Milaka lagunen aldarri ozena Bilbon, presoen eskubideen alde
Jendetza handiak egin du bat 'Euskal Presoak Euskal Herrira. Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea' lelopean Bilboko Casilla Plazatik 17:50 inguruan abiatu den manifestazioarekin, presoen eskubideen aldeko aldarriari babesa emateko asmoz.
Euskal presoen aldeko manifestazioa Bilbon. Argazkia: EiTB
Martxa antolatu duen Sare herri-plataformaren arabera, gaur arratsaldeko ekimenak "ziklo berri bat" abiaraziko du. Hala, eragile politikoek kartzela-zigorra aldatzeko beste urrats bat eman behar dutela uste dute.
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak goizean azpimarratu duenez, Bilboko manifestazioa ekimen "anitza" da, eta ez ezker abertzalearen ekitaldi bat; eta horren adierazletzat "ideologia politiko askotariko" hamahiru pertsona izan dira pankartari eusten: Joseba Azkarraga eta Bego Atxa (Sare); Juan Mari Olano eta Mertxe Galdos preso ohiak; Gentzane Callejo, larriki gaixorik dagoen Jagoba Codo presoaren senidea; Alice Leiciaguezahar (Bagoaz); Alaia Martin eta Unai Iturriaga bertsolariak; Xabier Morras margolaria; Ramon Zallo EHUko Komunikazio katedraduna; Elisabete Bizkarralegorra abokatua; Edurne Brouard, GALek hildako Santi Brouarden alaba; eta Rosa Rodero, ETAk hildako Joseba Goikoetxearen alarguna.
Halaber, manifestariek hatz erakuslea luzatuta eta gainerakoak itxita zituen esku bat irudikatzen zuen milaka kartel eraman dituzte, eta bertan "Salatzen dut" irakur zitekeen.
Euskal presoen aldeko manifestazioa Bilbon. Argazkia: EiTB
Urte berriaren hasierarekin batera urtero egiten den manifestazioan EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdietako (Sortu, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatiba) ordezkariak egon dira. Horiekin batera Ahal Duguko idazkari nagusia den Nagua Alba ere bertan izan da, baina bere kabuz, alderdia ordezkatu gabe. Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuko idazkari nagusiek ere martxa babesten izan dira, ERC eta CUPeko zenbait kiderekin batera.
Horrela, Maddalen Iriartek, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, manifestazioari ekin aurretik egindako adierazpenetan azaldu duenez, "gaur protagonismoa hona etorri diren gizon-emakumeek dute, guztiek ozen esango baitute giza-eskubide guztiak aldarrikatzen dituztela, horien artean presoen dauden gizon-emakumeenak ere".
Horrez gain, mobilizazioan parte hartu ez dutenei zuzendu zaie eta ariketa bat egiteko eskatu die: "begiratu diezaietela gaur hona etorritako familiartekoei begietara eta esan diezaietela zergatik egin behar dituzten astero-astero milaka kilometro eta zergatik jaso behar duten haiek ere zigor hori. Horregatik etorri da gaur EH Bildu manifestazio honetara".
Bere aldetik, Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaileak EAJri eta Eusko Jaurlaritzari manifestazioan parte hartu ez izana aurpegiratu die. Bere aburuz, manifestazioarekin bat egin izan balute, dispertsioaren amaiera "hurbilago legoke". Horrez gain, sinetsita agertu da "herriaren eta erakundeen inplikazioarekin, Euskal Herriak bakea eta presorik eta errefuxiaturik gabeko etorkizuna" ezagutuko duela.
BIDEOA: Hainbat ordezkari politikok eta sindikalek manifestazioaren aurretik egindako adierazpenak.
"Urte erabakigarria"
Bizkaiko hiriburuko kale esanguratsuenetako batzuetatik pasatu osten, Bilboko udaletxe aurrean amaitu da manifestazioa. Bertan, Nerea Alias eta Andoni Aizpuruk adierazpen bat irakurri dute euskaraz zein gaztelaniaz. Adierazpen horretan herritarrei eskatu diete "Madrilen eta Parisen zein Espainiako eta Frantziako espetxeetan" euren buruak entzunaraz, sentiaraz eta ikusaraz ditzatela. "Jakitera eta entzutera eman nahi dugu, gaur, orain, une honetan bertan, euskal presoen eskubideak urratzen ari direla", azaldu dute.
Saretik "aurtengoa urte erabakigarria izatea" espero dute, eta, gaineratu dutenez, "euskal gizarteak presoen eskubideen errespetua eskatzen du eta gatazkaren konponbidearen aldeko urratsak eman daitezela".
Bestalde, gaurkoa aldarrikapen horiek egiteko antolatuko duten azken manifestazioa izateko esperantza azaldu dute; izan ere, beren xedea da "2017a konponbidearen eta bakearen urtea izatea".
Horren aurrean, "politikan oinarritu beharrean mendekuan oinarritutako jarrerak" dituzten pertsonak salatu dituzte, eta, aldi berean, "preso guztiak Euskal Herrira itzuli arte aurrerapausoak ematen jarraituko dutela nabarmendu dute.
BIDEOA: Manifestazio amaierako adierazpenaren irakurketa.
Zure interesekoa izan daiteke
GOIDIa ikertzen duen epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu du Mazon
Horrez gainera, "bere borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.
Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko
Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EHUk iragarritako protokoloa “labur" geratzen dela “mehatxu-jarrerei” aurre egiteko
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak jarrera horien ardura duten taldeak ez aipatzea aurpegiratu dio Errektoretzari, eta IAS aipatu du.
Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"
EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.
Pradalesek eta Sanchezek Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertuko dituzte
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa izango dira landuko dituzten beste gai batzuk. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko batzordearen laugarren bilera egingo dute ostiralean Moncloan.
Andaluziak 2026ko maiatzaren 17an egingo ditu hauteskunde autonomikoak
Juanma Moreno presidenteak hilabete aurreratu ditu hauteskundeak; izan ere, legegintzaldia ekainean amaitzea aurreikusita zegoen.
Pradalesek ausardiaz jokatzeko garaia dela esan die euskal enpresei
Irango gerrak Euskadiko ekonomian izango duen eraginaz kezkatuta agertu da lehendakaria, ULMA enpresara egin duen bisitan. Onartu egin du hurrengo asteak eta hilabeteak ez direla errazak izango, baina nabarmendu du Europako berrindustrializazioari ekarpen handia egin diezaioketela euskal enpresek.
PPk zer erabaki jakin arte, Gobernua Juntsen menpe egongo da Irango gerraren ondorioak arintzeko beherapen fiskalen dekretua aurrera ateratzeko
Podemosek adierazi du ez duela neurri sortaren aurka egingo, baina uste du ezin duela aldeko botorik eman, beherapen fiskalak ezartzea "prezioen igoerari aurre egiteko bidea" ez delakoan. Hala, abstenitu egingo dela jakinarazi du.
Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu UPNk eta PPk Korrikaren aurka aurkeztutako bi adierazpen instituzional
Taldeen bozeramaileek agerian utzi dituzte euren arteko desadostasunak, euskararen aldeko lasterketan ETAko presoen argazkiak erakustearen eta Korrikaren beraren inguruan.