Gaixotasun larriak pairatzen dituzten euskal presoak 11 dira jada
Etxeratek jakinarazi duenez, gaitz larriak pairatzen dituzten euskal presoen kopuruak gora egin du, hamaika dira dagoeneko, Joseba Borde presoari koloneko minbizia antzeman ostean.
Era berean, Urtzi Errazkin eta Patrizia Velez Etxerateko bozeramaileek iragarri dute larunbat honetan manifestazioa izango dela Baionan, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea exijitzeko.
“Salbuespeneko espetxe politikaren ondorio basatienak” gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoek sufritzen dituztela eta medikuarekin egoteko “oztopoak” jartzen dizkietela salatu dute.
“Diagnosiak berandu egiten dituzte, konfiantzazko medikuak artatzeko zailtasunak jartzen dizkiete eta osasun-azterketak hilabeteko atzerapenarekin egiten dizkiete edo ez dira egiten”, azaldu dute.
Ildo horretan, oso larritzat jo dute gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoei “espetxeetako araudiak ahalbidetzen dituen neurrien bidez” aske ez uztea.
“Egoera horretan aurkitzen ziren gure senideetako hamar. Baina orain hamaika dira, Joseba Borderi koloneko minbizia antzeman diotelako”, deitoratu dute.
Joseba Borde 2002an espetxeratu zuten. Egun Teixeiroko (A Coruña) kartzelan dago, baina aurretik beste hainbat espetxetan izan dute: Soto del Realen, Valdemoron, Huelvan, Mansilla de las Mulasen (Leon) eta Villabonan.
“Apirilean antzeman zioten minbizia. Hilabete geroago egin zioten ebakuntza eta, minbizia kasu guztietan bezala, jarraipena egin behar diote. Gaitz horrek okerrera egiteko mehatxua iraunkorra da eta kartzelak horretan eragin zuzena dauka, bere egitura eta araudiagatik; preso politikoen kasuan, gainera, okerragoa da salbuespen neurrien menpe daudelako”, erantsi dute.
Gauzak horrela, Etxeratek uste du “sufrimendua” eragitea dela egungo espetxe politikaren lehentasuna eta “basakeria” erabiltzen dutela helburu hori lortzeko.
Manifestazioa Baionan
Ildo horretan, Etxeratek jakinarazi du Bagoaz plataformak manifestazioa deitu duela larunbat honetan Baionan, gaixotasun larria duen Ibon Fernandez Iradi presoaren askatasuna eskatzeko.
Larriki gaixorik dauden presoak hauek dira: Ibon Fernandez Iradi, Joseba Borde, Aitzol Gogorza, Iñaki Etxeberria, Jagoba Codo, Txus Martin, Gorka Fraile, Josetxo Arizkuren, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Ibon Iparragirre eta Gari Arruarte.
Preso horiek guztiek “pertsona guztien giza eskubideen alde dauden” indar politikoen, sindikatuen, gizarte eragileen, erakundeen eta, oro har, gizartearen “premiazko erantzuna” behar dutela nabarmendu du Etxeratek.
Zure interesekoa izan daiteke
Jaurlaritzak adierazi du adingabeen harrera zentroen sistema "tentsionatuta" dagoela; Garmendia Ceutako haurrak hartzearen alde dago
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri