Nafarroa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Mikel Zabalzaren mural bat kentzeko eskatu du Espainiako Gobernuak

Exekutiboak Nafarroan duen Ordezkaritzak gutuna bidali dio Agoitzeko Udalari murala ezabatzeko eskatuz. Uxue Barkosek zuzenketa eskatu dio Carmen Albari.
18:00 - 20:00
Agoitzen dagoen Mikel Zabalzaren mural bat kentzeko eskatu dute

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak Mikel Zabalza 1985ean hiltzeraino torturatu zuten gaztearen omenezko mural bat kentzeko eskatu dio Agoitzeko Udalari, margoak terrorismoari gorazarre egiten diola argudiatuta.

Nafarroako udalera bidalitako gutun batean, hilabeteko epea eman dio Merkatu plazan dagoen margoa ezabatzeko, eta Legeak "ETA erakunde terroristarekin lotutako sinbolo guztiak" ezabatzea ezartzen duela gogorarazi du. Carmen Albak zuzentzen duen erakundeak ohartarazi duenez, murala kendu ezean, "hartu beharreko neurriak" hartuko ditu Gobernuak.

Gutunaren arabera, Guardia Zibilak atzeman zuen murala, eta hark egindako txosten bat izan du oinarri Ordezkaritzak eskaera egiteko. Margoan Mikel Zabalzaren aurpegia ageri da, honako testuarekin batera: "Mikel Zabalza gogoan! Tortura 1960-2013: 3587 tortura salaketa Euskal Herrian Aztnugal".

Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Zabalza, eta Intxaurrondoko kuartelera eraman. Bertan torturatu zutela eta gorpua Bidasoa ibaira bota zutela frogatzen duten testigantzak eta zantzuak daude. Bertsio ofizialaren arabera, gaztak ETArekin lotura zuen, baina gerora egindako ikerketa polizialek ez dute harreman hori frogatzerik izan.

Barkos: "Hanka-sartze bat izan dela pentsatu nahi dut"

Auziaz galdetuta, gertatutakoa Zabalza auziaren nondik norakoak ez ezagutzeagatik egindako "hanka-sartzea" izan dela uste du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak. "Hanka-sartze mingarria da familiarentzat", aitortu du, baina espero du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak" kontua "sen onez konpontzea".

Barkosen hitzetan, Mikel Zabalza "indarkeriaren biktima" izan zen, eta haren heriotza inguruko "ikerketa" bat egin beharko litzateke.

Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak ere oso kritiko agertu da Albaren gutunarekin. Salatu duenez, Ordezkaritzak "gurutzada" du abiatuta "tortura salatzen duten guztien kontra", eta Carmen Alba ordezkariaren dimisioa eskatu du, beste behin. Araizen hitzetan, "adierazpen askatasunaren kontrako gurutzada hau ulergaitza da. Jakin badakigu nola hil zen Mikel Zabalza".

Bestelako iritzia du Javier Garcia PPko parlamentariak. Haren ustez, "Ordezkaritzak Legea betearazi baino ez du egin. Araudiaren arabera, talde terroristekin lotutako sinbologia eta margo oro ezabatu behar dira".

Gobernu Ordezkaritzak dio ez duela Zabalza "inola ere ETArekin lotzen"

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak azaldu du ez duela "Mikel Zabalza inola ere ETArekin lotzen, harremantzen edota bertako kide izatea leporatzen" eta Aoizko Udalari 'tortura' eta 'aztnugal' hitzak agertzen dituen murala ezabatzeko dioen aginduarekin bilatzen duena dela “Estatuko Segurtasun Indarrei tortura erabili izana modu bidegabean eta arruntean leporatzen jarraitzea ekiditea”.

Ohar baten adierazi duenez, Gobernu Ordezkaritzak azaldu du ez duela "inola ere Mikel Zabalza ETArekin edota inolako talde kriminalekin lotzeko asmorik izan".

Ordezkaritzak gaineratu duenaren arabera, "horren adierazle garbia da Ordezkaritza honek ez duela azken urteetan debekatu garaiz eta forman jakinarazi diren Mikel Zabalzaren gaineko elkarretaratze edo manifestaziorik".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X