16 lagun atxilotuta, ezker abertzaleko abokatuen aurkako operazioan
Ezker abertzaleko abokatuen aurkako polizia-operazioa jarri du martxan gaur goizean Guardia Zibilak. Euskal Herriko hainbat herritan eta Madrilen izan dira atxiloketak. Oraingoz, hamasei lagun atxilotu dituzte. Besteak beste, Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga abokatuak atxilotu dituzte Madrilen, hotel batean; gaur, Espainiako hiriburuan, Batasunaren buruzagitzaren kontrako epaiketan parte hartzekoak ziren. Arantxa Aparicio, Aier Larrarte, Javier Carballido, Jaione Karrera, Onintza Ostolaza, Ainhoa Baglieto, Atxarte Salvador, Kepa Manzisidor, Alfonso Zenon, Ane Ituño, Nagore San Martin, Fran Balda eta Jon Mintegiaga dira beste atxilotuak. Atxilotuetako hamabi, abokatuak dira; lau, Herrira plataformako diruzainak izandakoak.
Iñaki Goioaga senataria ere inputatu du epaileak operazio honetan, baina ez dute atxilotu, forupekoa baita.
2012an eta 2013an Ogasun Publikoari 1.300.000 euroko iruzurra egitea leporatzen diete abokatuei; hain zuzen, ETAko presoei egindako defentsa-lanei esker aipatutako urte horietan lortutako dirua ez aitortzea egotzi diete. Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, Herrirak ordaindu zituen gastuok, eta horrekin lotuta atxilotu dituzte Herrirako lau kide.
Operazio honekin, batetik, ETAko presoek osatzen duten kolektiboaren "finantza-sarea" desegin dute, eta, bestetik, espetxean dauden presoak "talde armatuaren esanetara egoteko ETAk erabiltzen zuen egitura" bertan behera geratu da, Espainiako Gobernuaren arabera.

Guardia Zibila, LABen Bilboko egoitza miatzen. Efe
"Abokatuen kolektiboa ETAren esanetara ari zen lanean, talde armatuaren helburuak presoenen aurretik jarrita. Horretarako, euren lanbideak ematen dien babesa erabiltzen zuten. Doktrinamendu ideologikoa egiten zuten eta preso bakoitzaren egoera pertsonalaren eta juridikoaren berri ematen zieten ETAko buruzagiei. Presoen arteko hausturak ekiditeko estrategia bat zen", esan du Barne Ministerioak.
Bizkaian atxilotutako abokatuek Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren babesa eskatu dute.
Operazio zabala
Hainbat bulego, herriko taberna eta lokal miatu dituzte Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Madrilen. LAB sindikatuak Bilbon duen egoitza nagusira sartu dira atxilotuetako batekin, eta bulegoak miatu dute 12 orduz. Sindikatuaren egoitzatik dirutza eraman dute, eta Sarek baieztatu du larunbateko manifestazioan herritarrek euren borondatez emandako dirua (90.000 euro) dela eramandakoa, bertan zutela gordeta gaur bankura eramateko.
Dozenaka lagun batu dira egoitzaren kanpoaldean, atxiloketak salatzeko, 'Konponbide garaia da, errepresiorik ez' lelopean. Bertan, emakume bat atxilotu dute, baina gauerako libre geratu da. Santutxuko, Bilboko Erronda kaleko eta Leioako herriko tabernak ere miatu dituzte goizean. Halaber, etxebizitza bat miatu dute Barakaldon.

Polizia-operazioa, Bilbon, gaur. EFE
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendutako operazioa da gaurkoa. 'Mate' izena jarri dio Guardia Zibilak operazioari, eta 07:00ak inguruan abiatu du. EPPKren eta Herriraren kontra 2014ko urtarrilean abiatutako operazioaren baitan atxilotu dituzte, ETArekin lotura dutelakoan. Dirua zuritzea eta Ogasun Publikoaren kontrako delitua ere leporatzen diete atxilotuei, terrorismoaren kontrako iturriek jakitera eman dutenez. 2014ko operazio hartan zortzi abokatu atxilotu zituzten; tartean, Arantza Zulueta. 'Xake' operazioa izena jarri zioten iazkoari, eta gaurkoa haren segida izan dela esan du Barne Ministerioak.
Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Madrilen gaur hastekoa zen epaiketan auzipetuetako bat, polizia-operazioaren lekuko zuzena izan da. Beste hainbat auzipeturekin eta abokaturekin batera, Madrilgo hotel batean igaro du gaua. Bertan, Auzitegi Nazionalera joatekoak zirenean, Guardia Zibila sartu da eta abokatuak atzeman ditu: "Esnatu berriak ginen. Guardia Zibila hoteleko pasilloetan barrena ikusi dugu, eta Amaia Izko eta beste bi abokatu eraman dituzte atxilo", esan du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. "Estatuaren mendeku egarria" salatu du Barrenak. Sortuko buruak nabarmendu duenez, atxilotuetako bat, Amaia Izko, "Parot dotrina bertan behera utzi zuenetako bat da".
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere salatu du operazioa. Sindikatuaren bulegoa miatu izana "LABen askatasunaren eta demokraziaren kontrako erasoa" dela esan du. Etxaideren ustez, larunbatean Sarek antolatutako manifestazioan bildutako dirua LABen egoitzan gorde zutelako egin dute miaketa.
Beste alderdi batzuek ere hitz egin dute operazio horren inguruan. EH Bilduk gogor gaitzetsi ditu atxiloketak, eta PPk, UPyDk eta UPNk, berriz, babestu egindute operazioa.
Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren adierazpenak
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak "leialtasun instituzionalik ez edukitzea" leporatu dio Espainiako Gobernuari, ezker abertzaleko abokatuen kontrako polizia-operazioaren berri ez emateagatik, eta atxiloketek bake prozesuari kalterik ez egitea espero du.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du 'Mate' izeneko operazioari esker ETAri presoak kontrolpean izatea ahalbidetzen zion taldea desegin dutela, eta horrek agerian uzten duela Estatuak "terrorismo eta terrorista guztiak uneoro" jazartzen dituela.
Abokatuen konpromisoa
Euskal abokatu talde batek agerraldia egin du gaur Bilbon 12 kideren atxiloketa salatzeko, eta euskal presoak "laguntza juridikorik gabe ez" direla geratuko hitzeman dute.
Epaiketa atzeratu
Batasunaren, Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistaren (EHAK) eta Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANV) zuzendaritzaren kontra gaur Madrilen, Auzitegi Nazionalean, hasi behar zen epaiketa atzeratu dute, saioan aritu behar zuten hiru abokatu atxilotu dituztela eta, iturri juridikoek jakinarazi dutenez. Berme nahikorik ez dagoela argudiatuta, epaiketa etetea eskatu dute gainerako abokatuek. Hala, atxikitako abokatuekin zer gertatzen den jakin arte, ez dute saiorik egingo.
Eukene Jauregi, Haizea Ziluaga eta Amaia Izko Espainiako hiriburura joanda ziren, Auzitegi Nazionaleko San Fernando de Henaresen egoitzan 10:00etan hasi behar zen epaiketan izateko, eta Madrilgo hotel batean zeuden atxilotu dituztenean . Sumarioan, hiru alderdi horietako 35 buruzagi inputatuta daude; Pernando Barrena eta Juan Jose Petrikorena, ezker abertzaleko buruzagi historikoak, tartean.
Concepcion Espejel epailea buru zuen epaimahaiak ahozko epaiketaren hasiera atzeratzea erabaki du, 19 auzipeturen abokatuekin zer gertatzen den jakin arte. Defentsa barik geratu diren lagunek ez dute beste abokatu bat izendatu, eta beste abokatuek (Iñigo Iruin eta Jone Goirizelaia tartean) ez dute haien defentsa bere gain hartu nahi izan. Hala, Eloy Velasco epaileak erabakitzen duenaren arabera, Auzitegi Nazionaleko Bigarren Salak epaiketari berriz ekiteko data ezarri beharko du.
Bilboko epaiketa bat, bertan behera
Kepa Manzisidorrek defentsako abokatu gisa parte hartu behar zuen epaiketa bat bertan behera utzi dute, Bilbon. Durangon, 2008an, Herri Batasunaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldiak galarazi ostean gertatu ziren istiluengatik bederatzi pertsona auzipetu zituzten, eta haien kontrako epaiketak goizean hasi behar zuen. Manzisidoren atxilotu dutenez, baina, bertan behera utzi behar izan dute gaurko saioa.
Zure interesekoa izan daiteke
Laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko tramitea hasi du UPNk
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak lege-proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan: Konstituzioa erreformatzea eta xedapena ezabatzea eskatu nahi die Gorte Nagusiei.
Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”
Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”.
Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"
Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.
Sanchezek Aznarren aurka egin du Espainia Irakeko gerran sartzeagatik, eta Iranekin "akats bera ez egitea" eskatu du
Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du Iran Irak baino askoz ere indartsuagoa dela militarki eta ekonomikoki, eta gerraren ondorioak larriagoak izango direla adierazi du.
GOIDIa ikertzen duen epaileak Mazon lekuko gisa deklaratzera deitu du
Horrez gainera, "borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.
Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko
Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EHUk iragarritako protokoloa “labur" geratzen dela “mehatxu-jarrerei” aurre egiteko
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak jarrera horien ardura duten taldeak ez aipatzea aurpegiratu dio Errektoretzari, eta IAS aipatu du.
Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"
EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.
Pradalesek eta Sanchezek Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertuko dituzte
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa izango dira landuko dituzten beste gai batzuk. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko batzordearen laugarren bilera egingo dute ostiralean Moncloan.