Zentro-eskuina nagusi, Iparraldeko departamendu hauteskundeetan
Zentro-eskuina nagusitu da Frantziako departamendu hauteskundeen bigarren itzulian, eta Pirinio Atlantikoetan (Iparraldea+Biarno) ere eskuineko hautagaiak izan dira bozkatuenak. Iparraldean, zentro-eskuina izan da lehen indarra 12 kantonamenduetatik 8tan, eta sozialistek, berriz, hiru kantonamendutan irabazi dute. Bestalde, EH Bai garaile irten da Mugerreko kantonamenduan.
Igande honetan, Iparraldeko boto-emaileek 24 ordezkari hautatu dituzte (kantonamendu bakoitzeko, bi), eta horiek izango dira Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian, Pauen, Iparraldeko 12 kantonamenduetako herritarrak ordezkatuko dituztenak.
17:00etan, parte-hartzea % 44,42koa zen Pirinio Atlantikoetan (Iparralde+Bearno), 2011ko bozetan baino ia puntu eta erdi altuagoa (% 43,03), eta duela astebete ordu berean baino zertxobait altuagoa (% 43,25).
Hauteskunde hauetako berritasun nagusienetakoa hautagaiak bikoteka aurkeztu izana da; gizonezko batek eta emakume batek osatu dute bikotea, derrigorrez, parekidetasuna bermatzeko. Hautagaiak ez dira aurkeztu alderdi baten izenean, independenteak dira, baina kasu gehienetan lotura estua dute talde politiko jakin batzuekin. Beraz, 12 emakumek eta 12 gizonezkok ordezkatuko dituzte Iparraldeko herritarrak Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian.
Aipaturiko erakunde horri dagokio hainbat alor kudeatzea, hala nola, gizarte zerbitzuak (adinekoen egoitzak, besteak beste), langabeentzako laguntzak, bigarren mailako errepideak eta bigarren mailako hezkuntza. Eskumenen inguruko eztabaida bete-betean dagoenean egin dira departamendu hauteskundeak. Departamenduen egitura sakon aldatzeko asmoa du François Hollande Frantziako presidenteak, eta baita horien eskumenak ere. Ikusteko dago zer gertatuko den bigarren mailako errepide-sarearekin, garraio publikoarekin eta hezkuntza kudeatzeko eskumenekin, besteak beste.
Frantziako Gobernuaren azken lurralde erreformaren ondoren, Ipar Euskal Herriak 12 kantonamendu ditu (lehen 21 zituen), eta bakoitzak 20.000 biztanle inguru hartzen ditu, gutxi gorabehera: Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona 1, Baiona 2, Baiona 3, Uztaritze, Kanbo, Mugerre, Donapaleu eta Maule dira gaur egungo kantonamenduak.
Hauek izan dira emaitzak, kantonamenduz kantonamendu:
Argazkia: EiTB
Hendaian, Kotte Ecenarrok eta Chantal Kehrig Cottenconek osatutako bikotea (PS) nagusitu zaio, botoen % 52,85 lortuta, Marie-Josee Goya eta Jean-Baptiste Sallaberry bikoari (% 47,15; Zentrista independentistak).
Donibane Lohizunen, zentro-eskuineko Isabelle Dubarbier-Gorostidi eta Philippe Juzan (UMP-UDI-Modem) nagusitu dira, bozen % 54,60 eskuratuta, Peio Etcheverry-Ainchart eta Leire Larrasa (EH Bai) bikoaren aurretik.
Biarritzen, boto-emaileen % 54,96k Maider Arosteguy eta Max Brisson (UMP-UDI-Modem) hautagaien aldeko hautua egin dute, eta bigarren tokian gelditu dira Ghislaine Haye eta Guy Lafite (PS; % 45,04).
Angelun, Patrick Chasseriaud eta Nicole Darrasse (UMP-UDI-Modem) izan dira garaile, botoen % 56,84rekin. Sandrine Derville eta Guy Mondorge (PS) sozialistak bigarren tokian gelditu dira (% 43,16).
Baiona 1 kantonamenduan, zentro-eskuinaren eta sozialisten arteko lehian, Florence Laserre David eta Claude Olive (UMP-UDI-Modem) izan dira garaile, botoen % 66,22 lortuta. Mokrane Oukhemanou eta Sandra Pereira (PS) bikoak, berriz, bozen % 33,78 eskuratu du.
Baiona 2n, berriz, eskuinaren eta ezkerraren arteko borrokan, sozialistak irten dira garaile. Behin betiko datuen arabera, Christophe Martin eta Juliette Muller (PS; % 55,31) bikoa nagusitu zaio Françoise Brau-Boirie eta Christian Millet-Barbe (UMP-UDI-Modem; % 44,69) bikoari.
Baiona 3n ere sozialistek irabazi dute. Hala, boto-emaileek Marie-Christine Aragon eta Henri Etcheto (PS) hautagaiak aukeratu dituzte, botoen % 52,52rekin. Halaber, Christine Lauque eta Yves Ugalde (UMP-UDI-Modem) bigarren gelditu dira, % 47,78 lortuta.
Uztaritzen, Philippe Echeverriak eta Benedicte Luberriagak (UMP-UDI-Modem) aurrea hartu die Santiago Capendeguy eta Joana Urbistondori (EH Bai). Bikote garaileak botoen % 55,57 eskuratu ditu, eta galtzaileak, ostera, % 44,43.
Kanbon, zentro-eskuineko hautagaien arteko lehian, Vincent Bru eta Isabelle Pargade (UDI) nagusitu dira, botoen % 57,31 lortuta. Frantxa Etcheverry-Cachauk eta Beñat Inchauspek (UDI-UMP) osatutako bikoteak, berriz, botoen % 42,69 eskuratu ditu.
Mugerren, abertzaleen eta eskuin muturraren arteko lehian, Fabienne Ayensa eta Alain Iriart (EH Bai) bikoa alde handiarekin nagusitu zaio Dave Daguerrek eta Anaïs Mendilahatxuk osatutako bikoteari. Izan ere, abertzaleek bozen % 78,05 eskuratu dituzte.
Donapaleun, berriz, zentro-eskuinaren eta abertzaleen arteko lehian, zentro-eskuina nagusitu da. Anne-Marie Bruthe eta Jean-Jacques Lasserre (UMP-UDI-Modem) bikoak boto-emaileen % 61,86ren babesa jaso du, eta Xabi Larraldek eta Anita Lopepek (EH Bai), ostera, % 38,14rena.
Azkenik, Maulen, zentro-eskuineko Jean-Pierre Mirande eta Annick Trounday Idiart bikoak (UMP-UDI-Modem) aurrea hartu dio Leonie Aguergaray eta Antton Curutcharry abertzaleek (EH Bai) osatutako bikoteari. Lehendabizikoek botoen % 57,13 eskuratu dituzte, eta bigarrenek, berriz, bozen % 42,87.
Zentro-eskuina nagusitu da Frantziako 100 departamenduetatik 70etan, lehen estimazioen arabera
Lehen estimazioen arabera, Nicolas Sarkozyk bultzatutako zentro-eskuineko aliantza izan da garaile Frantzia osatzen duten 100 departamenduetatik 70etan.
François Hollande Frantziako presidentearen Alderdi Sozialista (PS) 60 departamenduetako kontseiluetako buru izatetik 27-31 departamenduetako buruzagitza izatera igaroko litzateke, lehen estimazioen arabera.
Fronte Nazionalak (FN) espero baino datu kaskarragoak eskuratu ditu, izan ere, Europako hauteskundeetan lehen indarra izan ostean, beste aurrerapauso bat eman nahi zuen Marine Le Penen alderdiak. Horiek horrela, litekeena da departamendu bakar batean ere ez lortzea presidentetza, Fronte Nazionalaren helburua, gutxienez, batea edo bitan lortzea bazen ere.
Lehen emaitzak ezagutu baino ez, Nicolas Sarkozy presidente ohia prentsaren aurrean agertu da, eta frantziarrek Hollanderen politikei "gaitzespen masiboa" egin dietela nabarmendu du. Halaber, lehen itzulian egin zuen moduan, Frantzian "aro berri bat" ireki dela eta eskuinak 2017an presidentetza berreskuratuko duela azpimarratu du.

Nicolas Sarkozy. Argazkia: EiTB
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak, bere aldetik, zentro-eskuinak departamendu hauteskundeetan garaipen garbia lortu dutela eta ezkerreko alderdiek atzerakada izan dutela onartu du. Dena den, eta bere alderdiak emaitza txarrak lortu baditu ere, Vallsek iragarri du ez duela ministerioetan inolako aldaketarik egitea aurreikusten.
Zure interesekoa izan daiteke
EAJk berretsi egin du Bilboko Alkatetzarako Mikel Hidalgoren hautagaitza
Bilboko 33 urteko politikaria hautagai bakarra izan zen, eta aho batez babestu dute EAJren 13 udal batzarrek.
Transferentzien akordioa ez betetzea "errespetu falta onartezina" dela ohartarazi dio lehendakariak Sanchezi
"Beti 'ezetz' esaten duen eta proposamenik egiten ez duen horma baten aurka egin dugu talka", azaldu du Imanol Pradalesek, Jaurlaritzak asteon zenbait Ministeriorekin egindako bilerei buruz. Horregatik, aldeen arteko konfiantza "gero eta txikiagoa" dela ohartarazi dio Espainiako Gobernuko presidenteari.
Albiste izango dira: Imanol Pradales lehendakaria Madrilen, beroa bueltan eta irteera operazioa
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Lonjetan etxebizitzak eraikitzeko ordenantza amaitzear du Gasteizko Udalak, prezio mugatuekin eta espekulazioa saihesteko neurriekin
Maider Etxebarria alkateak politika orokorreko osoko bilkuraren lehen eguna aprobetxatu du, besteak beste, Udal gobernuaren hiru urteen balantzea egiteko, besteak beste, etxebizitza arloan. Osoko bilkurak oposizioaren erreplikekin jarraituko du ostiralean, baina hiru alderdiek, EH Bilduk, PPk eta Podemosek, dagoeneko adierazi dute euren atsekabea eta "etsipena".
Bi urte eta erdiko kartzela-zigorra Francisco Granados Madrilgo kontseilari ohiarentzat, Punica auzia dela eta
2007tik 2014ra, kontratu publikoen esleipenean Waiter Music jai-enpresari mesede egitea leporatu diote. Epai horrekin, Granadosek bigarren zigorra jaso du Punica auziaren harira. Aurretik, bi urte eta erdi igaro zituen behin-behineko espetxealdian.
Vox Andaluziako Gobernuan ere sartu da, presidenteorde mailako kontseilaritza batekin
Juan Manuel Moreno popularra Andaluziako Juntako presidente hautatu dute, bigarren bozketan. Akordioa ordu erdi lehenago iragarri dute PPk eta Voxek.
Sanfermines 78 eta Martxoak 3 kolektiboek 1976 eta 1978ko gertakarien erantzukizuna har dezala eskatu diote Espainiako Estatuari
Sanfermines 78 eta Martxoak 3 kolektiboek “Estatua erantzulea” ekimena bultzatu dute. Horren bidez, Espainiako Gobernuari eskatu nahi diote “Espainiako Estatuak martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko sanferminetan gertatutako krimenen erantzukizun nagusi eta zuzena berariaz aitor dezala”. Uztailaren 8an, gainera, German Rodriguez oroituko dute Iruñean, garai hartako festetan poliziek “eraso bortitz” batean hil zutelako.
Josu Urrutikoetxea errugabe jo dute Frantzian zuen azken epaiketan
Hau zen Frantzian zuen azken auzibidea, eta absoluzioarekin, prozesua amaitu egin da. Orain, atea zabalduko litzateke Urrutikoetxea Espainiaren esku uzteko, han zabalik dituen auziengatik.
"Euskararen gutxiespen sistematikoa" salatu du Kontseiluak EHUko campusetan, epailearen azken erabakiaren ostean
"Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat" lelopean, Kontseiluak elkarretaratze bana egin du Euskal Herriko Unibertsitatearen hiru campusetan, USaPeko azterketei buruzko azken erabaki judiziala salatzeko. Ehunka herritarrez gain, deialdiarekin bat egin duten sindikatu nagusietako eta beste hainbat eragiletako ordezkariek ere parte hartu dute elkarretaratzeetan. Kontseiluaren idazkari nagusi Idurre Eskisabelek “euskararen gutxiespen sistematikoa” salatu du, “euskara bigarren mailako eta gaztelaniaren menpeko hizkuntza gisa betikotzeko asmoz”.
Pedrazek Guardia Zibilaren zuzendari nagusi Mercedes Gonzalez eta DAOa inputatu ditu Leire auziagatik
Epaileak biak deklaratzera deitu ditu datorren uztailaren 16rako, prebarikazio eta justizia oztopatze delituen ustezko egile gisa.