Estrasburgok tramitera onartu du Otegiren helegitearen zati bat
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tramitera onartu du Arnaldo Otegiren helegitearen zati bat, baina aurrerago ebatziko du ezker abertzaleko buruzagiaren kontrako epaiketan oinarrizko eskubideak urratu zizkioten ala ez. Otegi espetxean dago 2009az geroztik, 'Bateragune auzia'ren baitan. "ETAren agindupean Batasuna berreraikitzen saiatzea" leporatu zioten.
Estrasburgoko Auzitegiak kaleratutako autoan agertzen denez, epaileek aho batez hartu dute ebazpena atzeratzeko erabakia. Gainera, atzera bota dituzte helegitea argudiatzeko gainerako alegazioak, eta inpartzialtasunarena bakarrik hartuko dute aintzat. Hala, ez dute kontuan izango Konstituzionaleko presidentearen eta epaile baten ustezko partzialtsuna.
Estrasburgok "Auzitegi Nazionalean egindako prozesu judizialean Itunaren 6.1 artikulua urratu izanaren azterketa atzeratu du". Era berean, salaketaren gainerako argudioak "onartezin"tzat jo ditu.
Hori horrela, auzitegi europarrak onartu egin du epaiketa justurako eskubidearen alegazioa.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Gobernuari galdetu dio ea "auzitegi inpartzial batean epaiketa justua izateko eskubidea" errespetatu ote zuen Auzitegi Nazionalak 'Bateragune auzia'n.
Era berean, Rafa Diezek Estatuko auzitegi guztietako helegiteak agortu ote dituen galdetu du, beharrezkoa baita Estrasburgora jo ahal izateko.
Otegiren defentsak, gaur egun preso dagoenak, epaiketa justurako eta errugabetasun presuntziorako eskubidea aldarrikatu zuen, Angela Murillo epailearen jarrera dela eta. Izan ere, Murillok Otegiri beste auzi batean galdetu zion ea terrorismoa gaitzesten zuen. Otegiren isiltasunaren aurrean, hau esan zuen Murillok: "Banekien ba nik ez zeniola galderari erantzungo".
Angel Perez Cobos Auzitegi Konstituzionaleko presidentearen partzialtasunaren inguruan, auzitegi europarrak dio ezin dela "P. C.ren inpartzialtasuna zalantzan jarri Alderdi Popularreko kide izan zelako".
Hori dela eta, salaketaren zati hori "gaizki oinarrituta" dagoela iritzi dio, eta atzera bota du, Antonio Narvaez Rodriguez epailearen kasuan bezalaxe.
Onartu ez duen helegitearen zatia Estatuari jakinarazi ostean, Auzitegiak datozen hilabeteotan emango du erabakiaren (ez onartzea edo salaketaren artxiboa) edo ebazpenaen (Estatuaren eskubide urraketa egon den ala ez) berri.
Azkenean, Estrasburgoko Auzitegiak arrazoia ematen badio, hilabete batzuk lehenago aterako litzateke Otegi kartzelatik; izan ere, ezarri zioten sei urteko espetxe-zigorra datorren udaberrian beteko du.
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia 2016ko martxoaren 28an aterako da espetxetik, Auzitegi Nazionalak egindako azken kondena-likidazioaren arabera. Izan ere, onartu egin du apud acta agerraldiak (epaitegiaren aurrean egindakoak) 10 urteko zigorrean kontuan hartzea. Otegi apirilaren 8an zen ateratzekoa kartzelatik, baina Auzitegi Nazionalak irteera 11 egun aurreratu du.
Nolanahi ere, eta albiste-agentziek zabaldu dutenez, buruzagi abertzaleak debekatuta du kargu publikoan aritzea 2021ko otsaila arte.
Goirizelaia: "Partzialtasun zantzuak"
Jone Goirizelaia abokatuaren aburuz, Estrasburgoko Auzitegiak "partzialtasun zantzuak antzeman ditu" 'Bateragune auziagatik' Otegiri kartzela-zigorra ezarri zion Auzitegiaren gainean. Dena dela, gaineratu duenez, nola helegitearen ebazpena atzeratu egin duten Otegik ezarri zioten zigor osoa bete beharko du "eta bere eskubideak gerora leheneratuko zaizkio", Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia ematen badio.
Radio Euskadin egin dituen adierazpenetan, Goirizelaiak adierazi du Estrasburgoko Auzitegiak zorrotz aztertu beharko duela "inpartzialtasun eza" egon ote zen Ángela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailearen partetik, sei urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zion ahozko ikustaldian zehar.
Abokatuarentzat oso positiboa da Auzitegiak hartu duen erabakia, baina azpimarratu duenez, "denbora asko behar izan ohi du" ebazpenak emateko, 'Parot doktrinarekin' egiaztatu ahal izan zenez. Horrenbestez, Arnaldo Otegiren kartzela-zigorra "osorik beteko da ez zaizkio bere eskubideak leheneratuko" handik gerora arte.
Legebiltzarrak Otegi eta Rafa Diez askatzeko eskatu du
Bestalde, Eusko Legebiltzarrak berriro eskatu du Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Usabiaga aske uzteko. EH Bilduk aurkeztu du ekimena eta EAJk babestuta aurrera atera da. PSEk, PPk, eta UPyDk kontra bozkatu dute.
2013ko urrian eskaera bera egin zuen Gasteizko Ganberak, eta orduan ere, adierazpenak aurrera egin zuen, EH Bilduren eta EAJren botoei esker.
Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariaren iritzian, “Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atea irekita utzi du Otegi eta gainerako auzipetuen aurkako prozesu judiziala arbitrarioa izan zela onartzeko”.
Arnaldo Otegi “jazarpen politiko eta judizial baten biktima” dela esan du , “Espainiako Gobernu ezberdinek pentsatu izan dutelako Otegi kartzelatuta, hark ordezkatzen zuen proiektu politikoa lurperatzen zutela”.
Joseba Egibar EAJren bozeramaileak ere azpimarratu du Bateragune auzia “inpultsu politiko baten ondorioa” izan dela. “Alderdien Legearekin eta Batasunaren legez kanporatzearekin hasitako Estatu-estrategia baten ondorioa da gertatutakoa”, azaldu du.
Egibarren esanetan, Otegik eta Bateraguneko gainerako auzipetuek “bultzada politikoa eman nahi izan zioten beren munduari eta ETA gure bizitzetatik desagertzea lortu zute”. “Zein da hor delitua?”, galdetu du.
Sortu: "Estrasburgok ezbaian jarri du Auzitegi Nazionala"
Bestalde, Sortuk uste du gaurko ebazpenak agerian uzten duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Arnaldo Otegiren kontrako epaiketa “bermerik gabe” egin zenaren susmoak badituela.
Amaia Izkok gogoratu du Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguezek zigorra osorik bete zutela eta Otegik eta Diezek espetxean jarraituko dutela, baina, hala ere, Estrasburgoren erabakia garrantzitsua dela azpimarratu du.
“Beste behin ere Espainiako justiziaren jarduteko modua zalantzan jarri du, bereziki Auzitegi Nazionalak euskal independentismoaren aurka jokatzen duen modua”, erantsi du.
Ezker abertzaleko bost militante horiek atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua “erabaki politikoa” izan zela nabarmendu du, “zelofan juridikoarekin jantzi bazuten ere”.
Hauteskunde mahai bateko presidente
Beste alde batetik, Otegiri abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan bozketa mahai bateko presidente izatea egokitu zaio, semeak kudeatzen duen Twitter profiletik iragarri dutenez.
"Hauteskunde mahaian lehendakari izatea egokitu zait. Espetxetik txiokatzea tira, baina hori...", adierazi du Otegiren Twitter profilak.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek iragarri du Carlos Cuerpo izango dela Maria Jesus Monteroren ordezkoa lehen presidenteorde gisa
Orain arte lehen presidenteordea eta Ogasun ministroa izan dena Gobernutik atera da Andaluziako Juntako presidentegai sozialista izateko.
Irango gerraren ondorioen aurkako neurrien dekretua onartu dute Kongresuan
Neurri ekonomikoek 5.000 milioi euro mobilizatzea aurreikusten dute. Voxek bakarrik bozkatu du kontra, eta PPk eta Podemosek abstentziora jo dute.
Ekialde Hurbileko gerraren aurrean "biziak salbatzea" bermatzeko osoko bilkura monografikoa egitea eskatu du EH Bilduk
EH Bilduk gaur erregistratu du eskaera Eusko Legebiltzarrean, eta bilkura monografikoa uda aurretik egitea eskatu du.
Frankismoaren biktimei kalte-ordainak emango dizkiete; Portugaleteko eta Bilboko kasuetakoei, besteak beste
Espainiako Gobernuak 15 erreparazio-eskaera onartu ditu, eta 1968tik 1978ra bitartean eraildako edo lesio larriak izandako berrogeita hamar bat kasu aztertzen ari da.
Irango gerraren ondorioak arintzeko dekretua aurrera aterako da Kongresuan, PPren erabakiaren zain
Espainiako Gobernuak inbestidurako bazkideen babesa bermatuta du, eta, hortaz, beherapen fiskalak, oinarrizko hornigaiak eteteko debekua eta sektore kaltetuenei laguntzeko neurri orokorrak aurrera aterako dira.
Zupiria: “Istilu horietan bidegabeko biktima bat egon zen”
Zabarte auziaren harira, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak adierazi du auzitegiei dagokiela zer gertatu zen argitzea, eta familiak errekurritzeko eskubide osoa duela. Hala ere, argi du bidegabeko biktima bat egon zela istilu haietan.
Accionaren presidentearen aurka eginbideak abiatzea eskatu du Fiskaltzak, Nafarroako Ikerketa Batzordera joan ez zelako
Birritan deitu du Nafarroako Parlamentuak Jose Manuel Entrecanales enpresaria eta bietan huts egin du hitzordura. Fiskaltzaren arabera, desobedientzia delitutzat har daiteke.
Patxi Lopezek Feijori egotzi dio ETAren biktimen "erabilera zikina"egitea
PSOE eta PP alderdien arteko ika-mika gogorra izan da gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan. Patxi Lopez sozialisten eledunak Behe Ganberan Alberto Nuñez Feijoo PPren buruari leporatu dio ETAren biktimen "erabilera zikina" egitea.
Laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko tramitea hasi du UPNk
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak lege-proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan: Konstituzioa erreformatzea eta xedapena ezabatzea eskatu nahi die Gorte Nagusiei.
Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”
Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”.