politika eta Herri Lan sailburua 1980 eta 1984 artean
Lasagabaster Carlos Garaikoetxea buru zuen Jaurlaritzako kide izan zen lehen legegintzaldian, 1980 eta 1984 artean.
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.
Marlaskak segurtasun neurriak indartu ditu Ceutan, eta Marokorekiko lankidetza aldarrikatu du
Barne ministroak iragarri duenez, 45 polizia gehiago bidaliko dituzte Ceutara, herritarren segurtasuna indartzeko asmoz. Oraindik ez da erabat berreskuratu normaltasuna hirian, nahiz eta modu irregularrean sartu ziren migratzaile gehienak itzuli.
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.